Gaizka IZAGIRRE
Zinema kritikaria

Azken kapitulua

Sei denboraldi arrakastatsuren eta unibertsoa zabaldu zuten bi filmen ondoren, ‘‘Downton Abbey’’-k agur esango du behin betiko. Zinemetan estreinatuko den filmak itxiko du familia aristokratiko britainiar enblematiko horren istorioa.

“Downton Abbey”-renak kasu berezia dirudien arren, ez da inondik inora bakarra. “Firefly” (2002-2003) telesaila, adibide: seriea bertan behera geratu zen, baina Joss Whedonek zinemetan ixteko aukera izan zuen “Serenity” (2005) filmarekin. “Deadwood” (2004-2006), “Entourage” (2004-2011) eta “Veronica Mars” (2004-2007) telesail ezagunen istorioak ere pantaila handian agurtu genituen.

Badira kasu hibrido xelebre batzuk ere: behin betiko itxierak ez diren arren, tarteko film baten bidez jarraitzen dute, eta ondoren pantaila txikian amaitzen dira. Ezagunenak “The X-Files”, “Sex and the City” eta “Breaking Bad” dira. Hirurek izan dituzte film luzeak, baina amaiera definitiboa telebistan aurkitu dute.

Urte luzez ikusi dugun telesail bat amaitzea une gazi-gozoa izan daiteke ikusleentzat, baina zenbaitetan istorioarekin jarraitzea erabakitzen dute sortzaileek, eta, horregatik, film batekin amaitzen diren telesailak topatzen ditugu. Pelikula horiek, sarri, opari modukoak dira: aukera bat tramaren hari solteak ixteko, pertsonaia kutunen itzulerarekin berriz topo egiteko eta zale leialen bihotzak behar bezala agurtzeko.