Amore eman gabe, Txapeldunen Ligan estreinatu dira lehoiak
Meritu handiko garaipena lortu dute zuri-gorriek. Arsenalen eta Dortmunden aurka galdu ondoren, Txapeldunen Ligako lehenengo hiru puntuak erdietsi ditu Athleticek. Erabakigarriak izan dira Navarroren agerpena eta Guruzetaren kemena.

Athleticek Txapeldunen Ligako azken garaipena 2014ko abenduaren 10ean lortu zuen Bate Borisoven aurka, Valverderen bigarren etapan. Atzo aukera paregabea zuten berriz ere irabazteko, Karabakhen aurka, lehenengo fase honetako aurkaririk errazenaren kontra, eta zuri-gorriek ez zuten hutsik egin. Dinamika guztiz aldatu eta Bilboko taldeak nabarmen gora egin zuen sailkapenean.
Valverdek jokalari onenak zelairatu zituen lehen minututik, Athleticek ezin baitzuen hutsik egin asteazken honetako partidan, izarren artean amesten jarraitu nahi bazuen. Yurik eta Laportek eskarmentu puntu hori gehitu zioten atzeko lerroari, eta Nico Williamsek debuta egin zuen Txapeldunen Ligan.
Nicok, honen anaia nagusiak eta Oihan Sancetek osatu zuten lehoien erasoko lerroa. Guruzeta izan zen golak sartzeko arduraduna.
Norgehiagoka hasi aurretik, Iñaki Williamsek eta Karabakh taldeko kapitaina den Kochalskikek lore eskaintza klasikoa egin zuten Pitxitxiren bustoan, San Mameseko lehenengo bisita dela-eta. Arsenalek ere hori bera egin zuen lehen jardunaldian.
Athleticek ezin okerrago abiatu zuen dema, partidako lehen jokaldian Laportek baloi luze bat txarto neurtu zuen, Paredesek eta biek ez zuten elkar ulertu eta, ondorioz, Simonen aurrean geratu zen Leandro Andrade. Azeriarren aurrelariak munduko denbora osoa izan zuen definitzeko, eta baloia ate barruan sartu zuen.
Sancetek aukera paregabea izan zuen 10. minutuan, kontraeraso batean Regok atezainaren aurrean utzi zion pase dotore bati esker. Haatik, nafarrak kanpora bota zuen. “Jo eta ke, irabazi arte” oihuarekin erantzun zuen San Mamesek.
AMORE EMAN GABE
Lehenengo zatia amaitzear zegoela, bazirudien zuri-gorriak atzetik joango zirela. Baina hirugarren ahaleginean Guruzetak atea ikusi zuen. Pase ederra egin zion Jauregizarrek zelai erditik, donostiarra bakarrik geratu zen eta ez zuen barkatu atezainaren aurrean. Alemaniako golegile berak errepikatu zuen.
Karabakhen golaren ostean, Athleticen bakarrizketa izan zen lehen zatia, eta lehoiek merezi izan zuten atsedenaldira berdinduta joatea.
Valverdek egindako aldaketek freskotasuna eman zioten talde bizkaitarrari. Areso, Galarreta eta Navarro zelairatu ziren, Gorosabelen, Regoren eta Nicoren ordez.
MARKAGAILUA IRAULI
Navarrok 70. minutuan, Nicoren lekuan kokatuta, baloia jaso zuen eta, bi aldiz pentsatu barik, jaurtiketa zuzen eta zorrotza egin zuen atezaina iritsi ezin zitekeen toki hartara, eskuadrara. Gol itzela egin zuen Athleticeko fitxaketa berriak, eta San Mames lehertu egin zen.
Neurketa biribildu zuen Guruzetak beste gol eder batez, areatik kanpo. Gau magikoa bizi izan zuten atzo athleticzaleek, eta hurrena zuri-gorriak konfiantzaz joango dira Ingalaterrako iparraldera, Newcastle-ren kontra jokatzera.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
