Martxelo DIAZ
IRUÑEA

40. urteurrenean, Mikel Zabalza gogoratzeko ekimen ibiltaria

Mikel Zabalza bahitu, torturatu eta hil zutenetik 40 urte beteko dira azaroaren 26an eta, horren oroimenez, autobus ibiltari bat Euskal Herriko zenbait tokitara helduko da, gertatuaren aitortza izan baden arren oraindik gauza asko jakiteko daudela aldarrikatzeko.

Mikel Zabalza bahitu, torturatu eta hil zutenetik 40 urte igaro direla gogoratzeko ekimena aurkeztu zuten, atzo, Iruñean.
Mikel Zabalza bahitu, torturatu eta hil zutenetik 40 urte igaro direla gogoratzeko ekimena aurkeztu zuten, atzo, Iruñean. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Aurten, azaroaren 26an, berrogei urte beteko dira Guardia Zibilak Mikel Zabalza atxilotu, torturatu eta hil zuenetik. Egun horren kari, Altzako, Aezkoako eta Bortzirietako herri ekimenek, DBuseko langileek, Euskal Herriko Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak “Mikel Zabalza 40 urte gogoan” egitasmoa prestatu dute.

Horrela, azaroaren 26tik abenduaren 14ra bitartean, Zabalza desagertu zen egunetik Bidasoa ibaian agerrarazi zuten egunera arte, autobus batek Euskal Herriaren parte bat zeharkatuko du, Orbaizeta, Iruñea, Bortziriak, Altza eta Donostia lotuz. Zabalza auziaren nondik norakoak ezagutarazteko, autobusean erakusketa bat jarriko dute.

Tokian-tokian zenbait ekintza antolatuko dira, eta abenduaren 14an Donostian ekitaldi nagusia egingo dute.

Antolatzaileen izenean Ainhoa Buenok eta Metxe Gonzalezek azaldu zutenez, egitasmoaren oinarria «egun gauden tokira ekarri gaituen eta etenik ez duen memoriaren haria» da. Gogoratu zuten 40 urteren buruan Lakuako eta Nafarroako gobernuek Mikel Zabalza Estatuaren indarkeriaren biktima gisa aitortu dutela. «Beti aldarrikatu ditugun egia, justizia, eta erreparaziorako bidean urrats garrantzitsuak egin dira. Hala ere, aitortza instituzional horiek ez dute kontakizun osoa azaleratu: zer gertatu zehazki, non, nork, nola... Erantzunen bila goaz», adierazi zuten.

AUTOBUS GIDARIA

Memoriaren hariari tiraka, oroitu zuten Mikel Zabalza Donostiako autobus publikoetako gidaria zela 1985ean Guardia Zibilak atxiki, torturatu eta hil zuenean. «Gertakariak, eztabaida politikoaren erdigunean, mobilizazio sozial erraldoia eragin zuen Euskal Herrian, manifestazio jendetsu andana eta greba orokor bat egiteraino. Mikel desagertua egon zen hogei egunetan izandako protesta horien artean, bere lankideek egindako protesta ikonikoa izan zen. ‘Hemen ez dago gidaririk, non dago?’ zioen Donostiako udaletxeraino eraman zuten autobusetik zintzilikatutako pankartak»; hala azaldu zuten egitasmoan autobusak izango duen esanahia.

«Belaunaldiz belaunaldi mantendu dugu bizirik Mikelen memoria. Hari horren bidez dugu gaur ere gogoan; eta datozen belaunaldiengana luzatzeko konpromisoan berresten gara. Egia eta justiziaren bidean, Euskal Herrian milaka lagun torturatuk indar polizialen eskuetan pairaturikoa ahanzturaren zakuan galdu ez dadin eta halakorik beste inori gertatuko ez zaiola berma dezagun», aldarrikatu zuten Iruñean atzo egin zuten aurkezpenean.