Thrillerrez jantzitako drama soziala

Daniel Guzmanek thriller ukituak dituen drama bat aurkeztu du, zaintza, galera, krisia eta gentrifikazioaren zauriak ardatz dituena. Filmak euskal presentzia nabarmena du: Itziar Ituño eta Susana Abaitua aktoreak, eta Ibon Antuñano bizkaitarra da argazki zuzendaria.
Lucas, 47 urteko gizona, eta Antonia, adineko emakumea, hiriko erdiguneko pisu batean bizi dira. Zailtasun ekonomikoek ez dituzte haien egunak iluntzen; maitasunez eta umorez blaituta igarotzen dituzte. Dena aldatzen da inbertsio funts batek eraikina erosi eta pisu turistiko bihurtzeko asmoa agertzen duenean. Etxegabetze mehatxua da istorioaren sua pizten duen txinparta.
Pelikulak drama sozialaren oinarriak hartu eta thrillerraren lurraldera eramaten ditu; Lucas korapilo juridikoetan katramilatzen da, eta ihesaldiaren zurrunbiloan murgiltzen da. Tentsioa arnasa bihurtzen da une askotan, eta ikuslea ezinegonaren ertzean mantentzen du.
Errealismoaren alde egiten du Guzmanek: Madrilgo auzoetako kaleak, argi naturalez bustitako irudiak eta prekaritatearen usaina darien giroak osatzen dute filma. Fokua eguneroko bizitzaren zati txiki horietan jartzen du, pertsonaien arnasa gertu sentiarazten duen kameraren bidez. Benetakotasuna bilatzen duen estilo bat da, hurbila eta zintzoa. Hala ere, oinarri errealista horretan, batzuetan sinesgarritasunaren ertzetik irristatzen diren egoerak agertzen dira, filmaren tonu naturalista urratzen dutenak.
Une horiek guztiek ikuslea entretenitzen dute, baina, aldi berean, filmaren muin emozionala zertxobait hausten dute, ez gehiegi, baina apur bat bai.
Ez da perfektua, baina Guzmanek thrillerrez jantzitako drama sozial oso interesgarria osatu du, mezu sendo eta sakona daramana, bihotzera heltzen dena.

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
