GARA
ITURMENDI

Bi langile hil dira lan istripuan bi egunetan, Zallan eta Iturmendin

62 urteko langile bat hil zen atzo arratsaldean Iturmendin, Nafarroan, izandako lan istripu baten ondorioz. Gainera, joan den asteazkenean trenak harrapatu zuen furgoneta bateko banatzailea hil egin zen ospitalean, Lakuako Segurtasun Saileko iturriek atzo baieztatu zutenez.

Iturmendikoa mozketa lanetan ari zen eta adar bat gainean erori zitzaion. Nafarroako Gobernuak azaldu zuenez, larrialdietako zerbitzuak 16.07ak aldera dei bat jaso zuenean Altsasuko suhiltzaileak, erreskate talde bat, helikoptero bat, mediku talde bat eta medikalizatutako anbulantzia bat lekura bertaratu ziren.

Larrialdi zerbitzuek zauritutako gizona egonkortzea lortu zuten hasieran, baina jasandako traumatismoen ondorioz ospitalera eramaten ari zirenean zendu zen. Foruzaingoa gertatutakoa ikertzen ari da.

Zallako langilearen istripua asteazken arratsaldeko hirurak eta laurden aldera gertatu zen, Ibarra pasealekutik igarotzen ari zen furgoneta trenak harrapatu zuenean.

ELA sindikatuak atzo aditzera eman zuen hildako gidaria Grusar, Logistica y distribucion SLU-ko langilea zela, Amazonek banaketa lanetarako azpikontratatutako enpresa batekoa.

Sindikatuak argitu zuenez, ezbeharra «trenbide pasagune batean gertatu zen. Barrerarik ez zegoen, eta ikuspegi oso txarra zuen».