Janari bilketa arrakastatsua, Paris 365 jantokiaren mesedetan
Paz de Ziganda ikastola aspalditik dabil Iruñeko Paris 365 jantoki sozialarekin elkarlanean. Baina, Nafarroa Oinezen bultzadari esker, bilketa berezi bat antolatu du. Era horretan, Nafarroako beste ikastola batzuek ere parte hartu dute ekimenean.

Nafarroako ikastolak buru-belarri aritu dira Paris 365 jantoki sozialerako bilketa solidarioan. Maiatzaren 26tik 29ra bitartean egin zen bilketa oparoaren ondoren, antolatzaileek lanean dihardute jada elikagai guztiak Paz de Ziganda ikastolan metatzeko, Paris 365 jantoki sozialak horiek jaso eta beharren arabera banatu aurretik. Paz de Ziganda Ikastolako Batzordeko eta Jira Bira taldeko Diego Loperenaren hitzetan, bilketa egun hauen osteko balantzea ezin positiboagoa da: «Erantzuna berriz ere erronkaren mailan egon da, eta Paris 365 babesteko mugitu diren familiei eskerrak baino ezin dizkiegu eman». Loperenak bereziki nabarmendu nahi izan du «ikastola guztiak berehala eta aho batez prest egon direla ekimen solidario honetan parte izateko».
Paz de Ziganda ikastolak hamar urte baino gehiagoko lankidetza estua du Paris 365 jantoki sozialarekin, hainbat ekintzaren bidez; besteak beste, ikastolan bertan egiten den elikagaien aldizkako bilketaren bidez. Ikastolan harrera oso ona du ekimenak, Jira Birak antolatzen duenak.
Jira Bira taldea Paz de Zigandako ama, aita eta kooperatibista ohiek osatzen dute, eta beste kolektibo batzuekin lankidetza sustatzea eta ikastetxeko bizitza soziokulturala dinamizatzea da haren helburua.
LAGUNDUZ LAGUNDU
Paris 365 jantokia Iruñeko Kale Nagusian dago. Urteko egun guztietan gosariak, bazkariak eta afariak eskaintzen ditu, euro baten truke, arrazoi ekonomikoak, osasunekoak edo sozialak direla kausa egoki elikatu ezin direnei (erabiltzaileek premia dutela frogatu behar dute). Elikaduraz gain, informazioa, orientazioa eta laguntza eskaintzen dute.
Horretaz aparte, adingabeak ardurapean dituzten, diru sarrera txikiak dituzten eta sukalde propioa ez duten familiei elikadura egokia eskaintzeko balio du. Gutxieneko nutrizioa bermatzeko asmoz, familiek sei hilabetez astero produktuz betetako saskia eskuratu dezakete. Hirurogei familia artatzen dituzte aldi berean; hau da, 170 pertsona inguru. Horiei elikadura osasungarria izateko eta bertako produktuekin janaria prestatzen ikasteko ikastaroak eskaintzen zaizkie.
Era berean, neguan, astean hirutan kalera ateratzen dira bertan bizi direnei salda beroa banatzeko.
Gaur egun, arindu beharrean, Paris 365en beharrak hazten ari dira, eta zailtasun gero eta handiagoak dituzte elikadura egokia eskuratu ezin duten pertsonen eskaria asetzeko. Horregatik, Paz de Zigandak tarte bat eskaini nahi izan dio konpromiso solidarioari eta Nafarroa Oinezeko olatu handia baliatu nahi izan du, jarduera programaren barruan, ekintza sozialak ere antolatzeko, aurtengo edizioaren helburuekin bat eginez.
Oraingo honetan erronka partekatua izan da, eta Nafarroako toki guztietara iritsi den bilketarekin ikastolen indar traktoreari bultzada emateko balio izan du. Atarrabiako ikastolak sustatutako kanpainan bildu dituzten elikagaiak honako ikastola hauetatik etorri dira: Andra Mari (Etxarri Aranatz), Argia (Tutera), Baztan (Elizondo), Erentzun (Viana), Garces de los Fayos (Tafalla), Ibaialde (Lodosa), Jaso (Iruñea), Labiaga (Bera), Lizarra (Lizarra), San Fermin (Zizur Txikia), Tantirumairu (Lesaka), Arangoiti (Irunberri), Iñigo Aritza (Altsasu), Rincon del Carmen (Zangoza) eta Paz de Ziganda.

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa
