NBEren hondarrak, larderiaren alde?
Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak nazioarteko legedia urratu izan duena saritu egin du, Mendebaldeko Sahararen inguruko azken ebazpenarekin, Marokoren autonomia proposamena bideragarri eta errealista dela esanez. Inoiz baino gehiago, munduko herritarrek Polisarioaren erabakiei ematen dieten sostenguak izan behar du hainbat estatuk kendu diotena.

NBEren duintasun apurrak (Albanese, Nazioarteko Justizia Auzitegia...) munduko matoiek zigortuta, laidotuta edo, onenean, ezabatuta, Segurtasun Kontseiluak erakunde horren ibilbiderik inpartzialena eta bidezkoena traizionatu eta kakaztu du Mendebaldeko Sahararen inguruko azken ebazpenaz. NBEren Asanblea Nagusiaren zenbait ebazpen urratu ditu, Nazioarteko Justizia Auzitegiaren iritziari muzin egin dio eta Europar Batasunaren Justizia Auzitegiaren ebazpenei ez ikusia.
Onartutakoak Marokoren autonomia proposamena omen du oinarri. Aurrekoak ez zuen oinarririk? Nonbait, 34 urte behar izan dituzte horretaz konturatzeko. Baina, bai, 1991ko akordioak bazuen oinarria, eta zabalagoa, autonomiaren aukera ere jasotzen baitzuen, eta Marokok ere onartu zuen akordio hura, nahiz eta gerora ez den bete Marokok nahi izan ez duelako.
Hainbeste urtez nazioarteko legedia urratu izan duena saritu egin dute orain, haren proposamena bideragarri eta errealista dela esanez, Sahararako autonomia irtenbide bakarra dela sinetsarazi nahiz. Hala ere, ez da justua eta, beraz, irtenbidea ere ez da.
NBEren Segurtasun Kontseiluak ebazpen hori onartu zuen gau berean Mohamed VI. errege marokoarrak egin zuen diskurtsoa nabarmendu dute bazuek. Diskurtso hori ez da berria, ez historikoa ez ezer, ordea; betiko purrustada inperialista baino ez, Aljeriari begira, munduaren aurrean eskuzabal plantak eginda eta ahularekin zorrotz eta boteretsuarekin otzan izateaz harropuztuta. Errefuxiatuei ere mintzatu zitzaien, eta haien familiekin elkartzeko gonbita egin zien; haien etxean maizter izateko baimena eman, alegia.
Trump eta bere ekipoaren hamaikagarren bake plan pozoitsua da. 2020. urtean haren Gobernuak Mendebaldeko Sahararen inguruko subiranotasuna aitortu zion Marokori, horren eta Israelen arteko harremanak normalizatzearen truke, eta orain Marokoren proposamena legitimatzeko saio hau.
Baina ez gaitezen emozionatu Trumpen gaitzesleok, ez baitugu AEBen kanpo politikan errepublikanoak eta demokratak bereizten dituen zantzurik, ez Vietnamen, ez Palestinan, ezta Saharan ere. 2021. urtea hasi berritan Joe Biden sartu zen Etxe Zurira, baina sahararrak ez ziren ohartu ere egin.
1975ean, edonola ere, gobernu errepublikanoa zegoen AEBetako Estatu Idazkaritzak Martxa Berdea diseinatu zuenean, duela 50 urte, baita AEBek eta Espainiak, Hassan II.arekin batera, saharar herria Marokoren eta Mauritaniaren mende uzteko akordioa sinatu zutenean ere (Juan Carlos Borboikoa zen estatuburu espainola, Franco hil hurren zegoela). Eta ez gaitezen emozionatu antiatlantista sutsuok ere. Segurtasun Kontseiluaren bileran, Errusia eta Txina abstenitu egin ziren eta. Ez zuten ebazpenaren alde egin eta jatorrizko testua aldatzea lortu zuten, Mendebaldeko Sahararen autodeterminazio eskubidearen aipua sarrarazita; hala ere, beto ahalmena zuten (beste baterako utziko ditugu mendebaldeko gobernuei Israelekin harreman oro hausteko exijitzen diegun bitartean oharkabe gertatzen zaizkigun jarrerak).
Ikusteko dago zer-nolako tartea duen orain aldeen arteko elkarrizketak. Mendebaldeko Saharako herriaren ordezkari Fronte Polisarioa negoziatzeko prest dago, ostiraleko ebazpena baino lehen bezala, baldintzarik gabe, eta bere herriaren nahia gauzatuko duen konponbidea, nazioarteko zuzenbidearen araberakoa, helburu.
Inoiz baino gehiago, munduko herritarrek Polisarioaren erabakiei ematen dieten sostenguak izan behar du hainbat estatuk kendu diotena. Konponbidearen eta, beraz, justiziaren alde. Saharar herriaren alde.

Zupiria emula a Erkoreka en no reconocer lo que se ve en imágenes

«Gaur egun, zoritxarrez, Kattalin asko daude gizartean»

Una marea humana en Bilbo con la causa palestina y por la oficialidad

San Mamés retumba por la libertad de los pueblos vasco y palestino
