Asier ROBLES
AIZKORA

Vicentek ez du parekorik eta laugarren txapela jantzi du

39:46 denborarekin irabazi du laugarren Euskal Herriko Aizkolari Txapelketa. Ezpeleta (43:47) eta Larrañaga (44:09), bigarren eta hirugarren.

Iker Vicente, podiumeko mailarik gorenean, Euskal Herriko Aizkorako txapelarekin.
Iker Vicente, podiumeko mailarik gorenean, Euskal Herriko Aizkorako txapelarekin. (Jon URBE | FOKU)

Ez zen ezusterik izan Euskal Herriko Aizkora Txapelketako finalean. Iker Vicente nafarrak aurreikuspenak bete eta nagusitasun osoz irabazi zuen atzo Azkoitiko Gurea frontoian jokatu zen lehian eta laugarren txapela jantzi zuen.

Finala hasi baino lehen, omenaldia jaso zuten Patxi Astibia 1968ko txapeldunak eta Joxe Mari Olasagasti 1996, 1998, 1999, 2001, 2005 eta 2010eko txapeldunak.

Lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko ahalik eta azkarren moztea izan zuten xede Iker Vicentek, Hodei Ezpeletak, Julen Alberdi Txikia IV.ak, Mikel Larrañagak, Xabier Zalduak eta Julen Gabirondok.

Vicente laster hasi zen aldea egiten. Txapelketako erdialdera heltzean minutu bat baino zertxobait gehiago ateratzen zion Txikia IV.ari, eta bi minutu, Larrañagari. Hortik aurrera kontrolpean izan zuen lehia. 39 minutu eta 46 segundoko denborarekin lortu zuen laugarren txapela. Hala ere, ez zuen iazko denbora hobetu, 35 minutu eta 39 segundokoa izan baitzen.

«Urteko helburu nagusia hau da. Txapel honetan pentsatzen ibili naiz urte osoan, eta hau beteta lasaitasuna eta kristoren poza sentitzen dut», adierazi zuen Otsagabiko txapeldunak lanak bete berritan.

BIGARREN TOKIRAKO LEHIA

Irabazlea nor izan zen argi egonda, bigarren tokirako izan zen lehia. Gorabehera handiak izan ziren. Hasieran Txikia IV.ak hartu zuen aldea, baina txapelketako bigarren partean errendimendua jaitsi zuen. Mikel Larrañagak hartu zuen ondoren bigarren postua, baina Hodei Ezpeleta atzetik gogor etorri zen eta aurrea hartu zion azken enborrean 43:47 denborarekin bukatuta.

Hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen Larrañagak, 44 minutu eta 9 segundo eginda. Julen Alberdi ‘Txikia IV.a’ laugarren izan zen (45:42), Julen Gabirondo, bosgarren (48:05), eta Xabier Zaldua, seigarren (48:38).