GARA
ANDOAIN

Jakoba Errekondo, Rikardo Arregi sarien ohorezko mugarria

Jakoba Errekondo Saltsamendik (Usurbil, 1961) jasoko du 2025eko Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren ohorezko mugarria. Sariketa azaroaren 26an egingo da Usurbilen, eta bertan iragarriko dute Kazetaritza eta Komunikazio saria nortzuek eskuratuko duten.

Errekondo agronomoa eta paisaia antolatzailea da eta epaimahaiak aintzat hartu du Errekondok baratzea «gure bizitzen erdigunera» ekarri duela azken urteotan, hirian zein baserri inguruetan. Euskadi Irratian eta ‘‘Argia’’ eta ‘‘Elhuyar’’ aldizkarietan argitaratu ditu bere lanak eta hainbat argitalpen ere baditu; esaterako, Olarriaga marrazkilariarekin egin duen baratze egileen agenda eta ‘‘Bizi baratzea’’ izeneko liburuak.

Irakurle eta zaleengana heltzeko baliabide garaikideak erabili izana ere goraipatu du epaimahaiak, bai zuzeneko topaketak, bai sare sozialak, podcastak zein Youtube eta Instagrameko hariak, adibidez.

«Jakoba Errekondorentzat baratzea da gelditzen zaigun ‘iraultza-toki’ bakarra. Beharbada arrazoia du, Voltaire minberak zioenaren bidetik: ‘Norberak bere baratzea landu behar du’», nabarmendu du epaimahaiak.