XOLE ARAMENDI
EA

«Mundo eta Universo» performance kolektiboa egingo dute gaur Ean

XX. mende hasieran Ean bizi ziren bi anaia ziren Mundo eta Universo. Izenek jakin-mina piztu eta haien biografiari tiraka, performance kolektiboa prestatu dute HEA elkarteak eta Metrokoadroka Sormen Laborategiak. Hitzordua gaur arratsaldean da emanaldi bakarrean.

Bost piezaz osatutako performancea da «Mundo eta Universo».
Bost piezaz osatutako performancea da «Mundo eta Universo». (Ainara LASA)

HEA kultur elkarteak egindako “aurkikuntza” du abiapuntu. Herrian, XX. mende hasieran, Mundo eta Universo izeneko bi bizilagun zeuden. «Erregistratuta daude eta benetako izenak dira, ez dira ezizenak», azaldu du Ainhoa Alberdik, Metrokoadroka Sormen Laborategiko kideak.

«Jakin-minak bultzatuta, HEA ikertzen hasi zen horren atzean zer zegoen. Pentsatzen zuten anarkista-edo izango zela aita, eta zerbait bitxia egongo zela istorio horren atzean», esan du.

Bilaketa sakonaren ondoren aurkitutako datuen artean, ama Zamorakoa zela jakin zuten. «Bertara joan ziren familia ezagutzera eta gero familiako 11 pertsona Eara etorri ziren egun pasa».

Mundo eta Universoren aitaren inguruan makina bat kontu aipatu izan dira, egiazkoak batzuk, egiatik urrun daudenak beste hainbat. «Gaizki esaka aritu ziren, semeak ez zituela zaintzen esanez. Kartzelan egon zen, hilketa egotzita. Kartzelatik atera zen eguneko dokumentua aurkitu dute. Dokumentu pila bat eskuratu dituzte». Esamesen artean aipatu zen Mundo eta Universo gaixorik hil zirela umetan. «Bataiatu gabe zeudenez eta kanposantuan lur eman ezinik, orduan aitak eraman omen zituen, herriko medikuaz lagunduta, karro batean. Herri osoa zeharkatu omen zuten. Baina gezurra da, ez ziren biak batera hil. Bikiak zirela ere bazioten, baina ez da hala; asmakizunak dira. Gizon honek baserria herentzian jaso zuela ere esan zen, bertan gela batean putetxe bat ireki zuela, beste batzuk kontrabandoan ibiltzen zela... Misterio asko daude».

Ainara Lasa, Ainhoa Alberdi, Andrea Berbois, Ane Zabala, Arantxa Ezkerra, Asier Sarasola, Edurne Azkarate, Galder Perez, Idoia Beratarbide, Imanol Garcia, Iraia Elias, Javier Barandiaran, Jurdana Otxoa, Jurgi Sarasola, Maite Aizpurua, Oier Guillan, Oihana Vesga, Oscar Picazo, Rakel Salinas. Metrokoadroka artista sareko 19 artistek osatu dute performance hau. Performancearen hasiera eta bukaera artista guztiek elkarrekin egingo dituzte. «Gonbita egin zaio Metrokoadrokan inoiz parte hartu duen orori», dio Alberdik.

Arautik kanpo irteten ziren, eta ideia honi heldu dio Metrokoadrokak. «Garai hartan Mundo eta Universo izenak jartzeko, ez bataiatzeko... Gurasoak ez ziren ezkondu. Aita hildakoan, ama beste gizon batekin elkartu zen eta harekin bai ezkondu zen. Berriro Zamorara joan zen bizitzera. Moldetik ateratzen dena kritikatua, juzgatua da, txutxu-mutxuak sortzen dira bere inguruan. Batzuk egia izango dira, eta besteak ez. Bai lehen bai orain, berdin-berdin», esan du ekoizpenaz arduratu den Alberdik. Kalez kale ibiliko den desfileak irekiko du ekitaldia. Eskolondo Kultur Etxean 17.45etik 19.00etara, bost gunetan sakabanatuko da ekintza performatiboa. Bost pieza ondu dituzte, museoaren kontzeptua landuz. ‘‘Museo bizia’’. «Publikoa alde batetik bestera mugitu ahal izango da, sorkuntza bat eta bestea ikusiz», argitu du Alberdik. Antzerkia, literatura, dantza, arte plastikoak eta argiak eta soinua, denak eskua emanda. Pieza bakoitza ikerketari geratu zaion “hutsune” bat osatzen saiatuko da, artearen bitartez. Amaierako pieza artista guztiek elkarrekin egingo dute 19.00etan, Eskolondoko frontoian.