Azaroaren 15ean Palestinarekin, «izaera solidarioa» duen lehia
Denbora luzean martxan jarritako lanek fruitua eman dute eta San Mamesen neurtuko dituzte indarrak Euskal Selekzioak eta Palestinak, «bakearen bozgorailu» izan nahi duen neurketa batean. Gernikako Bakearen Museoan aurkeztuko da dema, bihar.

Orain dela bi aste aurreratutakoa baieztatu zen atzo eta, hala, Euskal Futbol Selekzioak Palestinaren aurka jokatuko du San Mamesen azaroaren 15ean. Euskadiko Futbol Federazioak «izaera solidarioa izango duen nazioarteko partida» konfirmatu zuen prentsa ohar baten bidez, norgehiagokak «bakearen bozgorailu» izan nahi duela azpimarratuz.
Partidaren nondik norakoak bihar, 11.30ean, bi federazioen arteko hitzarmena sinatu eta partida ofizialki aurkeztu ostean jakingo dira Gernikako Bakearen Museoan, Palestinako Futbol Federazioarekin batera.
Modu honetan, Jibril Rajoub Palestinako Futbol Federazioko presidenteak, Susan Shalabi Palestinako Futbol Federazioko presidenteordeak eta Yaser Hamed palestinar jatorriko jokalari euskaldunak, Iker Goñi Euskadiko Futbol Federazioko presidentearekin batera, emango dituzte Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko norgehiagokaren gaineko xehetasunak.
«Futbolak elkartasunerako bozgorailu gisa balio dezakeela eta hala izan behar duela sinetsita, Euskadiko Futbol Federazioa eta Palestinako Futbol Federazioa, bakea defendatzeko eta eskatzeko helburuarekin, partida antolatzeko akordiora iritsi gara», zioen prentsa oharrak.
PRESIDENTE BERRIAREN LEHENENGO PARTIDA
Euskal futbol selekzioak 2024ko martxoan jokatu zuen azkenengo aldiz, Uruguaiko selekzioaren aurka. Iker Goñi buru duen Euskadiko Futbol Federazioak indar berria eman nahi zion selekzioari eta mezu hori ahotan hartuta iritsi zen Goñi Federazioko presidentetzara joan den ekainean.
Ondorioz, presidente berria buru dela lehenengo partida jokatuko du Euskal Selekzioak, Palestinarekin neurketa hau prestatzeko lan egin eta gero.
Zein jokalarik parte hartuko duen ikuskizun dago; baita hautatzailea zein izango den ere. 2024an Jagoba Arrasatek bete zuen erantzukizun hori, artean Osasunako entrenatzaile zela; orain Mallorca taldearen aulkian dago.
Leioan jaiotako eta Palestinako selekzioko jokalari Yaser Hamed-entzat egun ahaztezina izango da. «Sekula ez dugu amore emango eta indartsuago jaikiko gara, palestinarrok ohi dugun moduan», esan zuen 2026ko Munduko Txapelketatik at geratu ostean.
Israel kanporatzeko prozesurik ez
“The Guardian” egunkariak bezperan iragarritakoa betez, FIFAk eta UEFAk Israel nazioarteko futbol txapelketetatik kanporatzeari buruz atzo egitekoa zen eztabaida «alboratuta» geratu da, Donald Trumpek Gazarako proposatutako “bake plana” aitzakia hartuta. Israel baztertzeko presioa gero eta handiagoa den arren, azkenean eztabaida atzeratu egin da, aipatutako “bake planaren” emaitzen zain.
Asteazkenean Amnesty Internationalek (AI) futbol erakunde nagusiei eskatu zien zigor dezatela «Israelgo Futbol Federazioa, Palestinako lurralde okupatuan legez kanpoko kokalekuetan egoitza ezarri duten klubek bertan jokatzeari utzi arte».
«800 kirolari, jokalari eta kirol-funtzionario baino gehiago daude Israelgo indarrek nahita hil dituzten 65.000 pertsona baino gehiagoren artean, suntsiketa orokorra, desplazamendu behartua eta zibilen gosetea eragin duen kanpaina horretan», esan zuen Agnes Callamard AIko idazkari nagusiak.
Alta, Trumpen «Plan integrala» dela eta, Israelen balizko bazterketa ez zen atzoko eguneko puntuetan sartu; hala dio “El País” egunkari espainiarrak.
Luzamendu honek ez du saihesten Israel lehiaketetatik kanporatzeko presioa gero eta handiagoa izatea. “The Athletic” atariak 50 kirolarik (futbolariak, entrenatzaileak eta boxeolariak barne) sinatutako gutun baten berri eman zuen asteazkenean. UEFAri Israel nazioarteko lehiaketetatik kanporatzeko eskatzen zioten, Gazako genozidioagatik.
«Kirola ezin da neutrala izan bidegabekerien aurrean», zioten. A. G.

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado
