Lubaki berriak borroka zaharrentzat
Euskal Herriko mugimendu feministaren «laborategiaren» kokagune izaten ari da Zaldibar asteburu honetan, 700 gazte feministabildu baitira «Feminismoa lubaki» lelopean aurtengo Baterojotzean. Feminismoan puri-purian dauden gaiak -indarkeria, subjektu aldaketa...-, ikuspuntu berritzaileen galbahetik pasatuta.

«Militantzia feministarik gabe ez lukete zentzurik izango gure bizitzek», bota zuen atzo Laura Iparragirrek, Zaldibarko Olazar pilotalekuan bildutako ehunka gazteren aurrean. Eta bat-batean, ekitaldi hau jasotzen ari den emakumearen memoriak, flashback bat eginez, atzera egin zuen, 70-80ko hamarkadako asanblada feminista haietara, feminista izatea hain ondo ikusita ez zegoen garai haietara; eta beste jauzi bat, eta 2018ko lehenengo Greba Orokor feministara itzuli zen. Gezurra dirudi nola finkatu, sustraitu eta gaztetu den feminismoa azken hamarkadetan.
Horren adibide, egunotan Zalbidarren burutzen ari den Euskal Herriko Gazte Feministen Baterajotzea. 2021ean Elizondon eta 2023an Usurbilen egin ziren aurreko Baterajotzeei jarraipena emanez, aurten, ostiraletik hasi eta igande eguerdira bitartean, 700 bat partaide bildu dira Zaldibarko Olazar pilotalekuaren inguruan. Han, ondoan, 150 bat kanpin denda -euriak ez du lagundu, eskerrak ez duen hotzik egin egun hauetan-, karpa bat eta gaztetxea, tailer eta hitzaldi desberdinak egin diren tokia.
Parrandarako denbora izan zutela sumatzen zitzaien atzo batzuei, neke aurpegi dexente ikusten zirelako -«borroka eta gozamena ulertzen ditugu batera, borrokak egiten gaituelako aske», entzun genuen ekitaldian-, baina lan dexente egin zuten Baterajotzean. Gu, lekuko. Tailer guztietan jende dexente. Ehunka lagun frontoian atzoko jarduna zabaldu zuen mahai-inguru zentralean.
Oholtzaren gainean, Gazte Feministetik, Laura Iparragirre, Lide Arrieta eta Uma Ulazia, eta Bilgune Feministatik, Ekhi Petriati eta Elene Lopetegi izan ziren, egungo egoeraren diagnosia egiteko. Hastapenean, memoria eta lurraldetasuna: «Euskal feminismoarena delako gure genealogia eta Euskal Herria delako gure borroka eremua». Ondoren, gaur egungo egoera: «Egun feminismoa mobilizazio gaitasun handiena duen mugimendua da. Eta honetan gazteok gara motorra; greba, manifestazio eta jardunaldietan lehen lerroan gaudelako. Iraultza, feminista ez bada, ez da izango».
Eskuin muturreko joera planetario honen aurrean, eta jakinik une erabakior batean gaudela, euskal gazte feministek borrokarako lubakiak eraikitzeko unea dela aldarrikatu zuten. Lubaki horien artean, egun polemikoak suertatzen ari diren gai batzuk aipatu zituzten, esaterako, subjektu aldaketa; hau da, nor den feminismoaren subjektua. Euskal Herriko Neska* Gazte izatetik Gazte Feministak izatera pasatu zen mugimendua, gogorarazi zutenez, mugimendu hau transfeminista delako. Aipatu zutenez, Euskal Herriko feminismoan «nahiko onartua dago azken urteetan kategoriaren formulazio hori, espazio batzuetan zalantzan jartzen den arren».
Transfobiaren aurrean, gehitu zuten, «zehaztu beharko genituzke marra gorriak, diskurtso horrek ez izateko tokirik». Hor aipatu zuten zehazki Bernedoko Euskal Udalekuen auzia: «Jakin dugu erantzuten oso diskurtso potentearekin», kontra jarri den «makinaria latzaren» aurka.
