Palestinarrek ez dute gure aholkurik behar
Ez da Gazaren inguruko su-eten batez idazten dudan lehen aldia. Bistan da halako su-etenek bizitza laburra dutela, tamalez. Baditugu arrazoiak pentsatzeko, bide beretik, oraingoa ez dela luze biziko. Baina ikusi, ikusi ditut Gazako irudiak, umeen poza, helduen irria... noiz eta katastrofearen erdian, non eta txikitutako lurralde batean! Hortaz, nire buruari galdetu diot nor naizen ni haiei egia non dagoen erakusteko. Su-etena onartu behar zuten ala ez esateko, alegia: genozidioari nola aurre egin behar dioten aholkatzeko, finean.
Badaude asko, alta, gogoeta hau partekatu ez eta palestinarrei zer egin behar duten esaten ausartu direnak. Eta nago Mendebaldeko ezkerraren DNAko tarte makurrenak adierazten direla portaera hauen bidez. Mendebaldea ez da munduaren erdigunea, eta, gainera, gero eta argiago dago munduak ez duela erdigunerik behar, aniztasunaren kudeaketa on bat baizik. Noizbait erdigunerik egon bada, konkista, kolonizazio, barbarizazio eta genozidioei esker izan da, inork ez baitu menperatutako periferia izatea aukeratzen. Ezkerrak, eta bereziki Mendebaldeko ezkerrak hautsi egin behar du, errotik hautsi ere, taupada kolonialista horrekin. Nekez egiten ahal zaio aurre sionismoari kolonialismoaren sakoneko arrazionalitatetik, antropologiatik -ponposoago esanda−, ezkerreko diskurtsoak erabilita bada ere.
Jende asko atera da bazter guzietan kalera genozidio sionistaren kontra. Planeta mailako erantzuna da, itxaropena piztu duena etsipen eta inpotentzia garaiotan. Ezkerrak badu zer egin, beste mundu baten zerumuga eraiki eta indartzea ezinbestekoa delako. Baina nekez lortuko du zibilizazioa/basakeria eskemari segituz, zeinean Mendebaldeko ezkertiarrek uste baitute badakitela, gazatarrek baino, nola aurre egin genozidio sionistari. Palestinarrek ez dute gure aholkurik behar, gure elkartasuna eta gure errespetua baizik. Eta horretarako premiazkoa da irentsitako eurozentrismoa gainditzea.
_22.11.33.png)
«Gure euskaldun izaeran kulturak duen garrantziaz ez gara kontziente»

Vecinos y vecinas reclaman respuestas a unos políticos que no aparecen

Lakuak Euskalteli buruz: «Herri proiektu baten kontrola galdu zen»

«El conflicto en Irlanda es una herida profunda que no se cura con tiritas»
