Ibai AZPARREN
IRUÑEA
GENOCIDIO EN GAZA

Israelen aurkako presioari eustera deitu dute Iruñeko kaleetan

Yala Nafarroak atzo Iruñean Palestinaren okupazioa salatzeko deitutako mobilizazioa.
Yala Nafarroak atzo Iruñean Palestinaren okupazioa salatzeko deitutako mobilizazioa. (Iñigo URIZ | FOKU)

Palestinaren aldeko aldarriak bete zituen Iruñeko kaleak atzo berriz ere. Yala Nafarroak deitutako manifestazioan milaka pertsonak parte hartu zuten; Palestinaren okupazioa amai dadila aldarrikatu zuten eta Europako gobernuei Israelekin dituzten konplizitateak hausteko eskatu zuten.

248 kolektibo eta 1.800 pertsona baino gehiago biltzen dituen plataformaren esanetan, astea beteko duen su-etena, «palestinarrentzat hain beharrezkoa zena», ezin da bakearekin nahasi, «ez baitago justiziarik gabeko bakerik». Eta justizia egon dadin, «beharrezkoa da gure gobernuak presionatzen jarraitzea», esan zuen Yala Nafarroak.

Helburu hori betetzeko eta eguraldia lagun, manifestazioa 18.00etan abiatu zen Ziudadelatik, ondoren Iruñeko Gazteluko Bira, Armada etorbidea, Bakearen Plaza, Oliveto Kondea etorbidea eta beste zeharkatzeko, “Free, free, Palestine”, “Boikot Israel” eta “Netanyahu hiltzaile” oihukatuz.

Manifestazioaren buruan, “Aski da! Israelen inpunitateari amaiera. Stop genozidioa. Stop kolonialismoa. Stop okupazioa” pankarta zeramaten plataformako ordezkariek. Aurretik, Israelek kartzelatik atera ez dituen preso palestinarren irudiak eta izenak agertzen zituzten kartelak zeramatzaten hainbat lagunek.

Nafarroa Beherea etorbidea eta Karlos III.a zeharkatu ondoren, Gaztelu Plazan amaitu zen mobilizazioa. Bertan, txalapartaren ttakunek egin zien harrera manifestariei. Oholtzan, plataformako bozeramaile Lidon Sorianok «okupatua eta okupatzailea» maila berean ez dituztela jartzen berretsi zuen, gogoraraziz «okupatzailea behartu» egin behar dela «okupatzeari uztera», nazioarteko zuzenbideak esaten duena betearaziz.

Horrekin batera, Palestinako herriaren erabaki burujabeak errespetatuko dituen elkartasun «horizontala, ez paternalista» defendatu zuen. «Gure elkartasunak ez die esaten non bizi eta nola borrokatu», baizik eta «beren kausa noblean» laguntzen diela adierazi zuen gonbidatuak aurkeztu aurretik.

Palestinarren testigantza «zuzenean entzuteko», Gaztelu Plazako kioskoan jarritako pantaila erraldoian eman zituzten bi hauen mezuak: Jamal Jumarena, “Stop the Wall” nazioarteko kanpainaren sortzaile eta koordinatzaile eta BDSko Batzorde Nazionaleko kidearena; eta Saif Abu Sheik-ena, Global Sumud Flotillako bozeramailearena.

Ramallahtik bidalitako mezuan, Jumak adierazi zuen presioari eutsi behar zaiola, «jendeak kalean jarraitu behar» duela eta, beraz, «gobernuei presioa egiten jarraitzera» animatu zuen. Ildo beretik, Abu Sheikek kalera ateratzera deitu zuen, «okupazioa eta kolonialismoa ez direlako amaitu ez Gazan, ez Zisjordanian».

FLOTILLATIK HEBRONERA

Plataformari bidali zion mezu baten bidez, azken-aurreko Flotillan izandako Jotas Osesek nabarmendu zuen euskal delegazioko kideek ezin dutela onartu «Euskal Herriko inolako erakunde edo pertsonak sionismoarekin nolabaiteko lotura izatea».

Ondoren, azken flotillan Israelek atxilotutako Goreti Sarasibar igo zen oholtzara. «Nahiz eta oso gaizki pasa Israelgo kartzelan, ezin da alderatu palestinarrek pairatzen dutenarekin», esan zuen, ekintzak Israel presionatzeko balio izan zuela azpimarratuz. Presio horri eutsi behar zaiola adierazteko, Awda ospitaleko zuzendari Mohammed Salha eta Yasmin palestinarren mezuek itxi zuten mobilizazioa.