Sotera hauspotuta eta emakumezkoen lehia ikusgarria jasoko du Portugaletek
Santurtzik, gizonezkoetan, eta Donostiarrak, emakumezkoetan, lehen kolpea eman zuten Bermeon, play-offeko aurreneko jardunaldian. Eusko Label ligarako lehenbiziko harria jarri du Soterak, baina Euskotren ligarako kontuak estuago daude.

Itsasoa bihurri zegoen atzo Bermeon, nahasita. Hego haizea erabat aldatu zen arratsalderako, eta horrek, noski, itsasoan bere isla eduki zuen. Play-off batzuetarako osagai ederra, pena erlojupekoa izatea. Dena dela, gatza eta piperra izan zituen atzoko estropadak, batez ere emakumezkoetan. Donostiarrak eman zuen lehen kolpea, garaipena eta bost puntu batuta, baina aldeak eta sentsazioak ez ziren izan aurkari zuzenenak baino askoz hobeak; San Juan bi segundora sartu zen, eta Zarautz, laura. Honenbestez, pronostiko guztiek esaten dute hiru euskal taldeen artean banatuko dela Euskotren Ligarako falta den txartela.
Galiziako ontzietan, Chapela eta Tiran, espektatiba asko jarrita zeuden, baina atzean geratu ziren, bai puntuz eta bai sentsazioz. Chapelak bi puntu batu zituen, eta Tiranek, bat. Esan liteke igoerako lehiaz kanpo geratu direla.
SANTURTZI, NAGUSI
Gizonezkoetan bi albiste nabarmendu behar dira: Soterak piztu zuen ilusioa eta Kaikuren gainbehera. Santurtzik, KAE1 ligako txapeldunak, aurkariak txikitu zituen. Chapela, bigarrena izan zena, zortzi segundora sartu zen, eta Arkote, Juan Carlos Gernika beteranoa patroitzan zuela, hirugarrena izan zen hamabost segundora.
Soterak gogor ekin zion estropadari, erritmo bortitzean, urtean jarritako helburuari begietara begira. Lehen ziabogarako bere nagusitasuna islatu zuen, Chapela eta Arkote baino lau segundo azkarrago arituta. Estropadak ez zuen misterio handirik eduki: Santurtzi, une oro denbora onena markatzen; eta Arkote eta Chapela, bigarren postuan zein kokatuko. Galiziarrek, hala ere, bigarren ziabogarako luzean ondo estutu zituzten hortzak eta Soterarekiko distantziak mantentzea lortu zuten, plentziarren kalterako. Bukaerako luzean, akiduraren akiduraz, erritmoa geldoagoa markatu zuten, eta amaieran Santurtzik baino zortzi segundo gehiago behar izan zituzten.
ORIOREN MARKA
Oriok, bestalde, errekor berria ezarri zuen Bermeoko uretan. Hain zuzen ere, “Bou Bizkaiak” iaz ezarritako marka hautsi du aurten Oriok, Iker Zabalaren eskutik, hamabosgarren bandera astinduta.
Ohorezko txandan ez zuen kontrariorik izan, Zierbena hamaika segundora utzita. Azkenean Getaria sartu zen tartean, denboraldi honetan bigarren aldiz bigarren postua erdietsita.
Gaur bukatuko da Eusko Label liga Portugaleten eta, play-offeko estropadaz gain, erakargarri bakarra edukiko du lehiak: ea Oriok non jartzen duen langa, ea iristen den hamaseigarrenera, aidanez.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
