AMAIA UGARTE
DONOSTIA

Eguneroko gabezietan haztaka aritu da Eider Rodriguez ipuin liburu berrian

Sei ipuinez osatutako «Dena zulo bera zen» ondu du Eider Rodriguezek, bakoitza bere «mundu eta atmosfera» propioarekin. Beren egunerokotasuna «thriller» baten moduan kontatzen saiatu da, «normaltasun nahiaren azpian ezkutatzen den ezinegona» azaleratuz. Duela zortzi urte argitaratu zuen aurreko narrazio liburua, «Bihotz handiegia». Bertako bi pertsonaia, Ixabel eta Iñaki, «errekuperatu» ditu, denborak nola zeharkatu dituen ikusteko.

Eider Rodriguezek «Dena zulo bera zen» ipuin liburua aurkeztu zuen atzo.
Eider Rodriguezek «Dena zulo bera zen» ipuin liburua aurkeztu zuen atzo. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Donostian atzo egin zuen aurkezpenean Eider Rodriguezek aitortu zuen gogoa zuela fikziora eta ipuinetara itzultzeko, hor aurkitzen baitu umetatik bilatzen duena: «Literaturaren indar eraldatzailea eta sorkuntzaren intentsitatea».

Leire Lopez Ziluaga Susako editoreak nabarmendu zuenez, Rodriguezek «mundu bat» eraiki du ipuin bakoitzean, «ia nobela batek bezainbeste xehetasun biltzen dituen mundu bat». Idazleak berak azaldu zuen kontakizun bakoitzak gabezia batekin zerikusia duela eta gabezia horren bueltan «jaiotzen, gertatzen eta hiltzen» direla, «fantasmak bizi eta elkartzen diren zulo horren inguruan».

«Ziurtasun batzuk, asko, galdu diren garaian» kokatu ditu ipuinok. «Mundu osoan gertatu den zerbait da, ‘zertidunbreak’ desagertu egin dira, baina Euskal Herrian galera hauek forma jakin batzuk hartu dituzte: nekearekin eta noraezarekin zer egin; mina eta haserrea nora jaurti; ilusioa, fedea, nori eman ez dakiten pertsonaz inguratuta bizi gara», eta gauza bera gertatzen zaie ipuinotako pertsonaiei. Bere ustez, pertsonaia horiek beste geografia batean «diferenteak lirateke».

Rodriguezek «zulotxoaren ertzetan haztaka» jarri ditu ipuinotako protagonistak, «gabezia horretan xerka, batzuk lotsati, beste batzuk lotsagabe». Bilaketa horretan «zerbait aurkituko dute edo zerbaiten bristada: berotasun apur bat, errebelazio tonto bat, zorion izpi bat, indar alimaleko bat...». Pertsonaietan sakonduz, esan zuen ez direla «gauza handi eta ikusgarrien zale, miniaturazkoak baitira, miniaturazko bizitzak dituzte, miniaturazko herri batean eta miniaturazko hizkuntza daukate». Haien eguneroko errutinan aurkeztu ditu -«egunero jaikitzen dira eta munduari zerbait emanez oheratzen»-, eta beren «handitasuna eta misterioa» horretan datzala erantsi zuen. Izan ere, idazlearentzat «misterio handia» da jendea nola dabilen egunero «mundu honi tiraka, arrastaka bada ere». «Gogor pentsatzen badut, ez dut ulertzen nola garen gai inperioari eusteko», egin zuen gogoeta.

Horregatik, pertsonaien egunerokoa «thriller baten moduan» kontatzen ahalegindu da, «normaltasun nahiaren azpian ezkutatzen den ezinegona» azaleratuz. «Gehienek ez dakite zer desio duten, zerk ematen dien beldur, eta hori jakin gabe segitzen dute egunero aurrera, hutsik egin gabe, belar artifizialezko alfonbra erraldoi honen pean usteltze egoeran dagoen mundu bati loturik», hausnartu zuen. Fikzioan topatzen du istorioak kontatzeko behar duen «lurra» eta ipuinak dira «egiaren ingurumarian egon ohi den tentsiora hurbiltzeko nik daukadan tresnarik zorrotzena. Pertsonaietako batek dioen bezala, niri egia interesatzen zait. Batzuek filosofia daukate, beste batzuek zientzia, historia, psikologia, erlijioa... nik ipuinak».