«Su etena lehen pauso bat da; orain genozidioa gelditu behar da»
Palestinar jatorrikoak biak, Nadia Nemeh Shomaly eta Reem Dandan izan ziren NAIZ Irratian, urriaren 15eko lanuztearen karietara. Saioan Yaser Hamed futbolariaren adierazpenak ere jaso zituzten, zuzenean parte hartzeko aukerarik izan ez bazuen ere. 1948ko Nakbaren ondorioak bizirik daudela-eta, mobilizatzen jarraitzera deitu zuten.

Donald Trumpek diseinatu, Benjamin Netanyahuk onetsi eta, azkenean, Hamasek onartu duen bake proposamenak mundu osoko lerroburuak hartu ditu egunotan, momentuz indarrean dagoena su eten ahul bat eta planaren lehendabiziko fasea bakarrik bada ere. Hala ere, nazioarteko eragile gehienek euren iritzia eman eta egitasmoak egindako ekarpena nabarmendu nahi izan dute.
Mendebaldeak, herrialde arabiarrek, Europar Batasunak, NBEk eta Israelek berak Gaza eta Palestina osoko etorkizunean paper bat jokatu behar dutela aldarrikatzen dute. Denek izango dute zer esana, palestinar herriak berak izan ezik, Palestinako Aginte Nazionalari utz diezaioketen tartetxoa salbu. Urriaren 15erako deituta zegoen lanuzte egunari tiraka, horixe bera egin zuen NAIZ Irratiak: herritar palestinarrei hitza hartzeko parada eman; euskaraz, gainera.
Kanaria uharteetan jaioa, 1948an palestinarrak beren lurretatik kanporatu ostean sortutako anabasaren erdian Jordaniarantz alde egin behar izan zutenen ondorengoa da Reem Dandan. Beti ibili izan da palestinar herriaren aldeko ekintzailetzan, baita beste hamaika borrokatan ere. Familiaren gehiengoak sorterria atzean utzi behar izan bazuen ere, oraindik ere badu seniderik Nablusetik gertu dagoen Aqraban, eta beste pila bat Jordanian, palestinar errefuxiatu komunitaterik handiena duen herrialdean.
Gaur egun Bermeoko alkate da Nadia Nemeh Shomaly eta honek ere Zisjordanian ditu erroak, kasu honetan Ramallah eta Beit Jala inguruetan dauden Taybeh eta Beit Sahour herrixketan.
Bere gurasoek unibertsitate ikasketak egiteko sorterria utzi eta Euskal Herria etxe bihurtu zuten, baina euren arbasoen lurraldearekin kontaktua mantendu izan dute beti, Nemehk azaldu zuenez.
Dandanen esanetan, «oso kuriosoa da hau guztia, badirudi Palestinan gertatzen ari dena berria dela». Hala ere, onartu zuen azken urteetan egoerak nabarmen okerrera egin duela Palestinan: «Datuek diotena da Zisjordanian bertan lurraren lapurretarik handiena gertatu dela azken bi urteetan».
Izan ere, ekintzaileak gogora ekarri zuen britainiarren agindupean hasi eta 1948 Nakbarekin betikotu zen okupazio eta gatazkak bere horretan jarraitzen dutela eta ez dutela etenik izan ordutik, baita herri palestinarraren zapalkuntzak ere.
«Apartheid bat dagoela aipatzen dugunean, barruan dagoen legediari begiratzen badiogu, ikusiko dugu israeldarrak eta palestinarrak modu arrazistan ezberdintzen direla» azaldu zuen, Hegoafrikan jazotakoarekin paralelismoa eginez. Gaineratu zuenez, «[Palestinako] leku guztietan neurri batean edo bestean genozidioa martxan egon da hasieratik eta garbiketa etnikoa ere bai».
Israel Palestinan egiten ari dena azken 25 urteetan osatu den plana dela azaldu zuen Nemehk, baina aitortu zuen Netanyahu agintean dagoenetik zapalkuntza are latzagoa izan dela, «bikoiztu edo hirukoiztu» egin dela, alegia; «baina hori betidanik egon da». Horren adibide bikaina da kolonoak okupatzen joan diren lur kopurua, ez baita egun batetik bestera jazo.
