ASIER ROBLES
DONOSTIA

«Euri beroak», memoria eta egunerokotasun poetikoa

Iban Garro Alzurik “Euri beroak” (2025, Erein) bere bigarren poema liburua argitaratu du, Bilboko Udalaren Blas de Otero-Angela Figuera Nazioarteko XVII. Poesia Lehiaketan irabazlea izan zen lana, alegia.

Iban Garro, bere bigarren poema liburuarekin.
Iban Garro, bere bigarren poema liburuarekin. (Jon URBE | FOKU)

Lesakan 1974an jaioa, Iban Garro Kimikan lizentziaduna da. Bertsolaritzaren mundutik heldu zen poesiara. Aurreko hamarkadan Iruñeko Udalak antolatutako zenbait lehiaketatan irabazlea izan zen, eta haiek ateratako bildumetan argitaratuak izan ziren Garroren lanak.

Lehenengo olerki bilduma 2023an argitara eman zuen: “Larrosa bat Groenlandian” (Denonartean).

Inazio Mujika editorearen iritziz, bere bigarren lan honetan, «isiltasunaren poetika» aztertu du, «hitzaren eta esan gabe gelditzen denaren arteko oreka bilatuz».

“Euri beroak” poesia «intimoa» eta «existentziala» da editorearen aburuz, non «bakardadearen eta maitasunaren arteko tentsioa ere sumatzen den».

Halaber, hizkuntzaren erritmoa eta ahozkotasuna goraipatu ditu, «irakurlea hipnosi moduko batean sartzen duen erritmo poetiko baten bidez».

Bigarren liburu honen abiapuntua familia kontakizun ilun bat izan da: 1937ko ekaitz gau batean bere senide bat mendian hil zutela dioen pasadizo bat. «Banekien historia bat zegoela azpian eta historia horretara ailegatu nahi nuela, baina ez narratiboki, baizik poetikoki. Bide hori batez ere emozionalki egin nahi nuen», adierazi zuen egileak asteartean Donostian egin zuen aurkezpenean.

«Baina ez nuen iraganari buruz idatzi nahi. Ez nuen iragana tangibleki ekarri nahi, baizik eta orainetik kontatu nahi nuen», azaldu zuen.

Horretarako, eguneroko tokietatik idatzi duela argitu zuen: «Kafetegietan idaztea gustatzen zait, leihoetatik begiratzen... Hortaz, horrelako elementuak agertzen dira poesian: bide ertzak, leihoa, euria, kafea, jendearen joan-etorriak...».

EMOZIOZ BETETA

Liburua emozioz beteta dago: beldurra, amorrua eta maitasuna agertzen dira, baita familia giroaren eta baldintzarik gabeko maitasunaren adierazpenak ere.

Batzuetan hitzak gogorrak edo «itsusiak» izan daitezke, sentimenduak zuzenean adierazteko beharrezkoak direla uste duelako.

«Ihesi bizi gara, nork jarraitzen digun jakitera ausartu gabe. Liburu honek gelditu eta gibelera begiratzen lagunduko dizu, agian sorpresa bat jasotzeko, agian nonbait daramazun istorio gogorren bat ezagutzeko», dio liburuaren sinopsiak.

Garrok nabarmendu zuen ere bertsolaritzak eragin handia izan duela bere poesia idazteko garaian.

Bertsolaritzatik eratorritako hitz jokoak, errimak eta doinuak bere poemetan txertatzen ditu, neurrian eta testuinguru poetikoan.