Gaizka IZAGIRRE
MAMLAKET AL-QASAB (LA TARTA DEL PRESIDENTE)

Sinpletasunaren mozorroa

Buda az sharm foru rikht”(espainieraz “Buda explotó por vergüenza”) edota “Turtles Can Fly” (“Las tortugas también vuelan”) errealitate gogorretan sustraitutako filmak dira, baina, haurren ikuspegitik kontatzen direnez, haien gainean samurtasun laino arin bat zabaltzen da, gogortasunaren erdian arnasgune bihurtzen dena. Pelikula horiek amaierara heltzean direnean, ordea, samurtasun hori itzali egiten da, eta kolpe bortitz eta hunkigarri bihurtzen dira.

“The President’s Cake” film irakiarra multzo horretan sar daiteke. Komedia eta drama nahasten ditu, naturalismoaren zuztarretatik abiatu eta fabularen lurraldean barna ibiltzen da. Sinpletasunaren mozorroa darabil, baina azaldu nahi duena sinplea izatetik urrun dago. Lamia bederatzi urteko neska baten begiradatik kontatuta dago eta Saddam Husseinen urtebetetze egunaren aurreko bi egunetan girotzen da, 1990eko Iraken. Merkatuetan apenas aurki daiteke janaririk, gosea nagusi da. Eskolako zozketa batean Lamiari tarta bat eramatea egokitu zaio. Ez du ez osagairik ez dirurik, baina tarta derrigorrez eraman behar du, bestela ondorio latzei aurre egin beharko die.

Narrazioaren ardatza osagaien bilketa izango da; baina bilaketa hori aitzakia besterik ez da herriaren miseriak agerian uzteko. Kamera Lamiaren ikuspuntuan kokatuko da eta ikuslea, kale estu, errepide hautsi eta teilatuetan barna, haren bidelagun bihurtuko da.

Paisaien eta giroaren indar bisualak, elementu sinbolikoek eta alderdi emozionalek ehuntzen duten oreka harrigarriro eraginkorra da.

Argazkilaritzaren lana eta girotzea nabarmenak dira: irudiek, egunerokotasun xumeenetik abiatuta, atmosfera zapaltzaile eta estu bat eraiki dute. Hala, istorio sinplea dirudiena, duintasunaren eta erresistentziaren metafora indartsu bihurtu da.