Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
KARMELE

Maitasuna eta erbestea

Txomin Letamendi eta Karmele Urrestiren historia gogorra da, eta “Karmele” filma bera ere bide horretan barneratzen da. Neurri batean, euskaldunon oroimen kolektiboa berreskuratzeko ariketa bilakatzen da Asier Altunaren pelikula.

1936ko gerran Karmele Urresti (Jones Laspiur) erizain gaztearen familiak Ondarroatik Estatu frantsesera alde egin zuen itsasontzian. Bertan, Parisen erbesteratutako beste euskal gazte batzuk ezagutu zituen Urrestik, tartean, Txomin Letamendi (Eneko Sagardoy) jazz musikari eta militantea. Bigarren Mundu Gerra hasi berri, Venezuelara joan ziren biak, naziengandik ihesi, eta gero, Euskal Herrira bueltatu ziren, hiru seme-alabekin.

Laspiurren eta Sagardoyren lana, baita gainerako aktoreena ere, filmari eusten dion ardatz sendoena da.

Alderdi teknikoan badago zer nabarmendu: artea, dekoratuen xehetasuna, jantziak, argazkia, soinu banda... Nabaria da garai eta giro jakin bat berreraikitzeko egindako ahalegin nekaezina; horrek, zalantzarik gabe, dotoreziaz hornitzen du filma. Hala ere, gorabeherak antzematen dira: zenbait unetan agertoki eta kokalekuek artifizialtasun kutsua dute eta horrek sinesgarritasuna lausotzen du. Euskal Herritik kanpoko eszenetan nabariagoa da hutsune hori.

Filmak denbora tarte zabal eta askotarikoa hartzen du bere baitan, eta hori islatzeko eszenatoki anitz baliatzen ditu. Denboraren jauziak eta testuinguru zehatzak ongi txertatuta daude, baina zenbait unetan narrazioa gehiegi zatitzen da, eta pasarte batzuei sakontasuna falta zaie.

Ez du une gogoangarri berezirik eskaintzen ere, baina hala eta guztiz, oso film polita da: drama historiko hunkigarria.