Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek hiru eguneko greba hasi dute
Gipuzkoako adinekoen egoitzetako eta eguneko zentroetako langileen lehenengo greba egunean, ELA sindikatuak salatu zuen sektoreko behargin publikoen eta azpikontratatuen artean 10.000 eurotik gorako soldata arrakala dagoela. Manifestazio jendetsua egin zuten Donostian, eta gaur herrialdeko beste herri batzuetara hedatuko dira.

Ekainean mobilizatzeari ekin zioten Gipuzkoako adinekoen egoitzetako eta eguneko zentroetako beharginek. Egoera irauli ezinda, sektoreko langileek irailerako deitutako lehen greba eguna izan zuten atzo. Hori dela eta, manifestazio jendetsua egin zuten Donostiako Gipuzkoa Plazatik abiatuta, Foru Aldundiari eskatzeko «langileen artean dagoen soldata arrakala konpontzeko eta lan jardun osoko kontratuak ezartzeko».
ELAk salatu zuen Gipuzkoako erresidentzietako langile publikoen eta azpikontratatuen artean 10.000 euro baino gehiagoko soldata arrakala dagoela. Sindikatu horrek aztertutako datuen arabera, egun sektorean langile gehien biltzen dituen erizain laguntzaileen kasuan, %25eko soldata arrakala dago lan berdina egiten duten erizain laguntzaile publiko edo azpikontratatuen artean. Guztira, 10.000 euro baino gehiagokoa, sindikatuaren arabera.
Horrez gain, «arrakala bikoitza» jasaten dutela aditzera eman zuen: «Arrakala hori are handiagoa da langileen ia erdien kasuan, kontratu partziala izateagatik desberdintasun nabarmenagoa baita». ELAren arabera, «kontratazioa ere aldatzea gakoa da horretarako». Eta honakoa nabarmendu nahi izan zuen: «Azpikontratazioa eta partzialtasuna dira soldata arrakalaren aldagai nagusiak».
«Gogora dezagun 5.000 bat langile biltzen dituen sektore honetan, partzialtasuna %45ekoa dela eta azpikontratazioa %93koa. Kontuan izanda langile gehienak emakumeak direla, genero arrakalan txapelduna da sektorea, langileen ia erdiak borondatezkoak ez diren kontratu partzialak izaki», ohartarazi zuten ELAko ordezkariek.
BESTE BI GREBA EGUN
Gipuzkoako zaharren egoitzetako eta eguneko zentroetako langileek beste bi greba egun egingo dituzte, gaur eta bihar, hitzarmenaren negoziazioen harira.
Hori dela eta, gaur grebako mobilizazioak hiriburutik eskualdeetara hedatuko dira. Adibidez, Ordizian 11.30ean elkarretaratzea egingo dute Foruen Pasealekuan. Eta 10:45ean Irungo Gurutze Gorriko erresidentzian egingo dute aurreneko kontzentrazioa.
Greba deialdiari amaiera emateko, bihar, “Zaintzaldia” egingo dute Donostiako Katalunia plazan. Bertan, “Gipuzkoako Erresidentziak borrokan” film laburra estreinatu eta sari banaketa egingo dute, alfonbra morea eta guzti.
PENTSIODUNEN BABESA
Duintasuna Gipuzkoako Erretiratu eta Pentsiodunen Elkarteak babes osoa eman zien egoitzetako langileei.
«Adinekoen zaintzak ezin du jarraitu erosotasun instituzionala eta enpresa onura egoiliarren eta profesionalen duintasunaren aurretik jartzen dituzten erabaki politikoen mende. Batzuek aberastasuna pilatzen dute eta beste batzuek enplegu prekarioekin irauten dute, baina benetan sufritzen dutenak gure adinekoak dira», adierazi zuen.

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
