Arnaitz GORRITI
LAU ETA ERDIKO TXAPELKETA 2025

Jokin Altunak kontrakantxako bidetik atera du final laurdenetako puntua

Lehenengo erdian Jon Ander Peñak aldea ateratzeko aukera izan zuen, baina zenbait errematetan kale egin zuen. Eta 9nako berdinketaz geroztik, behetik gora egin zuen Jokin Altunak askoz gehiago asmatu zuen eta maisuki nagusitu zen azkenean.

Jokin Altuna, pozarren, partidan zehar behetik gora egin eta irabazi ondoren.
Jokin Altuna, pozarren, partidan zehar behetik gora egin eta irabazi ondoren. (Endika PORTILLO | FOKU)

Kontrakantxako bidean erabaki zen Jokin Altunaren alde, Jon Ander Peñarekin final laurdenetako ligaxkan atzo jokatu zuten aurreneko deman. «Opari dezente egin ditugu, nik batez ere», onartu zuen Peña II.ak, zabaleko arrastoaz harago joan zitzaizkion jokaldietan bereziki. Altuna III.a, berriz, partidako hasiera partean abduktoreetako arazoen kezkarekin jokatzen aritu bazen ere, neurketak aurrera egin ahala gero eta erosoago sentitu zen eta, Peñaren akatsak lagun, maisuki nagusitu zen 22-13.

9nako berdinketaren ostean, Amezketakoak 6-0ko partziala lortu zuen. Peña 15-12 hurbildu bazen ere, Altunak ez zion partidari buelta emateko aukerarik eman.

Aurreneko sakea Altunari egokitu zitzaion, eta Amezketakoak bikain baliatu zuen aukera. Hasteko kolpe biziarekin eta presarik gabe, ez zuen askorik behar izan markagailua bere alde jartzeko. Lehenengo hiru tantoetan Peña II.a defentsa lanetara mugatuta aritu zen, baina, bere zorionerako, tantoa mendean hartzea lortu duen lehen aldian asmatu zuen Altunari tantoa sartzen. Hori bai, partida hasi zenerako dirua harrika, 100-30en aurka, Altunaren alde baldin bazen, 3-1ekoarekin, artekariak isilik.

Piztu ziren horiek ere, Tolosako aurrelariak ez baitzuen asko behar izan tanto boladari segida emateko. Ezkerrez zabalean moztutako erremateei esker, berdinketa berehala lortu zuen, eta Altunaren aurreneko akatsaren ostean aurretik ere jarri zen pilotari urdina.

Lau eta erditik sakea ateratzeak ez zion arriskua murriztu Peña II.ari. Tolosarrak pilota bizi erabili zuen, baina, jakina, Altunari ezin zaio tanto bolada bakarrean irabazi, eta bistan geratu zen erasoko ekimena hartzen zuen harena izango zela neurketa ere. Alde horretatik, Peña oso oldarkor azaldu zen, baita defentsako lanetan aritu zelarik ere. Hala, 5nako tantoa Altunaren alde erori zen, Peñaren kontraerasoa kanpora joan zelako, baina hurrengoan tolosarrak ez zuen akatsik egin. Batera zein bestera erori, aurreneko tantoetako Altunaren erauntsiaren ondoren, partidari bikain heldu zion Peñak ere.

Aldea hartzea kostatu egin zitzaien pilotari biei aurreneko erdian. Peña 5-7 aurreratu bazen, Altunak akordatzerako berdindu zuen eta, bi hormako jokaldiei esker, aurretik berehala jarri zen Amezketakoa.

Hala ere, harrokeriarik ez, 9-7 aurreratu ondoren 9na berdindu baitzuen Peñak, nahiz eta hurrengo tantoan horma bikoa kontrakantxara joan zitzaion. Hain zuzen, neurketako aurreneko atsedenaldi luzera Altuna aurretik iristea zentimetro gutxi batzuen kontua izan zen; hau da, Peñaren erremate pare bat kanpora joan zirela eta Altunarenak, aldiz, barruan errenditu zirela. 3-0koaz geroztik, inoizko alderik zabalena atera zuen Altunak, 12-9, Peñari kanpora ihes egin zion enegarren pilotakadaren ondotik.

IDEIAK ARGI

Atsedenaldiak mesede egin zion Altunari, itxura denez. Partidako aurreneko tantoetan baino «beroago» eta ideiak garbi zituela, pilotakada gutxi behar izan zituen Amezketakoak lehenengo aldiz alde serio bat lortzeko. Hain serioa, ezen 14-9ko tantoa amaitzeaz bat Jon Ander Peñak partida etetea eskatu behar izan baitzuen.

Peñak, arriskatu beharraren beharraz, kale ere errazago egin zuen, nahiz eta 15-12raino hurbildu. Nekeak apur bat erasanda agian, Altunari erraztasunak ematen hasi zitzaion Peña eta, orduan Amezketakoak ez zuen barkatu. Tolosako aurrelaria 15-12 hurbildu eta gero, handik pilotakada gutxi batzuen ondoren, 18-12raino alde egin zuen Altunak, partidako azken atsedenaldi luzearen ostean partidako azken zatiari ekiteko gertu.

Altuna ia zuzenean joan zen 22raino, eta ez zuen askoz gehiago sufritu behar izan. Txokoan Jon Ander Peñak 21-13koa egin bazuen ere, kontrakantxako bidetik joan zitzaion azken pilotakadaren ondotik amaitu zen norgehiagoka, nola bestela.

Multzo honetako beste partida Zabalak eta Bakaikoak jokatuko dute gaur Lekunberrin.