Aurten ere neguko ordutegira egokitu beharko dugu
Urriko azken asteburuan erlojuak ordubete atzeratu beharko ditugu berriro. Europako Parlamentuak zalantzan jarri zuen energia aurrezteko neurri horren eraginkortasuna eta 2021ean bertan behera uztea ebatzi zuen, baina inork ez du erabakia aurrera eraman, herrialdeen artean ez dagoelako adostasunik.

Urriaren 25etik 26rako gauean, goizaldeko 3:00etan 2:00ak izango dira. Telefono mugikor, ordenagailu eta erloju adimenduetan aldaketa automatikoki gauzatuko da, baina betiko erlojuetan (analogiko zein digital), eskuz egin beharko da aldaketa.
Baina, zein da ordu aldaketaren arrazoia? Eguzkiaren orduak hobeto aprobetxatu eta, ondorioz, energia aurrezteko neurria da eta lehen aldiz Amerikar Estatu Batuek jarri zuten martxan Munduko Lehen Gerratean. Hala ere, gerratea pasa ondoren, neurria bertan behera geratu zen eta ez zen izan 1974ko udaberrira arte berriro berreskuratu zela, espainiar Estatuan behintzat. Petrolioaren lehen krisialdia zen eta hainbat herrialdek Lehen Gerrateko neurria berreskuratzea erabaki zuten.
Harrez geroztik, bost hamarkada luzez, urtero-urtero egin izan dira bi aldaketak, udaberrikoa eta udazkenekoa, eta 1981 urteaz geroztik derrigorrezkoa bihurtu da Europako herrialdeetan. Aldaketak martxoko eta urriko azken asteburuetan egitea behartu zen.
Neurri honek balio al du energia aurrezteko? Azken urteetan gero eta gehiago dira ordu aldaketa alferrikakoa dela aldarrikatzen duten ahotsak eta erakunde ofizialak ere zalantzan jartzen hasiak dira neurri hori, kontuan hartuta gainera herrialde bakoitzean modu desberdinean eragiten duela. Espainiar Estatuaren kasuan, Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuaren (IDAE) arabera, energia aurrezteko aukera %5 ingurukoa da, hau da, 350 milioi euro inguru. Kopuru horretatik, 100 milioi inguru etxeko kontsumoari dagozkio (7 euro etxe bakoitzeko), eta gainerakoa, industriari edo zerbitzu-eraikinetako argiztapenari.
Bestalde, Europako Parlamentuko txosten baten arabera, urtaroen araberako ordu-aldaketek aurrezkiak sor ditzaketen arren, oso txikiak dira eta ez dago bermatuta herrialde guztiek etekinak lortuko dituztenik. Txostenaren arabera, argiztapenean energia aurreztu daitekeen arren, ez dago argi gauza bera gertatzen den berogailuarekin, horren kontsumoa handitu ere egin daiteke eta.
Gainera, emaitzak interpretatzea ez da erraza. Izan ere, azken urteetan argiztapen eta klimatizazio sistemetan indarrean jarri diren energia-eraginkortasunaren eskakizun berriek, baita autokontsumo sistemen zabalkundeak ere, guztiz aldatu dituzte datu horiek kalkulatzeko hasieran erabiltzen ziren parametroak.
Noiz arte iraungo du ordutegi-aldaketak? Europako Batasuna 2018an hasi zen ordu-aldaketei amaiera ematea aztertzen eta urte horretan inkesta zabal bat egin zuen herritarren artean. Guztira 4,6 milioi pertsonak hartu zuen parte eta hamarretik zortzi baino gehiago (%84) ordutegi-aldaketei amaiera ematearen alde agertu zen. Erantzun hori ikusirik, europear Parlamentuak, 2019ko martxoan hartutako erabakian, neurria bertan behera uztea erabaki zuen eta 2021. urtea ezarri zuen epemuga bezala.
Hala eta guztiz ere, aldaketak bertan behera utzi baino lehen herrialde bakoitzak udako ordutegia edo negukoa nahiago duen erabaki beharko du, eta ondoren proposamen bateratu bat eraman Europako Batasunera. Baina badirudi akordioa ez dela erraza izango, hegoaldeko herrialdeek eta iparraldekoek ez baitute iritzi bera.
Une honetan eztabaida geldirik dago eta badirudi horrela jarraituko duela 2027ra arte behintzat. Urte horretan, Lituaniak Europar Batasuneko Kontseiluko lehendakaritza hartuko du bere gain eta gaia birplanteatzeko asmoa iragarri du. Baltikoko herrialde horretako iturriek adierazi dutenez, Vilnaren asmoa gaia berriz ere mahai gainean jartzea da, gutxienez eztabaida suspertu dadin. Hala eta guztiz ere, ezinezkoa da jakitea blokeko herrialde guztiak noiz egongo diren ados ordu-aldaketa behin betiko albo batera uzteko.
udazkeneko aldaketa, udaberrikoa baino gogorragoa
Urtean zehar egiten diren bi ordu-aldaketek ez dute eragin berdina herritarrengan. Orohar, jendeak gustura hartzen du martxoko aldaketa, batezere ordubete gehitzen diolako arratsaldeari eta horrek nolabaiteko efektu psikologiko positiboa izan lezake, nahiz eta goizean ordubete beranduago argitu.
Urriko aldaketa, ordea, gogorragoa izaten da gehiengoarentzat, ordubete lehenago iluntzen duelako eta horrek neguan sartzen ari garela gogorarazten digulako.
Pertzepzio hori agerian geratzen da espainiar Estatuko CIS erakundeak 2023an egindako azterlanean. Bertan, herritarren %66k dio nahiago duela udako ordutegia eta %23,9k negukoa. Beste %7,3 batek berdin zaiola dio.
Pertzepzioak alde batera utzita, ikerketa medikuek diote udaberriko zein udazkeneko ordutegi-aldaketek eragina izan dezaketela erritmo zirkadianoetan eta pertsonen osasunean. Izan ere, argi-ordu berrietara egokitzeko, gure gorputzak «jet-lag» moduko bat jasaten du eta, horren ondorioz, ordu-aldaketaren hurrengo asteko loaren kalitatea okerragoa izan ohi da.
Okerrago lo egiten dugu, eta, horren ondorioz, suminkorrago gaude, errendimendu kognitibo txikiagoa dugu eta laneko produktibitatea murriztu egiten da. Hala ere, ondorio horiek aldi baterakoak izaten dira, eta pertsona gehienak egun gutxitan egokitzen dira.
Hori bai, Stanfordeko Unibertsitateak berriki argitaratu duen ikerketa batek ordu-aldaketaren ondorio kaltegarriak jarri ditu berriro agerian eta AEBk neguko ordutegiari eutsiko balio iktus eta obesitate gutxiago egongo liratekeela adierazi du. Zehazki, urtean 300.000 istripu zerebrobaskular gutxiago eta 2,6 milioi pertsona gutxiago obesitatearekin.
Ikerketa horren arabera, udako ordutegira mugagabe egokitzea ere positiboa izango litzateke, baina eragin txikiagoa izango luke iktusaren eta gehiegizko pisuaren murrizketan. Modu batera edo bestera, ikertzaileek ondorioztatu dutenez, erabakirik okerrena ordu aldaketekin jarraitzea litzateke. J.S.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
