Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
I FOUGHT THE LAW

Ama nekaezin baten borroka

Gizonak beldur dira emakumeek barre egingo ote dieten; emakumeak beldur dira gizonek hilko ote dituzten” esaldia irakur daiteke Margaret Atwood-en “The Handmaid’s Tale” (“El cuento de la criada”, espainieraz) ezagunaren pasarte batean. «Esaldi bera errepikatzen du “I Fought the Law” (“Contra la ley”, espainieraz) telesaileko protagonistak azken atalean; hitz horiek ongi laburbiltzen dute telesailaren esentzia.

Lau atalez osaturiko telesail laburrak Ann Ming-en benetako istorioa kontatzen du: 1989an, Billinghamen, (Ingalaterra) Julie Hoggek hogei urteko alaba galdu zuen, gizonezko batek modu basatian hil zuelako.

Erruduna nor zen argi zegoen arren, Poliziaren eta sistema judizial osoaren akats, axolagabetasun eta zabarkeriaren erruz hiltzailea aske geratu zen. Amak 17 urte eman zituen alabaren hilketagatik justizia lortu nahian.

Protagonistaren rola Sheridan Smith aktoreak jokatzen du. Berak darama telesailaren pisu ia osoa, eta antzezpen hunkigarri bezain boteretsuarekin bihotzera heltzen da.

Telesailak, formalki, ez du aparteko apustu zinematografikorik egiten, nahiko arrunta da alde horretatik, baina aldi berean hori da bere indarra. Britainia Handiko telesailen ohiko ‘‘sinpletasun’’ artistikoaren ildotik, egituraz badu literatur kutsua eta estetika oso neurritsua, baina bikainki betetzen du bere funtzioa.

Emakume indartsu baten borroka politiko, sozial eta etikoa erakusten du telesailak. Istorioak agerian uzten du, oso zaila den arren, pertsona arrunt batek iritzi publikoa astindu dezakeela, eta epaitegien, parlamentuen zein hedabideen itsaso zurrunetan nabigatzeko gaitasuna izan dezakeela.