Merezimenduen Dekretuko bi artikulu baliogabetu dituzte
ELAk eta Steilasek iragarri dute Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Merezimenduen Dekretua partzialki baliogabetu duela, euskararen puntuazioari mugak jartzen zizkiola-eta, ingeles, frantses edo alemanari murrizketarik jartzen ez dien bitartean.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetzat jo ditu administrazio publikoetan lanpostuak eskuratu eta betetzeko merezimenduen balorazioa arautzen duen 97/2024 Foru Dekretuko bi artikulu, «euskararen balorazioari muga jartzen diolako, ingeles, frantses eta alemanaren balorazioari inolako mugarik jartzen ez zien bitartean».
ELAren Iruñeko egoitzan atzo eginiko prentsaurrekoan sindikatuko kide Izai Bujandak eta Steilaseko Ramon Lopezek azaldu zutenez, auzitegiaren erabakia ez da irmoa eta Nafarroako Gobernuak helegitea aurkez dezake espainiar Auzitegi Gorenean.
Hala ere, sindikatuek Maria Chiviteren Exekutiboari eskatu zioten «euskara errespetatzen duen» eta herrialdeko lanpostu publiko guztietan euskara merezimendu gisa puntuatzen duen Foru Dekretu berria egiteko.
Inpugnatutako dekretuko 4.1 eta 4.2 artikuluak dira Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak baliogabetu dituenak, Osasunbideko oposizio lehiaketetan eta lekualdatze prozesuetan merezimenduak arautzen zituztenak.
ELAk eta Steilasek dekretu osoaren kontra egin dute, baina aipatutako bi artikulu horiek soilik baliogabetu ditu Nafarroako Auzitegiak. Sindikatu eta eragile askok kritikatu dute 97/2024 dekretua, euskararentzat atzerakoia dela argudiatuz. Araudia epai judizialetara egokitzeko aitzakian, Gobernuak muga zorrotzak ezarri zizkion euskararen balorazioari eremu euskaldun eta mistoetan, eta baliorik ez zion ematen ez-euskaldunean.
Atzerriko hizkuntzek, aldiz, hala nola ingelesak edo frantsesak lurralde osoan puntuatu dute. Sindikatuek diote, erabaki honekin, atzerriko hizkuntza horiek ezingo direla baloratu euskararen gainetik baina euskara mespretxatzen duten arauaren beste atalek indarrean jarraitzen dutela.
«HIZKUNTZA POLITIKA ALDATU»
Auzitegiaren epaiak Merezimenduen Dekretua «guztiz murriztailea dela eta euskara gutxiesten duela» erakusten du, ELAk eta Steilasen iritziz. Hala, Nafarroako Gobernuari «hizkuntza politika aldatzeko» eskatu zioten.
Sindikatuon ustez, PSNk «euskararen aurkako jarrera inposatzen du», nahiz eta 11 parlamentari besterik ez izan. Horregatik, Exekutiboko kide diren Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeei «eta Gobernua babesten duen EH Bilduri» eskatu diete «bestelako hizkuntza politika baten alde egiteko, euskara Nafarroa osoan eta lanpostu guztietan, gutxienez, merezimendutzat hartzeko».
Ildo horretan, ELA eta Steilaseko kideek oroitu zuten Gobernu espainolak eta Nafarroako Parlamentuak berak eskatu dutela euskara hizkuntza ofizial izatea Europar Batasunean. «Hortaz, ez da ulertzen euskararen lurraldean, Nafarroan, euskarari hainbeste traba paratzea eta euskaldunen hizkuntza eskubideak etengabe urratzea».
Horregatik, 1986ko Euskararen Legea gainditu behar dela esan zuten, «eskubide urraketari babes juridikoa ematen dion araudia delako». «Euskarak ofiziala izan behar du Nafarroa guztian, inongo apartheidik gabe», adierazi zuten Bujandak eta Lopezek.
Nafarroako Auzitegiaren epaiak sortuko duen hutsune juridikoaren aurrean, administrazioko postuetan euskara merezimendu gisa tratatzea exijitu zuten eta, horretarako, «euskara errespetatzen duen» dekretua.

«Unea da kulturgintzan sortutako kontraesanei aterabide bat emateko»
Es sencillo: siempre queremos que gane nuestro equipo, y en todo caso un vasco
17 de marzo, huelga general

«Intentaremos acercar el Consistorio a la ciudadanía todo lo que podamos»
