Euskal jendartea, oro har, erabakitze eskubidearen alde dago
Naziometroaren 7. neurketaren emaitzak ezagutzera eman zituzten atzo Telesforo Monzon eLabeko kideek. Ondorioztatu dute euskal jendartea, oro har, erabakitze eskubidearen alde dagoela, betiere bide demokratiko eta adostutik gauzatzen bada. Txostenaren edukia xehatu zuten EHUren Bizkaia Aretoan.

Euskal Herriko jendartearen zati handi bat erabakitze eskubidearen alde dago, eta joera hori errotu egin da azken bost urteetatik hona, Naziometroaren arabera. Euskal Burujabetzaren Barometroaren emaitzak eta ondorioak plazaratu zituzten atzo EHUren Bizkaia Aretoan. Malen Dominguez Zabala eta Arkaitz Fullaondo Zapatarietxe Telesforo Monzon eLabeko kideek xehatu zituzten datuak eta horiek gurutzatuta atera dituzten ondorioak, “Zein bilakaera izan du euskal jendarteak azken 5 urteetan?” saioan.
Erabakitze eskubidearen inguruko jarrerari dagokionezDominguezek azaldu zuen aldeko joera «oso orokorra eta ebolutiboa» dela, «nahiz eta intentsitatea aldatu lurralde eta belaunaldiaren arabera». Halaber, adierazi zuen euskal jendarteak atxikimendu handiagoa sentitzen duela Euskal Herriarekiko frantziar eta espainiar Estatuekiko baino, aldea oso handia ez bada ere.
Esaterako, aipatu zuen Nafarroan nafarra izatearen sentimendua gailentzen dela eta Ipar Euskal Herrian antzeko zerbait gertatzen dela. Banaketa administratiboak eragindako aldea dela azaldu zuen.
Barometroa osatzeko, Euskal Herriaren inguruan ere galdetu diete inkestan parte hartu dutenei, euskal herritarrentzat Euskal Herria zer den argitze aldera. Gehiengoari kontzeptua aipatuta zazpi lurraldeak datozkio burura; galdekatutakoen erdiak baino gutxiago dira, hala ere. Gertutik jarraitzen dio EAErekin lotzen dutenen proportzioak.
Izendatzeko moduaz ere itaundu dute euskal jendartea, eta erdia baino gutxiago da Euskal Herria baliatzen duena zazpi lurraldeei deitzeko, baina gehien erabiltzen den terminoa da. Euskadi eta País Vasco gutxiago erabiltzen dira.
Malen Dominguezek zein Arkaitz Fullaondok azaldu zutenez, erabakitzeko eskubidearekiko jarreran eragin handia du afera identitarioak, baina baita arlo praktikoak ere. Horrela, antolakuntzaren alorrean burujabetzarekiko jarrera positiboa du euskal jendarteak.
Hori islatzen dute azken Naziometroan jasotako datuek, agerian uzten baitute herritarren eskaria dela Euskal Autonomia Erkidegoaren, Nafarroako Foru Komunitatearen eta Euskal Hirigune Elkargoaren arteko interkonexioa handiagoa izatea.
Izan ere, biztanleriaren %58 inguruk lurraldeen arteko harreman estuagoak babesten ditu, eta horietako %21ek erakunde partekatuak sortzearen alde egiten du. Soilik %29,8k nahiago du egungo bereizketa administratiboa mantentzea. Burujabetza eskuduntza aldetik, EAEko Autonomia Estatutuarekin eta Nafarroako Amejoramenduarekin, oro har, konforme dago jendea.
Fullaondok azpimarratu zuen Naziometroaren xedea eta izatearen oinarria dela «erabakitzeko eskubideari buruzko» behaketa egitea. Halaber, gogoratu zuen Soziometroak ez bezala, Naziometroak Euskal Herriko zazpi lurraldeei buruzko ondorioak plazaratzen dituela, ez soilik Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak.
Horrela, azpimarratu zuen 2020tik aldeko jarrera nagusi dela Euskal Herri osoan. «Covid garaian asko eztabaidatu zen nork kudeatu behar zuen krisia, eta gorantz egin zuen», azaldu zuen Arkaitz Fullaondok. Gerora apur bat behera egin badu ere, berriz ere goranzko joera hartu du aldeko jarrerak.
Aztergai nagusia erabakitze eskubidearen inguruko iritziak neurtzea izaki, modu desberdin askotan galdekatu dituzte inkestako parte-hartzaileak; itaunketa kuantitatiboa izan arren, erantzunak gurutzatuta ondorio zehatzak ateratzea ahalbidetu dute horrela.
Hori dela eta, ondorioztatu ahal izan dute adinean badagoela desberdintasuna «erabakitzeko eskubide efektiboan»; gero eta gazteago, geroz eta aldeago. Izan ere, Naziometroak aurreikusten du Euskal Herrian erabakitze eskubidea gauzatzeari uko egin izan diotela frantziar eta espainiar Estatuek, eta hori horrela izanda ere, aurrera egiteko prestutasun gehiago agertu dute gazteek helduagoek baino.
INDEPENDENTISTA IZAN GABE
Azaldu zutenez, independentziarekiko euskal jendarteak duen jarrera ezin da behar bezala ulertu emandako datuekin. Hori bai, bi ondorio atera dituzte: «Alde batetik, Euskal Herrian Estatu propio bat edukitzearen aldeko borondateak babes garrantzitsua duela, eta bestetik, aldeko jarrera hori neurri handi batean bide demokratiko eta adostuetara baldintzatuta dagoela».
Halaber, Fullaondok mahai gainean jarri zuen badagoela jendea Euskal Estatuaren alde dagoena, baina bere burua independentistatzat ez daukana, bestelako kutsu ideologikoa ematen diotelako terminoari. Jarrera erreakzionarioen inguruan ere egin dute azterketa. Datuen berri eman ondoren, argi mintzatu zen Fullaondo: «Euskal Herrian abertzaletasunetik sortu daiteke jarrera erreakzionario bat? Oraingoz ez, baina oraingoz». Halaber, azaldu zuten jendea sumatzen ari dela jarrera erreakzionarioen gorakada, bereziki migrazioarekin eta aniztasun kulturalarekin lotuta, nahiz eta «urruti» hautematen dituzten.
Zuzenean ezin dakioke inori galdetu erreakzionarioa den, izanda ere ez baitu baiezkorik emango. Horregatik, galdetu diete ea migranteak, feministak eta bestelako talde batzuk «urrutiegi» joan diren edo «gehiegi eskatzen» duten. Horren aurrean, ondorioztatu dute jarrera erreakzionarioak bereziki migrazioaren aurkakoak direla euskal jendartearen artean. Era berean, datuek azaleratu dute galdekatutakoentzat, oro har, euskal herritarra dela bertan bizi eta lan egiten duena.
Naziometroaren inguruko txosten osoa telesforomonzonlab.eus webgunean dago irakurgai.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
