GARA
IRUÑEA

Patronalen «jarrera arduragabea» salatu du LAB sindikatuak Iruñean

Iruñeko desgaitasun eta zahar egoitzen sektoreetako langileek patronalari eskatu diote lan hitzarmenen negoziazioan «aurrerapausoak emateko» eta «lan baldintzak hobetzeko». Era berean, sektoreko langileek Nafarroako Gobernuaren jokabidea kritikatu dute.

LAB sindikatuak atzo egindako elkarretaratzea.
LAB sindikatuak atzo egindako elkarretaratzea. (Iñigo URIZ | FOKU)

Iruñeko desgaitasun eta zahar egoitzen sektoreetako profesionalek elkarretaratzea egin zuten atzo Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren aurrean, lan hitzarmenen negoziazioan aurrerapausoak emateko eta lan baldintzak hobetzea eskatzeko.

LAB sindikatuak deitutako elkarretaratzean, sektoreko langileek patronalen «jarrera arduragabea eta setatia» salatu zuten, lan baldintzak hobetzeari «uko» egiten diotelako, eta horrek erosteko ahalmena galtzea eragin duelako kasu batzuetan. Gisa berean, Gizartearentzat funtsezkoa den sektore bati eragiten diotela ohartarazi zuten langileek: «Gure lanak pertsona ahulenen arreta eta zaintza babesten ditu, eta dagozkigun errespetua eta duintasuna eskatzen ditugu».

Bestalde, Nafarroako Gobernuaren jokabidea ere kritikatu zuen LAB sindikatuak atzo egindako elkarretaratzean: «Erantzukizun argia du, enpresa pribatuei diru publikoa ematen baitie, baina dirulaguntzak jaso arren, enpresek sektoreko lan baldintzak hobetu gabe jarraitzen dute».

BORROKAN

Negoziazioa bultzatzeko asmoz, LAB sindikatuak iragarri zuen beste mobilizazio deialdi bat egingo duela datorren hilabetean.

Hain zuzen ere, azaroaren 13an, osteguna, 10.00etan, Nafarroako Parlamentuaren aurrean izango da, eta bi sektoreetako langile guztiei parte hartzera deia egin zien.

Sindikatu abertzaleak nabarmendu zuenez, «indar kolektiboarekin, batasunarekin eta mobilizazioarekin bakarrik lortuko da hitzarmenak desblokeatzea eta urteak eskatzen daramatzagun hobekuntzak behingoz lortzea».