«Apartheid hitza txiki geratu da», Bermeoko alkatearen hitzetan. «Nik pentsatzen dut hemendik urte batzuetara Gazan gertatu denarentzat beste berba bat sortuko dela», esan zuen Nemehk, herritarren presioa mantentzera deituz, seguru baitago eraginkorra izango dela.
MOBILIZAZIOAK ARNASGUNE
«Hau arnasgune bat da gazatarrentzat, nola ez. Baina ezin gara honekin gelditu», baieztatu zuen. Kezkatuta agertu zen sortu den elkartasun olatua ez ote den geldituko, eta borrokari eustera dei egin zuen: «Su etena lehen pauso bat da; orain genozidioa gelditu behar da».
Hamasek bahituta izan dituen israeldarrei buruz asko hitz egin da, azken egunotan bereziki, eta horren inguruan galdetuta, Nemehk argi utzi zuen Israelgo kartzeletan palestinar ugari dagoela, baita ume asko ere: «Adin txikikoak direla esaten dute, baina umeak dira».
Terminologiaz ere aritu ziren NAIZ Irratian. Izan ere, «bahitu» deitu izan diete israeldarrei, eta «preso» izendapena eman diete palestinarrei, nahiz eta epaiketarik gabe izan dituzten atxilo, horietako asko. Kartzelan bizi duten egoera «oso-oso gogorra» dela azpimarratu zuen Dandanek, eta bertan atxilotuek jasotzen dituzten zigorrak «imajinaezinak» direla.
Nemehen hitzetan, ez dira presoak, bahituak baizik. Izan ere, preso batek legeak markatutako minimo batzuk jarraiki betetzen du kartzelaldia. Ez da horrelakorik gertatzen, ordea, Israelek atxilo hartutako palestinarrekin.
DESHUMANIZATUAK
«Haientzako, palestinarrak pertsona ere ez dira», mintzatu zen gordintasunez Nemehk. Aditzera eman zuen, oro har, israeldar denak bat datozela palestinarrak Palestinatik kanporatzearekin. Metodoen erabileran ados jartzen ez baldin badira ere, inork ere ez omen du zalantzan jartzen lurren okupazioa: «Oinarria da palestinarrak kanporatu behar direla; gero, haien artean duten eztabaida da nola kanporatu. Batzuk bonbardaketaren alde daude, beste batzuk ez horrenbeste, hainbatek uste dute kolonialismoa egin behar dela faseka... Baina abiapuntua beti da palestinarrak Palestinatik desagerraraztea».
Zuzenean ez, baina saioan parte hartu zuen Yaser Hamed futbolariak ere. Leioan jaiotakoa Palestinako selekzioko jokalaria da. Su etena mantentzearen alde agertu zen Hamed, baina «beranguegi» heldu dela uste du.
«Espero dezagun denek beren partea betetzea eta bakean bizitzeko aukera izatea palestinarrek», adierazi zuen Hamedek NAIZ Irratian. Adierazpenok egiten zituen bitartean, ordea, Israelek Palestinan eraso bakanak egiten jarraitzen zuen.
Abiapuntua da su etena, Nemehen ustez, «arnasgunea» Gazan bizi diren palestinarrentzat. «Orain, genozidioa gelditu behar da, Gaza berreskuratzeko plan bat prestatu behar da, Palestinaren kolonizazioa gelditu eta Netanyahu kartzelatu»; pauso horiek denak ditu Nemehk marraztutako etorkizunera begirako bideak. «Bidelagun izan eta lagundu, mesedez; bakarrik ezin izango dugu», eskatu zuen Bermeoko alkateak NAIZ Irratian.
Planaren bigarren fasearen inguruan zalantza handiak dituzte bai Dandanek, baita Nemehk ere. «Genozida bada epaile, zer nolako etorkizuna espero dezakegu? Ez dauka zentzurik», baieztatu zuen Dandanek.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

«Energetikoki, Euskal Herrian Trumpen bandoan gaude»
