GARA
UZTARITZE

Bidarten hasiko den Xilaba 24 bertsolariz dator azaroaren 8an

Xilabaren zazpigarren edizioa azaroaren 8an Bidarten hasi eta urtarrilaren 31n Donibane Lohizunen bukatuko da. Denera, 24 bertsolarik kantatuko dute eta, orain arte ez bezala, horietako bost sailkatuko dira Euskal Herriko Bertsolari Txapelketara.

Atzo Uztaritzen eginiko aurkezpen ekitaldia.
Atzo Uztaritzen eginiko aurkezpen ekitaldia. (Guillaume FAUVEAU)

Azaroaren 8an Bidarten hasi eta urtarrilaren 31n Donibane Lohizunen bukatuko da Xilabaren zazpigarren aldia, Ipar Euskal Herriko herrialde guztietatik iragan ondoren.

24 bertsolariren parte hartzea izanen du. Aldaketarekin dator aurtengoa; izan ere, orain arte hiru bertsolari sailkatzen baziren Euskal Herriko Bertso Txapelketara, aurrerantzean bost izanen dira. «Parte hartzaileen artean neskak dira bederatzi, 2021ean baino bi gehiago», nabarmendu dute. «Oraindik bide luzea gelditzen da arlo horretan, baina emeki-emeki aitzina goaz». Adinari dagokionez, 19 urte ditu gazteenak eta 54 ditu zaharrenak. «Belaunaldikoartekotasunaren Xilaba da», adierazi dute.

«BIDEEK BIDE»

Txapelketak hautaturiko leloak, “Bideek bide”, urratutako ibilbideari aipamen eginen dio. Era berean, Xilabaren irudia eraikitzeko ardura bere gain hartu du Marga Berra Zubietak.

Bertsularien Lagunak elkartearen helburua bertsolaritza eta bertsoaren inguruan den oro laguntzea da, «izan haur-gazte eta besteri irakatsiz, izan bertso saioak sustatuz edo izan bertsoaren ekosistema osoa lagunduz».

Proiektu osoaren erakusleiho bezala ulertzen du Bertsularien Lagunak elkarteak Xilaba. «Haren xedea bertsolaritzari eta, bide beretik, bertsolariei ikusgarritasuna ematea da, bertsolari berriak oholtzara ekarriz, eta jadanik hor zirenak bertso plazan finkatuz. Ipar Euskal Herriko bertsolaritza markatu, markatzen duten eta markatuko duten bertsolarien erakusleihoetatik bat izateko da Xilaba. Horretan leku handia dute bertsozaleek ere. Haiendako ere antolatzen da Xilaba, haiek gabe ez baita bertsolaritzarik», esan zuten.

AMETS ARZALLUSEK UKO

Xilaba txapelketaren aurreko edizioa 2021ean jokatu zen. Pandemiak eragindako testuinguru berezian jokatu zen txapelketaren finalean Amets Arzallusek jantzi zuen txapela. Aurten ez zuela parte hartuko baieztatu zuen bertsolari hendaiarrak “Hitzetik hortzera” ETB1-eko saioari eginiko adierazpenetan.

Atzoko agerraldian baieztatu zuten beste modu batean ekarpena eginen diola Xilabari. Iragan Xilabako txapeldunak Bertsulariek Ellkarteak aurkezturiko “Liburuxkaren sar hitza” idatzi baitu. «Bertsolaritzaren parte izateko molde desberdinak dauden bezala, hartara bide desberdinetatik iristen gara. Gaur egungo bertso eskola klasikotik betiko lagunarteko giroko bertso eskolara eta tartean dauden zeharbideak kontuan hartuz, erran dezakegu Xilabaren ibilbidea bidexka desberdinez osatua dela. Abiapuntu hori eman genion iragan Xilabako txapelduna den eta txapelketa honetan kantuan izanen ez den Amets Arzallusi gure liburuxkaren sar hitza idazteko. Ongi adierazi du zer garen, izan ere Xanti Iparragirrerekin lehen bertso eskolen bidea urratu genuen. Harekin ireki genuen lehen bidexka, eta bide desberdinez sortu dugu Xilaba. Ideia horretatik abiatuz, deliberatu genuen txapelketari lema bat ezartzea. Bideek bidea. Eta hori eman genion Marga Berra Zubietari, Xilabaren irudia sortu eta txapelketaren nortasun grafikoa eraikitzeko. Irudiak bertsolaritzaren bidea osatzen duten bide desberdinak irudikatzea du xede. Horregatik ekai desberdinez eginiko ‘bidez’ osatu du eskuz, gero euskarri digital eta paperera ekartzeko», azaldu zuten aurkezpenean.

Gai emaile eta epaile taldeak, antolakuntza taldeak eta lagunduko duten boluntarioen lana txalotu zituzten atzo Uztaritzeko aurkezpen ekitaldian. «Haiek gabe ez da Xilabarik», esan zuten.

Sarrerak web orrian (bertsosarrerak.eus/sarrerak) eta lekuan berean erosi ahalko dira. Txapelketa jarraitzeko, www.bertsozale.eus, instagram, facebook eta bluesky.