Markel GARZON GOITIA
BILBO
FUTBOLA

Herrien autodeterminazio eskubidea, Athletic-Karabakh lehiaren atarian

«Azerbaijango erregimenaren aurpegi zuriketarik ez» lelopean, hitzaldia antolatu zuten Iñigo Cabacas Herri Harmailak eta Askapenak. Armeniak pairatutako jazarpena eta Azerbaijanek Artsakhen burututako garbiketa etnikoa izan zituzten hizpide.

Iñaki Etaio eta Asier Ansoleaga hizlariak, Bira kulturgunean.
Iñaki Etaio eta Asier Ansoleaga hizlariak, Bira kulturgunean. (ICHH)

 

Azerbaijanek bere nagusitasuna zabaldu nahi izan du azken urteetan kirolaren aitzakiapean. Horren adibide dira Karabakh taldearen sorrera, Atletico Madrilen elastikoko “Azerbaijan, Land of Fire” publizitatea eta Bakun antolatzen den 1 Formulako Sari Nagusia.

Horren guztiaren atzean zer ezkutatzen den azaltzeko asmoz, Armenia eta Azerbaijanen arteko gatazkaren sustrai historikoak eta dimentsio geopolitikoak jorratu zituzten Askapena erakunde internazionalistako kide Iñaki Etaiok eta Jarki erakundeko militante Asier Ansoleagak. Biak irakasleak dira ogibidez. Gainera, bata zein bestea sarritan egon dira Kaukasoko lurraldeetan.

Azaldu zutenez, FK Karabakh taldeak Bakun dauka egoitza nagusia eta Azerbaijango hiriburuan jokatzen ditu partidak, Azersun Arena zelaian. Baina, funtsean, armeniar izandako Nagorno-Karabakh eskualdearen izena hartzen dute, urteetan Azerbaijanek suntsitu eta okupatu duenarena. Horren harira, asteazkenean, San Mamesen jokatuko den Txapeldunen Ligako deman, armeniar herriari elkartasuna eta laguntza eskaintzera deitu zuten.

HASTAPENAK

Armeniaren eta Azerbaijanen arteko harremana tentsio historikoan, gatazkan eta desadostasunetan oinarritu da historikoki. Izan ere, Ansoleagak azpimarratu zuenez, XX. mendean, Europan izandako lehen genozidioa Armenian gertatu zen, 1915ean, hain justu ere.

«Kaukasoko lurraldeetan kokatzen gara, zonalde menditsu batean, non uztartzen diren etnia ezberdin asko. Bestalde, inperio indartsuak lurralde hartan desegin dira historikoki; iparraldean Errusia dago, Hegoaldean Iran (garai bateko Persiar Inperioa) eta mendebaldean Turkia (garai bateko Otomandar Inperioa)», azaldu zuen Ansoleagak.

Lehen Mundu Gerraren testuinguruan, otomandarrek armeniarrei leporatzen zieten Errusiaren alde egitea. Hori ez ezik, Turkiar Gazteak, Turkiako alderdi politiko nazionalistak, inperioa «garbitu» nahi zuen, gutxiengo ez musulmanak ezabatuz (armeniarrak, greziarrak eta asiriarrak).

Bi argudio horiek kontuan harturik, armeniarrak etsaitzat hartu zituzten otomandarrek. Hortaz, nahitaezko deportazioa eta armeniar kultura suntsitzeko ahalegina egin zuten. Emaitza lazgarriak utzi zituen genozidioak: 1,5 milioi armeniar hildako, eta tartean buruzagi eta intelektual armeniar asko. Hori aski ez balitz, Ansoleagak nabarmendu zuen kontzentrazio-esparruetara eraman zituztela armeniarrak eta beste ehunka zibil deserriratu zituztela.

SU-ETENA

1922an, Sobietar Batasunaren sorrerak su-eten iraunkorra eragin zuen lurraldean, nahiz eta zauriak ez ziren inoiz orbaindu. Izan ere, Armenia, 30.000 kilometro koadrorekin errepublika txikiena zen.

Alta, Ansoleagak aditzera eman zuenez, armeniar kulturak «nolabaiteko biziberritzea izan zuen» eta «asko hazi zen».

1988ko otsailean, Nagorno- Karabakheko Sobietar Batasuneko oblast autonomoek Armeniarekin bat egitearen alde bozkatu zuten. Sobietar Batasunak ez zuen begi onez ikusi egitasmo hori, Azerbaijango Alderdi Komunistarekin zuen harremana okerrera joan zitekeelako.

Iñaki Etaiok hartu zuen hitza bigarren zatian. Azaldu zuen Armenian sartzeko eskaerak hautsak harrotu zituela Azerbaijanen eta «erantzun oso bortitza» antolatu zutela armeniarren aurka: «Pogromak egin zituzten, armeniarrak kolpatu, jipoitu eta etxetik kanporatu zituzten».

GERRA GARAIA

1994. urtean Armenia eta Azerbaijanen arteko gerra zuzena piztu zen berriro, Nagorno-Karabakh eskualdea kontrolatzeko lehian. Armeniarrek bereganatu zuten eremu hori bake-akordio batera iritsi barik.

Azerbaijanek sobietarrek abandonaturiko gas eta petrolio hobiak ustiatzen hasteko aprobetxatu zuen. Horren ondorioz, petrolio eta gasari esker, herrialdearen garapena etorri zen; ekonomia eta indar armatuak modernizatu zituzten.

Gauzak horrela, bigarren gerra lehertu zen 2020an. Etaiok azpimarratu zuen Azerbaijanek erabateko laguntza jaso zuela turkiarren eta Siriako jihadisten aldetik.

Etaioren aburuz, inguru haren marrazki geopolitikoa «erabat birmoldatu zen».

2023an egin zuen Azerbaijanek azken erasoa. Nagorno- Karabakhen suntsipena eta Armeniaren indar armatuen errendizioa gauzatu zen. Hori ez ezik, zona osoa azerien esku geratu zen, 120.000 armeniar inguruk alde egin behar izan zuten eta Artsakheko Parlamentua suntsitu zuten.