Udalkutxaren funtsen banaketaren berrikuspena
Uda garaia amaitzen denean gure udalerrietan, bigarren bizitokia bertan duten familia gehienak jatorrizko udalerrira itzultzen dira. Beste uda batez, bai Gorlizen bai Plentzian, urteko sasoi honetan agerikoagoak diren arazoak izan ditugu. Udalerri bakoitzean bere berezitasunekin, bai, baina itxurazko antzekotasunekin eta funts komun batekin.
Egia da aurten oinarrizko zerbitzu batzuk ez direla murriztu, baina sendotu ere ez dira egin benetako eskariaren arabera. Plentziako posta-bulegotik, adibidez, ez dituzte herritar guztiak Gorlizera bideratu; udan anbulantzien errefortzua ez da murriztu, edo anbulatorioak gutxieneko zerbitzuak mantendu ditu, baina udako kolapsora egokitu gabe. Alde horretatik, bi udalek, gizarte antolatuarekin batera, hainbat eskaera eta erreklamazio egin ditugu azkenengo urteotan.
Oinarrizko zerbitzuez ari gara hizketan, Gorlizen biztanleria hirukoiztu egiten baita, eta Plentzian bikoiztu. Etxebizitzaren arazoari buruz hitz egin gabe, artikulu oso baterako ematen baitu.
Badira hain oinarrizkoak ez diren zerbitzuak baina udan kritiko bihurtzen direnak: edukiontzi gainezkatuak, egoera txarrean dauden kaleak, aparkaleku falta, masifikazioa...
Horren guztiaren atzean egiturazko arazo bat dago; beraz, konponbidea jartzen da edo gure udalerrien egoera ez da hobetuko. Biziraupen-ekonomia bat izatera behartuta gaudela ere esango genuke, finantzaketa bidegabeak itota. Arazoa Bizkaiko Foru Aldundiak Udalkutxaren bidez egiten duen banaketa desorekatua da.
Zer da Udalkutxa? Udalkutxa Bizkaiko udalak finantzatzeko foru sistema da. Udalerriok zerbitzuak eman, azpiegiturak mantendu eta inbertsioak egin ahal izateko baliabideak ateratzen diren funtsa, alegia. Azken batean, herritarrengandik hurbilen dagoen administrazioari funtzionatzeko aukera ematen dion odola da.
Eta zer zerikusi du Udalkutxak gure udalerriak turismo handiko kostaldeko herriak izatearekin? Dena. Izan ere, Udalkutxa banatzeko orduan, erroldatutako biztanleria da kontuan hartzen den baremo nagusietako bat. Baina errealitatea ez da kontuan hartzen: gure herriak ez dira soilik 6.071 (Gorliz) edo 4.300 (Plentzia) biztanleko herriak urtearen zati handi batean.
Biztanleria ofizial horri arreta emateko langile-plantilla doituak ditugu, baina jasotzen diren telefono-deiak, ematen diren obra-lizentziak, udal-bulegoetara joaten diren herritarrak edo zerbitzuen erabilera aztertuta, udalerri askoz handiagoen pareko herriak gara. Bideen, espaloien eta plazen higadura eta hiri-altzarien hausturak ere biderkatu egiten dira. Eta ez udan bakarrik; biak gara oso herri erakargarriak, eta jende asko hurbiltzen da urte osoan zehar gure inguruneaz gozatzera, egun eguzkitsuetan batez ere.
Zaila da hori guztia ekonomikoki kuantifikatzea, baina Udalkutxaren banaketan ez dago jasota. Are, gureak bezalako udalerriek, ezarri den garapen-eredua dela-eta (egoitza-turismoa), ez dute Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren bidezko diru-sarreren gehikuntza ekarriko duen produkzio-sektore sendorik. Desorekaren garrantzia ulertzeko: Zamudio Txorierriko udalerriak 2,24 milioi euro bildu ditu Ekonomia Jardueren gaineko Zergagatik bakarrik. Gorlizek 15.000 euro jasotzen ditu urtean kontzeptu horregatik, eta, Plentziak, 8.949,00 euro.
Beste datu bat, oso lazgarria: Bilbok 1.255 euro jasotzen ditu biztanle bakoitzeko, Gorlizek 907 euro eta Plentziak 886 euro. Udalerri horiek Bilboko eta beste udalerri batzuetako biztanleriaren zati bat hartzen dute urtean zenbait hilabetez, eta ez dute ezer jasotzen. Hau da, Bilboko biztanle bakoitzarekin alderatuta, Gorlizko biztanle bakoitzak 348 euro gutxiago jasotzen ditu, eta, Plentziakoak, 369 euro gutxiago.
Desberdintasun horrek erakusten du egungo sistemak zigortu egiten dituela bisitariak erakartzeko poloak garen udalerriak, eta ez duela saritzen jasaten dugun zerbitzuen benetako karga. Beraz, edo konpentsazio neurriak ezartzen dira beste faktore batzuk kontuan hartuta (biztanleria udako hilabeteetan, urtarokotasuna, benetako turismo-fluxua eta azpiegituren aparteko higadura kasu), edo eskaintzen ditugun zerbitzuek urriak izaten jarraituko dute, eta gure inbertsio eta mantentze gaitasuna ez da nahikoa izango.
Garrantzitsua da denok bidegabekeria horretaz jabetzea. Ez da kexa bat, ekitatean oinarritutako aldarrikapena baizik. Borroka bidezkoa da eta beharrezkoa den lekura eramateko prest gaude, nahiz eta eztabaidak eta presioak kalean ere egon behar duten.
Gure ahotsa indartsu eta argi entzun behar da Bizkaiko Batzar Nagusietan: garaia da Udalkutxak udalerri guztien errealitatea isla dezan, ez soilik historia osoa kontatzen ez duen erroldak utzitako zuri-beltzezko argazkia.

Eztarriak gabonetarako prest, ura bere bidean-ekin

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai
