GARA
DONOSTIA

Lurdes Iriondo sortzaile aitzindariarentzat izango da Gipuzkoako Urrezko Domina

Duela 20 urte hil zen Lurdes Iriondo kantari eta irakasle urnietarrari 2025eko Urrezko Domina emango dio Gipuzkoako Aldundiak. Aitorpen ekitaldia abenduan egingo dute familiarekin eta ingurukoekin. Aldez aurretik, Iriondo protagonista izango da Zinemaldian, «Lurdes Iriondo. Ez gera alferrik pasako» estreinatuko baitute.

Lurdes Iriondoren omenezko erakusketa, 2006an, Urnietan.
Lurdes Iriondoren omenezko erakusketa, 2006an, Urnietan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Gipuzkoako Urrezko Domina Lurdes Iriondo Mujikari (Donostia, 1937-Urnieta, 2005) emango dio aurten Gipuzkoako Aldundiak, haren heriotzaren 20. urteurrenean. Ekitaldia abenduan egingo da, eta omenaldi «hunkigarria eta berezia» izango dela aurreratu zuten, omenduaren familiarekin eta gertukoekin elkarlanean prestatzen ari direna. Erakundeak ematen duen hilondoko bigarren Urrezko Domina izango da hau, 2008an Mikel Laboari eman ondoren.

Irune Berasaluze bozeramaileak nabarmendu zuen errekonozimendu honen bidez Iriondok euskal kantagintzan eta haur literaturan egindako «ekarpen aitzindaria» aitortuko dela, eta baita «garaiko estereotipoak eta oztopoak gaindituz emakume sortzaileak euskal kulturaren erdigunean kokatzeko izan zuen adorea ere».

Lurdes Iriondo kantagile, idazle eta irakaslea izan zen, eta Ez Dok Amairu talde abangoardistako sortzaile eta kideetako bat. Mugimendu horrek euskal kantagintza eraldatu eta euskal kulturaren susperraldian eragin handia izan zuen. Haren ahotsak eta irudiak -plazaren erdian emakume kantari bat, gitarra lagun zuela- arrasto sakona utzi zuen belaunaldi batzuetan.

«Bere ibilbidea aitzindaria izan zen berdintasunaren ikuspegitik ere, emakume sortzaileak plazaren erdigunean kokatzeko ausardia eta gaitasuna izan baitzuen, gizarte hertsi batean», adierazi zuen Berasaluzek. «Bere abestietan euskaltzaletasuna, herrigintza, kritika soziala eta politikoa, nahiz espiritualtasuna uztartu zituen eta, horrela, ondoren etorri diren emakume musikari eta kulturgileentzat bidea urratu zuen».

Gogora ekarri zuenez, Iriondok ekarpen oparo eta aitzindaria egin zuen haur literaturan ere, eta hainbat aditu eta jakitunen esanetan, mugarria izan zen euskararen transmisioa belaunaldi berrietara zabaltzeko ahaleginean.

«Gipuzkoak omenaldia egingo dio Lurdes Iriondori zor diogun guztiagatik, emakume sortzaile gisa urratutako bideagatik, eta justiziaz haren izena eta ondarea gure lurraldearen historian idatzita gera daitezen», amaitu zuen.

Abenduan egingo den ekitaldi batean egingo zaio aitortza Lurdes Iriondori, baina aldez aurretik, ostiral honetan, irailak 19, abiatuko den Donostiako Zinemaldian ere omenaldia egingo zaio, ‘‘Lurdes Iriondo. Ez gera alferrik pasako’’ dokumentalaren estreinaldiarekin. Inge Mendiorozek zuzendutako lan hau jaialdian estreinatuko da. Lana honela aurkeztu zuten sinopsian: «Garai bateko zuri-beltzezko argazkietan izoztua gelditu den abeslari gaztea. Kapsulatua. Enkuadre baten barruan harrapatua, haren ahotsa diskoetan bezala. Ahaztuta, nonbait, ikuspuntua hautatu egiten dela. Ahaztuta, abeslaria izateaz gain, euskal kulturaren transmisioan ezinbesteko erreferentzia ere badela Lurdes Iriondo. Transmisioan haurrak ezinbestekoak zirela ulertu zuen, eta haientzat liburuak eta antzerkiak idatzi zituen».