Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
WHAT IT FEELS LIKE FOR A GIRL

Hazkuntzaren mina, identitatearen edertasuna

Paris Lees-ek, Britainia Handiko idazle, kazetari eta ekintzaile transak, bere bizitza eta emozioak liburu batean bildu zituen: “What It Feels Like for a Girl”. Orrialdeek haurtzaroaren eta nerabezaroaren arteko igarotzea islatzen dute, desberdin sentitzen den Byron gaztearen istorioaren bidez.

Istorioa 2000ko hamarkadaren erdialdean kokatuta dago, eta telesailak garaiko pop kulturaren kolore eta soinuen bidez elikatzen du bere estetika eta narrazioa.

Izen bereko telesaila liburuaren egokitzapena da. Byron gaztea aita homofobo eta gogor baten itzalpean hazi da, eta amak, abandonatu zuenak, orain bere bizitzara itzuli nahi du. Gazteak eskolan erasoak eta jipoiak jasaten ditu egunero.

Gau batean Byron festa batean murgilduko da, eta han Fallen Divas izeneko talde bat ezagutuko du. Une horretatik aurrera, hedonismoz beteriko errusiar mendi batean barrena, esperimentatu, errebelatu eta bere bidea aurkitzeko aukera izango du.

Komunitate honek balidazioa, umorea, ahalduntzea eta elkarren zaintza eskainiko dizkio Byroni, baina baita arriskuak ere: sexua, drogak eta harreman arriskutsuak.

Telesailak hasieratik kutsu gordin eta esplizitua darabil, pedofilia, prostituzioa eta abusua bezalako gai gogorrak jorratzen.

Baina gogortasunaren eta samurtasunaren arteko orekari esker, erraz ikusten da: minari ez dio ihes egiten, baina ez du guztia tragediaren kolore ilunez bustitzen.

“What It Feels Like for a Girl” indartsua da, ausarta, emozionalki exijentea, pertsonala eta politikoa. Byronena ez da genero trantsizioari buruzko istorio hutsa; langile klaseko queer gazte baten bidaia da, non maitasuna, aitortza, plazera, segurtasuna eta identitatea bilatzen dituen, munduak behin eta berriz ezetz esaten dion bitartean.