Joxe Azurmendiren «Hitz berdeak», ehundik gora kulturgileren ahotsez
«Auzolan ederrean», Azurmendiren olerkiak errezitatu eta grabatu dituzte 102 kulturgilek. Ekimenaren bultzatzaileetakoa den Jose Luis Otamendik azaldu digunez, «miresmenez eta kariño handiz» egin dute, olerki horiei euskal poesian eta Azurmendiren obran bertan oihartzuna emateko. «Dominazio baten testigantza eta dimentsio sozial oso kritiko eta askatzailea» jasotzen da, eta aurrerantzean entzungai ere izango dira.

«Jendea entzuten da / nire poesian, / jende pobre bat», zioen Joxe Azurmendik ‘‘Hitz berdeak’’ liburuan, 1971. urtean. Hantxe agertzen dira «izuan galdurik» zeuden gudariak, ama, nekazariak, umeak, meatzariak, «anaiak», koblakariak, zaharrak... finean, «euskal herria», askotan hizki xehez idatzia.
Bada, hartu, eman eta buelta, aurrerantzean Azurmendiren poesia jendearen ahotsez entzuteko aukera ere izango da. Izan ere, Susa argitaletxeak bultzatuta, 102 idazle, kazetari, abeslari eta bertsolarik ‘‘Hitz berdeak’’ liburuko 140 olerkiak errezitatu eta grabatu dituzte. Ana Galarraga, Harkaitz Cano, Anari Alberdi, Mikel Antza, Miren Amuriza... Hauek ere nahi baino pobreagoak izango dira, beharbada, baina denen artean zerrenda aberatsa osatzen dute.
Audioliburua urriaren 1ean sareratu zuten armiarma.eus webgunean; Azurmendi hil zela hiru hilabete betetzen ziren egunean, hain justu. Datozen egunetan NAIZ Irratian ere zabalduko dira olerkiak.
AUZOLANEAN
Ekimenaren nondik norakoak ezagutzeko asmoz, Jose Luis Otamendi idazle eta poetarekin egon gara. Hark azaldutakoaren arabera, ideia 2021ean sortu zen: «‘‘Hitz berdeak’’ argitaratu zela 50 urte bete zirenean, Susa inguruan hitz egiten hasi ginen. Poema batzuk behintzat grabatzeko eta artxibo digitalean txertatzeko abagune aproposa izan zitekeela iruditu zitzaigun». Gutxi batzuk jaso omen zituzten, baina horretan geratu zen, denboraz justu samar zebiltzalako.
Joxe Azurmendi hildakoan, baina, «har hori» berriz piztu eta ekimena berrartu zuten. Segituan elkar berotu omen zuten: «Ez genuen asko behar, ze maila horretako liburu bat Azurmendiren produkzio erraldoi horren barruan ertz edo baztertxo batean geratzen ote zen inpresioa geneukan. Gure mailan horri oihartzun txiki bat emateko ahalegin bat egin nahi genuen».
Horrela, ingurukoei deialdia zabaltzen hasi ziren. Hasiera batean 35-40 lagunera iristeko asmoa zuten, baina, azpeitiarraren esanetan, erantzuna «ikaragarria» izan da: «Uztail erdialdean martxan jarri genuen eta bizpahiru astera itxi egin behar izan genuen, geure eskuetatik joan ez zekigun. Hori, deialdi publiko zabalik ez zela egin». Otamendirentzat, «pentsatzekoa da Joxe bezalako figura handi batekiko miresmenak izango zuela pisurik handiena. Eta, nola ez, kariño seinale handi bat ere ikusi dugu jarrera horietan».
«Auzolan eder bat» oinarri, parte hartzaile bakoitzak olerki bat edo batzuk aukeratu zituen. ‘‘Manifestu atzeratua’’ olerki entzutetsuan salbu. Hor 53 pertsonen ahotsak tartekatu dituzte, «mosaiko eran». Otamendiren hitzetan, ez baita olerki bat gehiago: «‘‘Egan’’ aldizkarian atera zen aurrena, baina gero zentsurak galarazi zion besteekin batera ateratzea, eta halako linbo mitifikatu batean geratu zen. Baina nahi beste ezagutzeko aukera handirik gabe». Orain, irakurtzeko ez ezik, nahi bestetan entzuteko aukera izango da.
POETA
Azurmendik bere burua ez zuen poetatzat. Are, ez zuen horri buruz hitz egin nahi izaten, halakoek «atzera egiten» baitzien. Marka da gero, bere burua ez zuen filosofotzat ere: «filosofia zale eta irakasle bat» baino ez omen zen.
Autore ugarik azpimarratu duten eran, baina, filosofo oparoa ez ezik, punta-puntako poeta izan zen. Otamendiren esanetan, «XX. mendeko bigarren erdiko poesian mugarri nabarmena da Joxe Azurmendiren poesia. Irakinaldi horretan Azurmendiren burua oso aurrean eta goian ageri da». Sakontzen duenez, poesia berriaren zantzuak agerikoak dira haren hitzetan: «Fedea, maitasuna, herria… oso era gihartsuan azaltzen ditu, eta garairako esateko era oso modernoan. Ikaragarri ondo ezagutu zuen munduko -edo gutxienez Mendebaldeko- pentsamendua eta poesia, eta horrek badu isla».
