Delphine de Vigan euskaraz, «Esker onak» eleberrian
Aiora Jakak ekarri du Delphine de Vigan idazlearen mundua euskarara lehen aldiz «Esker onak» eleberrian. Zahar etxe batean dagoen emakumearen istorioa kontatzen du: hitzak galtzen hasi, eta beretzat garrantzitsuak izan diren pertsonei eskerrak eman nahi dizkie.

“Esker onak” eleberriaren muinean galdera bat dago, Inazio Mujika Ereineko editorearen hitzetan: «Zer gertatzen zaigu hitzak nahasten eta desagertzen zaizkigunean?». Delphine de Vigan Estatu frantseseko idazle eta gidoilaria ekarri du lehen aldiz euskarara Aiora Jaka itzultzaileak. Frantsesezko eleberri hori 2019an argitaratu zen.
De Viganek «ahots sentibera eta oso pertsonala» duela azaldu zuen Mujikak, eta batez ere giza harremanak jorratzen dituela eleberri honetan: «Familia, lagunartekoak, emozioen mundua da Delphinen mundua; emozio konplexuak bizi dituzte bere pertsonaiek eta eguneroko bizitzako xamurtasuna eta zaurgarritasuna agertzen dira».
Michka da istorioko protagonista; «emakume edadetua da, kasik gaur arte ibili da bere kasa bizitzen, bere etxean, baina halako batean afasia baten ondorioz zahar etxe batean sartu beharra dauka; hitzak galtzen ari zaizkiola konturatzen da», deskribatu zuen labur pertsonaia Mujikak. Bi pertsona «laguntzaile» ere agertzen dira istorioan, Marie eta Jerome. Lehena txikia zenean berak zaintzen zuen bizilaguna da, asteburuetan zaharren egoitzara bisitan joango zaiona, eta Jerome egoitzako logopeda da, astea berarekin pasatzen duena. Bi pertsonaia horiek dira narratzaileak; txandaka kontatzen dute.
«Oso istorio xamurra da. Xamurtasuna eta goxotasuna dira nagusi, pertsonen arteko lotura ezkutua, giza harremanen garrantzia, elkarrekiko zor morala, eskerrak ematearen garrantzia… Bizitzako zoritxar txiki eta handiak kontatzen dira», argitu zuen Jakak.
HITZEN GARRANTZIA
Izenburuari buruz, “Esker onak” horren arrazoia honela azaldu zuen Jakak: «Inporta zaizkigun pertsonei esker ona adieraztearen garrantziaz ari da. Protagonistak, hitzak galtzen ari dela konturatzen denean, berandu baino lehen eskerrak ematen ditu, obsesio bihurtzen zaio iraganeko pertsona garrantzitsuak bilatu eta eskerrak ematea».
Hizkuntzaren eta hitzen garrantzia gako garrantzitsuenetariko bat da eleberrian, eta aldi berean itzultzaileak aitortu zuen «erronka nagusia» horixe izan zela. Izan ere, pertsonaia nagusiaren gainbehera abiatzen denean, lapsusak izaten ditu, «hitzak nahasi egiten ditu, eta horrek umore ukitua ematen dio; batzuetan, hitz baten ordez antzeko bat esaten du, baina esanahi guztiz ezberdina duena».

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?

El TEDH falla que París conculcó los derechos de Ibon Fernández Iradi

Agentes del «caso Zabarte» dicen que los proyectiles «cayeron de una bolsa»
