Euskararen tokia, Scene nationale egitarauan: «Auzi sakona da»
Kultura Ministerio frantsesak ematen duen labelaren pean, Hego Akitania eskualdeko Scene nationale-k heldu den sasoiko egitaraua aurkeztu du. Aurten ere euskarazko antzerkiak hartuko duen espazioa, frantsesekoaren aldean, hutsaren hurrengoa izanen da: bakarra, 25eko zerrenda batean, Axut! eta Artedramaren «Nor naizen baneki».

Kexa ez da berria. Ipar Euskal Herriko lau herritan jarduten duen kultur erakundeak (Angelu, Baiona, Bokale eta Donibane Lohizune) biziki gutxitan eskaintzen ditu euskarazko lanak. Obra bakarra ageri da euskaraz 2025-2026ko denboraldian, argitara eman du Mediabask-ek. Sasoi berria ez da salbuespena. Damien Godet zuzendariak irailaren 2an egitaraua ezagutzera eman zuen, eta, honetan ikus daitekeenez, antzezleak emanaldi bakar batean ariko dira euskaraz.
Bakarra da ‘‘antzerkia’’ kategorian ageri diren 25 lanen artean. Hala ere, iazko egoerarekin alderaturik, aitzinamendutzat jo daiteke, ez baitzen euskarazko antzezlanik eskaini (2023-2024 denboraldian, ikusgarri bat aurkeztua izan zen, espainiera, euskara eta ingelesa nahasten zituena). Aurten Axut! eta Artedrama kolektiboak oholtza gainean izanen dira Baionako Michel Portal antzokian, ‘‘Nor naizen baneki’’ obra berriarekin, azaroaren 13an eta 14an.
ESKAINTZA URRIA
Ikusgarritasun faltak Ander Lipusen haserrea piztu zuen duela hilabete guti. Hain zuzen, 2025eko otsailaren 27an, ‘‘Mediabask’’-en orrietan antzerkigile bizkaitarrak salatu zuen Ipar Euskal Herriko programatzaileen «euskarazko sorkuntzekiko interes falta osoa», eta gaineratu ez direla arduratzen «beren auzoek, euskaldunek, egiten dutenaz».
«Auzi sakona da eta lanean ari gara», baieztatu du, bestalde, Damien Godetek, Hego Akitania Eskualdeko Scene nationale-ko zuzendariak. 2019an kargura heldu zenetik, arazo nagusia euskarazko eskaintza urria dela azaldu du.
«Euskaraz lanean ari diren konpainia guti dira, bederen alde honetan [Iparraldean]. Beste aldean gehiago dira, baina anitzetan beste estetika batzuetan aritzen dira, eta ez dira beti gure programazioak proposatu edo sostenga ditzakeen moldeetara egokitzen», esan du. «Testuen idazketaren auzia ere bada. Antzerkian euskarazko idazketa garaikide guti da, eta hori ere, gure ustez, landu beharreko gaia da. Era berean, klasikoen edo errepertorioko testuen egokitzapen guti egiten dira euskarara», adierazi du.
PRESTAKUNTZA
Argudio horiek bere lekuan aitzinetik zenaren diskurtsoarekin bat egiten dute. Dominique Burucoa euskarazko ikuskizunek «kalitate falta» zutela erratera ere iritsi zen; gero, berriz, ñabardurak gehitu zizkion adierazpen hari, 2017an emandako elkarrizketa batean. Orduan, zuzendari ohiak adierazi zuen ez zuela «material nahikorik euskarazko sorkuntzekin soilik programazio aberatsa osatzeko». Horri loturik, egungo zuzendaritzak «euskarazko aktoreen prestakuntza sustatzeko laguntza» lantzen ari dela gaineratu du. «Konturatu gara ezin dugula kalkatu gure pentsamolde ‘‘metropolitanoa’’ euskaraz», jarraitu du Godetek. «Euskarazko antzerkia ez da bizi, ezta lantzen ere, Frantziako antzerki eskoletan erakusten denaren gisan. Hemen, praktika amateurrak du pisua. Horregatik, iruditzen zaigu hori dugula lantzeko, hori da gogoetatu beharrekoa: profesionalekin lan egiteko usaia duen egitura gisa, nola lagundu ditzakegu amateurrek bultzatutako ekimenak, etorkizunean lanbidetzat aktore izatera heldu ahal izateko?».
«HIZKUNTZA ANIZTASUNA»
Bidea luzea izanen dela eta baliabideak eskatuko dituela aitortu du Godetek, eta gaur egungo joerek ez dutela hori errazten.
Anartean, euskaldun eta euskaltzaleak Donibane Lohizuneko hitzorduarekin kontsolatu beharko dira, 2026ko martxoaren 14an Xiberoa Kantuz Loraturik taldearen eta Maylis Raynal eta Manon Irigoyenek osatutako Lurodei bikotearen kontzertua aurreikusia baita Tanka aretoan.
Hitzordu hori ‘‘Les Cosmophonies’’ izeneko ekimenaren barnean kokatzen da, «hizkuntza eta kultura anizta- sunari eskainitako denbora berria». Hain zuzen, bost ikuskizun eskainiko ditu, eta horietan entzun ahalko dira, besteak beste, desagertzear dagoen poitevin hizkuntza, edota gaur egun 8 milioi pertsonak hitz egiten duten kitxua, arriskuan dagoen hizkuntza gisa sailkatua.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
