38 emakumek elektrifikatu dute Bilboko Orkestra
Ura Bere Bidean jaialdiak atzo eta gaur ditu BECeko hitzorduak. Berriz ere euskal musikarien parte hartze zabala izan du, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren doinuz lagunduta eta Fernando Velazquezen gidaritzapean. Zea Mays taldearen “Elektrizitatea” kantuan 38 emakume ere taularatu ziren, abestiak duen indarra erakustearren.

Ez da makala urtero Fair Saturday fundazioak Ura Bere Bidean ekimenaren bidez sortzen duena. Iaz aipatu genuen Gabonak iragartzeko modua zirela Euskal Herrian, goxotasuna, senidetasuna eta emozioak puri-purian sentiarazten dituen ekimena baita. Kartela atera orduko sarrerek hegan egiten dute, estilo, garai eta toki desberdinetako euskal artisten proiektuek bat egiten dutelako BOSen musikarekin, Fernando Velazquezek zuzenduta. Aurten 26 izan dira proiektuak eta, horrez gainera, beste 38 emakume abeslari ere igo dira BECeko oholtzara bi ordu eta erdi pasatxoko ikuskizunean.
Eskoziatik etorritako Valtos taldeak egin zituen atariko beroketa lanak, musika gaelikoa eta zelta elektronikarekin uztartzen dituen proiektuak. Garaiz iritsita ere, komeriak izan ziren Barakaldoko sarbideetan eta, publikoa beren eserlekuetan izan arte, zertxobait atzeratu zen emanaldia.
PUBLIKOA BERO HASIERATIK
Aretoan tenperatura beroa izateak betiere lagundu egiten duen arren, 18.00etan ateak zabaltzeak halako poteo giro bat sortzen du BECen, eta zer esanik ez inguruko tabernetan. Emanaldiak sortzen duen irrikak eraginda-edo, lehen istantetik oihu, txalo eta txistuek hartzen dute Bizkaia Arena eta oholtzako musikarien irribarreetan esker ona nabari daiteke. Baita Fernando Velazquezengan ere.
Iban Garate 20.15ean irten zen aurkezpen lanak egitera. Belaunaldien arteko transmisioari garrantzia eman zion mezuan, etxe bereko belaunaldi desberdinetako zenbat kide zeuden galdezka. Segidan, Palestina gogoan izan zuen, eta elkartasun mezua adierazi herri palestinarrari. «Ondo pasa dezagun, euskararen eta euskal kulturaren festa bat da hau, euskal komunitatearen festa bat», esan eta BOS, Bilboko Koral Elkartea eta Fernando Velazquez aurkeztuta, dena abian jarri zen.
SORPRESAK HASI ORDUKO
Neomak taldekoak izan dira oholtzan agertzen lehenak, formazio berrian, bost emakume kantuan eta gizonezko perkusionista, disko berria kaleratzearen atarian aurkezpen eskutitza. Trikiti mundutik datorren Xabi Solano etorri zen atzetik, «gau eta egun euskaraz bizi nahi dut» oihuka, jendearen konplizitatea bilatuz lehen unetik, jendartera ere jaitsiz Ereñotzuko musikaria.
Lauaxetaren koplak abestu zituzten segidan Eñaut Elorrietak eta Aiora Renteriak, lehen momentu hunkigarria sortuz. “Mendigoxaliarena” eskaini zuten, eta zentzurik galdu ez duen mezu bat zabaldu lau haizeetara: «Dana emon bihar jako maite dan askatasunari». Aioraren begiak ere beteta ikusi zitezkeen, pasioa nola transmititzen duen bilbotarrak. Eta Velazquezen soken konponketak tentsioa gehitzen zion uneari, momentu oso zinematografikoa. Publikoa altxatu egin zen abestia bukatzean.
EUSKAL MUSIKAREN ITURRI AGORREZINA
Hortik aurrera bata bestearen atzetik etorri ziren ur zaharra eta ur berria. Baina iturria agortzen ez dela agerikoa izan zen emanaldian ere. Sukena, Anne Lukin, Maren edota Bengo gazteak Evaristo, Gozategi, Latzen edo Leihotikanen ondoan ikustea da horren isla. Hori bai, guztiak ere dotore eta galako jantzita. Irudi bitxia sortzen du horrek urtea joan eta urtea etorri, agian batzuekin ohituta ez gaudelako.
Eta zer esanik ez emakumeen aldetik. Zea Maysek Velazquezekin berarekin landu zuen “Elektrizitatea 25” kantua, eta atzokoan 38 emakume abeslari igo ziren oholtzara. Elektrifikatu egin zuten BOS, eta karga berezi bat sortu BECen. A zer nolako indar erakustaldia gure eszenako emakumeena! Festari ginga jartzeko modu bikaina.
Gaur izango da bigarren pasea eta abenduaren 13an, Donostiako Illunben, beste 25 euskal proiekturekin batera, “Ura Bere Bidean Kantuz” izango da. Handituz doan proiektua da ezbairik gabe, eta urtez urteko zita galduezin horietakoa bilakatu da dagoeneko. Urak dakarrena urak daroala esaten da, baina euskal musikarekin ez dadila halakorik gertatu eta segi dezagun halakoez gozatzen.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
