Joseba Mikel GARMENDIA ALBARRACIN
Ekonomialaria
GAURKOA

Garapen agentzien dibertsitatea

Gainean ditugun erronkez eztabaidatzerakoan sarritan gutxietsi egin ohi da udalerrietako eta eskualdeetako eragileek jokatu beharko luketen papera. Sustapen ekonomikoan, energia iturri berriztagarrien eraikuntzan, elikadura subiranotasunean, ekonomia zirkularrean, kasu, tokiko garapen agentziak tresna eraginkorrak izan daitezke hainbat politika eta interbentzio eskalan jaisteko, hobeto formulatzeko, irisgarritasunean zabaltzeko eta kudeaketan inplikazioa eta legitimotasuna sendotzeko.

Eztabaida horietan erpin bat gobernantza ereduarena da, koordinazio instituzionaletik haratago, agentzia horiek politika ezberdinetan autonomiaz txertatzea bilatu beharko lukeena. Beste erpin bat tokiko erakunde publikoen finantzaketarena da. Hegoaldeko bi erkidegoetan, duela urte gutxi, udalei garapen ekonomikoa sustatzeko eskuduntza onartu zitzaien lege bidez. Baina eskuduntza formal hori ez dago landua, arauketa eta baliabideak zehaztu ez direlako.

Hausnarketa honek ezinbestez beste galdera bat dakar: tokiko garapen agentziak prestatuta daude eskala anitzeko gobernantza eta politika horietan inplikatzeko modu eraginkorrean. Izan ere, udalerrietako eta eskualdeetako garapen agentzien artean aniztasun handia dago, funtzioetan edota jardueretan. Garapen agentzien sarearen inguruan -gutxienez 39 entitate Hego Euskal Herrian-, hausnarketa egin nahi bada, beraien eraginkortasuna hobetzeko eta erregio zein europar eskaletatik bideratzen diren politika eta interbentzio ekonomiko ezberdinekin lotzeko, aniztasun horri erreparatu behar zaio. Garapen agentzia bakoitzaren jatorriak erabat baldintzatu ditu agentziaren funtzioak, eragite esparruak, lan moldeak edota izaera. Logika desberdinak daudelako agentzia horien sorreran.

Tokiko garapen agentzien sorrera, gehienak udalen bulkadaz, 1980ko hamarkadako krisi ekonomiko eta langabezia altuko testuinguruan gertatu zen. Lea bailarako esperientziaren baimenarekin, aitzindari gisa Debabarrena eskualdeko Debegesa agentziaren sorrera jarri ohi da, 1985ekoa. Gerora, 1992ra bitarte Gipuzkoako beste eskualde batzuetan eta mendebaldeko hiru hiriburuetan garapen agentziak sortu ziren. Nafarroako Mendialdean Cederna-Garalur elkartea sortu zen landa eremuetarako europar Leader programa kudeatzeko.

Bigarren etapa batean (1993-1999) esperientziak orokortu egin ziren, batez ere, Nafarroa eta Gipuzkoan. Eskualde naturalak hartu ziren agentziak sortzeko eremu bezala. Gipuzkoako ia eskualde guztietan garapen agentzia bana sortu zen, baita Nafarroako Erriberan, Estellerrian eta Erdialdean ere. Hirugarren etapan (2000-2003) tokiko garapen esperientziak Bizkaian zabaldu ziren Behargintzen formularen estalpean. Hamabi garapen agentzia sortu zen, ia denak Foru Aldundiak bultzatuta. Zortzi urteko geldiune baten ondoren, laugarren etapan (2011-2022) krisi ekonomikoak eraginda, Gipuzkoan falta zen eskualde bakarrean, Beterri-Buruntzan, udalek garapen agentzia bat sortzeko saiakera egin zuten. Eta Cederna-Garalur elkarteak estaltzen zuen eremu geografiko zabalaren barnean, Sakana eskualdeak garapen agentzia propioa sortu zuen.

Ibilbide horren ostean probintzia bakoitzak bere izaera markatu die agentziei. Gipuzkoa osoan eskualde mailako garapen agentziak daude eta orokorrean enpresen sustapen integrala bideratzen da, plan estrategikoen bidez eta industriako enpresekin harreman estua garatuz. Nafarroa Garaia landa garapenean eta europar programetan zentratu da, asimetria sakon batekin: Urbasa-Iruñea-Zangoza marraren azpian eskualde bakoitzeko agentzia propioak eraiki dira eta marraren gainean elkarte bakarra eskualde ugari eta heterogeneoentzat, Sakanako salbuespenarekin. Bizkaian, aldiz, agentzia asko udalerri mailakoak dira; Foru Aldunditik goitik beherako bultzadaz eraiki zirenez, antolakuntza eredua eta funtzioak kasu gehienetan errepikatu egin dira tokiko berezitasunak kontuan izan gabe; eta eginkizun nagusia enplegu txertaketara bideratu ohi da, Gipuzkoako eredu sustatzaile eta integralagotik urrun. Araban, hiriburuan izan ezik, landa ikuspegiaz haratago tokiko garapena lantzeko agentziarik ez dago.

Garapen agentziz eredugarrietan funtzioek bilakaera izan dute denboran. Hasieran, langabetuentzako zerbitzuetan zentratu ziren, baina gero ikuspegi integralagoa garatu dute, enpresetan eragiteko asmoz. Autoenplegua sustatzeko, ekintzailetza-kultura bultzatu eta aholkularitza zein formakuntza laguntza espezifikoak ere eskaini dituzte; baina sortutako enpresek maila teknologiko baxua izan ohi dute eta agentzia gutxi espezifikoki saiatzen da enpresa berritzaileen sorreran. Bestalde, enpresei eskainitako zerbitzuen barruan, hainbat arlo berri jorratu dituzte: enplegu-bitartekaritza, kudeaketa-laguntza, berrikuntza-programak…

Bestaldetik, gobernantza-eredu berriak garatu dira, tokiko eragileen zein enpresen parte-hartzea, inplikazioa eta elkarlana pizteko, hala nola enpresarien sareak edota foroak. Aldaketa horrek, ordea, erronka handia suposatzen du, konfiantza eta gizarte-kapitala eskatzen baititu. Azterketa batek erakusten duenez, agentzien heren batek baino ez du harreman jarraitua enpresekin, eta %40k ez dute horrelako lanik egiten. Antzematen da enplegu-politiketan zentratutako agentziek ez dituztela sarritan enpresa-sare horiek bultzatzen, eta enpresei zerbitzuak eskaintzen dizkietenek, ordea, bai.

Eskala anitzeko interbentzio, politika eta gobernantza arkitekturak eraginkortasunean eta irismenean irabazteko, tokiko garapen agentziek ere egokitu egin beharko dute. Egokitzapen horretarako eredu izan behar duten tokiko agentziek hainbat ezaugarri betetzen dituzte: eskualde mailan antolatu; enplegu-politiketan zentratzetik funtzio estrategikoak betetzera igaro; tokiko enpresen sarean eragiteko ahalmenak garatu; berrikuntzan, ekintzailetzan, merkaturatzean edota enpresen arteko lankidetzan balio erantsiko zerbitzuak eskaini; eta enpresen foro estrategikoak antolatu, besteak beste. Badago non aurkitu eredu horietako batzuk: nagusiki Gipuzkoan eta bakan batzuk Bizkaian eta Nafarroan.