GARA
DONOSTIA
KIROL MUNDUTIK PALESTINAREKIKO ELKARTASUNA

Hamarnaka kirolarik sinatu dute «Euskal Herria-Palestina» agiria

Ainhoa Tirapuk, Jesus Mari Zamorak, Xabier Usabiagak, Helene Alberdik, Gaizka Garitanok, Yaser Hamed euskal-palestinar futbolariak eta euskal kirol munduko ia berrehun lagunek sinatu dute jada «Herri Libreak. Euskal Herria-Palestina. Genozidioa STOP» adierazpena. Azaroaren 15ean partidara eta 17.30eko martxara joateko deia egin dute.

Gu ere bai!, Gure Esku eta Gernika-Palestina elkarteen agerraldia Anoetako estadioaren aurrean.
Gu ere bai!, Gure Esku eta Gernika-Palestina elkarteen agerraldia Anoetako estadioaren aurrean. (Jon URBE | FOKU)

Gu ere bai!, Gure Esku eta Gernika-Palestina plataformek agerraldi bateratua egin zuten atzo Donostian, Anoetako estadioaren aurrean, «Herri Libreak. Euskal Herria-Palestina. Genozidioa STOP» adierazpenaren lehendabiziko atxikimenduak ezagutzera emateko.

Agerraldian parte hartu zuten, besteak beste, sinatzaileen izenean, Ainhoa Tirapuk, Jesus Mari Zamorak, Xabier Usabiagak, Joxe Mari Mitxelenak, Mireia Epeldek, Aritz Erkiagak, Arritxu Iribarrek, Igor Eskuderok, Mikel Astarlozak, Aiur Illarretak, Xabier Mikel Errekondok, Kike Zurutuzak, Igor Arenazak eta Martxel Toledok.

Horiez gain, Gaizka Garitano, Oier Sanjurjo, Eva Ferreira, Helene Alberdi, Xabier Peritz Euzkitze, Inaxio Kortabarria, Mikel Etxarri eta kirol munduko beste hamarnaka lagunek sinatu dute jada adierazpena.

KIROLA, ELKARTASUN TRESNA

Arritxu Iribarrek eta Jesus Mari Zamorak adierazpena irakurri zuten. Bertan, «Palestinan milaka pertsonen heriotza, herritarren desplazamendua eta lurralde oso baten suntsiketa ekarri duen genozidioa eta bidegabekeria behin betiko amaitu behar dela» nabarmendu zuten.

Bestalde, munduan herri libreak nahi dituztela adierazi zuten: «Euskal herritarrek eta palestinarrek bakean eta askatasunez bizitzeko eta beren etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea dute».

Kirola elkartasuna sustatzeko tresna gisa aldarrikatu zuten adierazpenean: «Kirolaren berezko eta jatorrizko balioak nabarmendu nahi ditugu, topagune delako, eta bizipenak elkarrekin partekatzeko eremua. Horregatik, Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko partida mundu osoari elkartasun eta bakearen alde bidalitako mezu erraldoia izatea nahi dugu».

Era berean, Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu zuten. Exijitu zutenez, Euskal Herriak, Palestinak bezala, eskubidea du bere selekzioa nazioarteko txapelketetan modu ofizialean lehiatzen ikusteko.

BORROKAK BATU DAITEZKE

Adierazpeneko puntuekin atxikimendua erakusteaz gain, sinatzaileek dei berezia egin zuten azaroaren 15ean, larunbatean, Euskal Selekzioa eta Palestinaren arteko partida dela-eta, Bilbon egingo den elkartasun martxan parte hartzera, arratsaldeko 17.30ean Arriaga plazatik San Mamesera joango dena.

Ibon Meñikak ere hitza hartu zuen eta gogora ekarri zuen kirola, herri libreak eta genozidioaren aurkako borroka batu daitezkeela eta «halaxe» egingo dela azaroaren 15ean San Mamesen.

Manifestua sinatu dutenei eskertu egin zien beren konpromisoa, «guztiek baitakite kirolak duen indarra herriak batzeko orduan», eta horri esker Europan lehenengo aldiz Palestinako selekzioak jokatuko duelako.