«Ulertu dugu emakumea izatea ez dela berezkoa, emakumea ez dela jaiotzen, egin egiten dela», gehitu zuten. Egia esan, gai anitz aipatu ziren: «Hiru zapalkuntza identifikatzen ditugu: kapitalismoa, patriarkatua eta kolonialismoa. Hiru sistema elkarreraginean era nahasian ari dira egunekotasunean». Indarkeria matxistari buruz ere mintzatu ziren, eta, honen aurrean, apustua egin zen autodefentsa feministaren alde, oso modu zabalean ulertzen den autodefentsaren alde, hori bai.
«Potentzialitate propio eta handia» du gazte feminismoaren borrokak, aldarrikatu zutenez, eta, oharpen bat egin zuten: «Asko gara, geroz eta gehiago, lubaki feminista honetan, sakoneran eta zabaleran zabaldu dugun lubakian».
HISTORIA ETA GORPUTZAK
Asteburu osoan zehar, Zaldibarren burutu diren lantegietan, hainbat gai aztertu dira. Esaterako, “Gorputz politikak, argaltasun arauak eta erresistentzia lodiak” mintzaldian, Magda Piñeiro ikerlari uruguaiarrak, “Stop Gorderias”-en egileak, eta Mijo Lizarzaburu ondarroar ikerlariak egun modan dagoen joera bat agerian jarri zuten: «Osasuntsu bizi eta geure burua zaindu. Zer da zeure burua zaintzea? Zaintzea arauari egokitzea da?», galdetu zuten. Bizitza osasuntsuagoaren amua botata, beraz, maiz estetikaren indarkeriaren mende erortzen gara, betidanik emakumeok eta, azken garaiotan, gizonak ere bai: «Helburua kontrol soziala da, gu mendekoak izatea».
Gaztetxean, Lore Lujanbio hernaniarra, “Euskal demokrazia patriarkala” (Txalaparta, 2020) ikerketaren egileetako bat, historia ikastaro bat ematen harrapatu genuen. Feminismoaren ikuspegitik desberdina baita oso aztertzea historikoki nola eraiki den emakumearen papera. “Zaintzaren dispositibo patriarkala: emakume zaintzaileak ekoizteko mekanismoen analisia’ hitzaldia ere entzuleez lepo zegoen. Iñudeen garaitik amatasunaren sublimaziora, ginekologiaren sorkuntzan emakume esklaboak erabilita egin ziren “aurrerapenak”... mendeak aurrera joan ahala, zaintzaren antolaketa aldatzen nola joan den ikustea bitxia da oso.
MANIFESTAZIO JENDETSUA
Iluntzean, manifestazio jendetsua egin zen Zaldibarren. «Badago hau ukatuko duenik, baina heterosexualitatetik kanpo neska eta sexu genero disidenteon elkarguneak sortzeak asko dauka politikotik. Asko aldarritik; eragitetik eta iraultzatik», aipatu zuten bukaeran irakurri zuten komunikatuan.
«Lubaki feministetan defendatzen dugu geure burua feminismoaren aurkako eraso, misoginia moderno eta inkisizio berrituen aurrean -gehitu zuten-. Seinalatze hotz, lege errepresibo eta bortizkeriaren aurrean. Patriarkatuaren izaera sistematikoaren nahiz feminismoaren despolitizazio saiakerei aurre egiteko. Garaipen eta etorkizun feministak blokeatu nahi dituztenei, erantzun irmoa Zaldibarretik!».
Atzoko eguna behar den bezala bukatzeko asmoa zuten: jai giroan, eta gaur eguerdian itxiko dute, azkenean, aurtengo elkargunea. Hurrengo hitzordua zein izango den? Azaroaren 25ean, alegia, Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunean. Eta honi dagokionez, argi utzi zuten honakoa: «Aldarriz beteko ditugu gaztetxeak, lantokiak eta kaleak. Inoiz baino gehiago, lubaki feministaren garaia da. Antolakuntza feministaren unea da!».

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