Azpeitiarrak azaltzen duenez, Azurmendiren olerkigintza «dominazio baten testigantza ere bada, dimentsio sozial oso kritiko eta askatzailea duena». Estilo zirikatzaile horren bidez, «gure komunitateari galdera deserosoak egiten ari zaio etengabe». Existentzialismoaren eta beste hainbat iturriren eskutik, bertan «gizaki problematikoa» agertzen da, «ertz askokoa, etsitzeko jaierarik gabe, baina etengabeko egonezin eta asegaiztasun horrekin».
OBRAREN HAZIA
Posizio hori Azurmendiren obra osoan zehar-lerrokoa izan da. Alde horretatik, Otamendirentzat, olerki hauek «figura poliedriko handi horren barruan badute esangura berezi bat». Hor baitago gero urratu duen ibilbidearen «hazia»: «Azurmendiren pentsamenduaren zain nagusienak jada agerian daude. Nik uste, Alaitz Aizpuruk eta beste askok adierazi duten bezala, hemen daudela Joxe Azurmendiren gai nagusietako gehienak, gero bere pentsamenduan garatuko zituenak beste modu batera».
Azurmendik berak ere aitortu izan zuen olerki horien garrantzia: «Poesia nire formazioan oso presente egon da», zioen Lorea Agirrerekin 2016an izandako solasaldian. Pentsa, bertan azaltzen zuenez, horren bitartez hasi zen idazten, baita euskaraz trebatzen ere: «Ni idazten hasi, klasetik aparte esan nahi dut, neure gogoz, kuriosoa da baina espainolez hasi nintzen, eta frantsesez. Frantsesa irakurtzea asko gustatzen zitzaidan, aldizkariak eta horrelako gauzak; estudiatu ere frantsesez estudiatzen genuen. Eta 16-17 urterekin poesia eta nobela frantses asko irakurriak nituen. Hamahiru urte neuzkala, aita hil zen. Lehen poesietako bat, hain zuzen, aitaren heriotzaren inguruan izan zen, eta frantsesez idatzi nuen. Buelta asko eman nizkion horri. Gero hori espainolez idatzi nuen, eta ikasleen saritxo bat irabazi zuen. Eta geroago hori dena berriro landu nuen euskaraz. Orain euskaraz publikatuta dago». Hortaz, «nire euskarazko poesiara etortzea eta euskarara etortzea, elkarrekin joan direla» nabarmendu zuen.
Euskarara etorri ahala, beste hainbat auzitan ere murgildu zen. Horren lekuko, olerki horietan Azurmendiren gaztetako ezinegon eta ametsen mapa zabala jasotzen da: «Herri triste honen / seme ezin tristeago» gisa, gerraosteko ezinak; «fedegabe fraide» izateak zekarren krisia; «K.»-ri eskainitako amodiozko mezuak -nor ote zen?-; heriotzari eta bizi-zentzuari buruzko gogoetak («Hilgo naiz. Bai, hilgo zerate»); Europako bidaiak; Prometeo gisa ezaugarritzen zuen gizakiaren inguruko gogoetak... eta, jakina, «libertatez gosez», injustizien aurka egindako aldarri etengabea: «Pobreek lurrik balute / ta lurrak maitasunik, / ta esperantzarik zaharrek. Justizialik balitz / ta herriak sofritu ez, / gustora bai, / ixilduko ginake», zioen.
Mende erditik gora pasata, Joxe Azurmendi halabeharrez isildu behar izan da. Haren hitzek, baina, ahots, gorputz eta forma berriak hartzen jarraitzen dute.
AZURMENDIREN OMENEZ, INOIZKO «JAKIN» JENDETSUENA
Audioliburuaz gain, badira argitalpen berezi eta jendetsu gehiago. «Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi?» galdera pausatu zien ‘‘Jakin’’-ek 90 kulturgileri, eta horien erantzunak bildu ditu azken zenbakian, «aitortza eta omenaldi gisa eta, batez ere, haren bizitzak eta obrak daukan balioa arakatzeko ariketa kolektibo modura».
Bakoitzak beretik, «hurbilpen korala» egin dute: Azurmendirengana zuzenduz («Aho bete utzi nauk, eta bihotza ere gelditu egin zaidak», esaten dio Kepa Enbeitak), bizipenak partekatuz, haren pentsamendua aurkeztuz, irudiak marraztuz, bertsoz... Ezin bestela, horren aitzakian denek hamaika gairen inguruko hausnarketak plazaratu dituzte.
Alea biribiltzeko, ‘‘Herri eresia’’ deitu dioten atala apailatu dute, Azurmendiren heriotzaren bueltan jaso zituzten dolu, esker on eta maitasun mezuak bildurik. M.U.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
