Jon GARMENDIA
Idazlea

Gau zuria

Badira pare bat urte Gau Beltzari idatzi niola hementxe, jadanik ez dut guztiz oroitzen testu labur hura, baina pozgarri zitzaidala berreskurapena, arimen gaua ere bazela erraten nuen ertzetatik, gure baserrian argizaiola bat pizten zutela aspaldi hartan, arrosarioak eskuetan, ardo goxoa eztarrian eta buruz ikasitako bertso zaharrak hildakoen omenez. Hortxe, basoko herriaren koktela.

Asierrek oroitarazi zidan atzo orain abian ezarri dugun gau beltz hori nahiko zuria dela halere, Halloween zuritzea besterik ez dugula egin, hau da, izena euskarara ekarri bai, baina egiteko modu iparramerikarrak mantenduz. Goxokiak, izuaren komertzioa, dirua gastatzea… halako hitzak zeuzkan atzo Asierrek. Eta errotik aldatzearen beharraz hitz egin zidan, ez nik idatzi nuen arrosario eta halakotik, kutsu erlijiosoa zuelako nireak, baina bide horretatik joan eta antzeko zerbait.

Nik baino hobeto oroitzen du idatzi hura berak. Aurten bazter askotan ospatu dela erantzun nion, eta poz ttipi bat neukala bihotz zorroan ustez, baina zulatu zidala bere ikuspuntua emanda.

Azkainen ikusi nuena erran nion azkenean, urriak 31 arratsaldetik Tor magoaren ikusgarria, haurrentzat merienda eskainia eta makillaje tailerra, joaldunak herrian zehar, talo eta xingar ikastolako gurasoen eskutik eta Burrunba elektro txaranga giroa alaitzen.

Agian, hortik dela bidea. Ezta?