Macronek «ardura» eskatu du Lecornuren bigarren saiakerari begira
Emmanuel Macron presidente frantsesak herrialdeko ordezkari politikoei Gobernua eta Parlamentua herriaren zerbitzura jartzeko eskatu die, gatazka eta espekulazioa saihestuz. Lehen ministroa programaren aurkezpena prestatzen ari da, Batzar Nazionalaren aurrean agertu eta PSren edota oposizioko beste alderdien babesa erdiesteko.

Emmanuel Macron presidente frantsesak herrialdeko indar politikoei eskatu die «nazioaren egonkortasunaren eta sendotasunaren» alde lan egin dezaten, bezperan Sebastien Lecornuren bigarren gobernuko kideen izenak ezagutzera eman ondoren.
«Frantziak helarazi behar duen mezua egonkortasuna eta indarra da [...]. Guztion betebeharra da helburu horren alde lan egitea, ez ezegonkortasuna areagotzea», adierazi zuen Macronek hedabide frantsesen aurrean, Egiptora iritsi berritan, Israelen eta Hamasen arteko bake akordioaren sinatze ekitaldian parte hartzeko.
«Erakundeen bermatzaile» gisa, Macronek nabarmendu zuen azken egunetan «gertaeren mailan egon ez diren adierazpen asko» egin direla, eta alderdi guztiei eskatu zien «zorrotz eta errespetuz lan egiteko, inoiz ahaztu gabe Gobernuaren eta Parlamentuaren eginkizuna herri frantsesari zerbitzatzea dela, haren eskakizunei erantzunez».
«Zatiketa eta espekulazioa elikatu dituztenak ez dira egon Frantziak bizi duen une historikoaren mailan», adierazi zuen Eliseoko maizterrak, herrialdeak bizi duen krisi politiko eta finantzarioari erreferentzia eginez.
Macronen esanetan, «François Bayrou zentsuratzea erabaki zuten indar politikoak (irailaren hasieran konfiantza mozioa galdu ostean kargutik erori zen) eta Sebastien Lecornu ezegonkortzen saiatu zirenak (duela astebete bere lehen gobernua aurkeztu eta 14 ordura dimisioa eman behar izan zuen) dira desordena politiko honen erantzule bakarrak».
SOSTENGU BILA
Lecornu bere gobernu programa aurkezteko prestatzen ari da Batzar Nazionalaren aurrean. Hitzaldia gaur arratsaldean egingo du, PSren babesaren bila; izan ere, bai Marine Le Penen eskuin muturrak, bai Jean-Luc Melenchonen ezkerrak ohartarazi dute zentsura mozio bana aurkeztuko dutela. «Ez naiz sektarioa. Garrantzitsuena Frantziaren interesa da, eta Frantziaren interesa Macronen joera arriskutsuak geldiaraztea da», esan du Jordan Bardellak, Rassemblement National (RN) alderdiaren presidenteak, Marine Le Penen alderdiak.
Hitzaldia Gobernuaren estreinako Ministroen Kontseiluaren ondoren egingo du. Lecornuren eginkizun nagusia 2026rako aurrekontuak onartzea izango da, izapide presazkoa epeak garaiz bete eta urtarrilaren 1ean indarrean sar daitezen, betiere Parlamentuak onartzen baditu.
Alde horretatik, aurreko taldearen izen batzuk mantendu ditu bigarren kabineterako, baina beste profil teknikoago eta ez hain politiko batzuk sartu ditu, polemikak saihesteko eta beste indar batzuetara irekitzen saiatzeko. Hala ere, praktikan ez du babes gehigarririk lortu Parlamentuaren barruan, beharrezko gehiengorik gabe segituz.
Behe Ganberako bi talde nagusiek -Rassemblement National-ek (RN) eta La France Insoumise-k (LFI)- dagoeneko iragarri dute zentsura mozio bana aurkeztuko dutela, eta ahalik azkarrena Sebastien Lecornuren gobernua erorarazteko asmoa dutela. Horrenbestez, lehen ministroaren geroa Alderdi Sozialistaren esku dago. Eta alderdi honek 2023ko pentsioen erreforma bertan behera uztea eskatzen du, erretiratzeko gutxieneko adina 62 urtetik 64ra igo eta kotizazio aldia 43 urtera luzatzen baitu. Gainera, galdegiten du Lecornuk uko egin diezaiola Konstituzioaren 49.3 artikulua erabiltzeari, neurri horixe onartzeko erabili zen mekanismoa baita.
Gaur arratsaldeko saioan nolabaiteko oreka aurki daitekeen arren, hilabeteak dira Estatu frantsesaren etorkizun politikoa kolokan dagoela.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
