Nerea LAUZIRIKA
BILBO
ERNAI-REN AURKAKO ISUNAK

Ernaik salatu du «benetako arazoa estaltzeko» kriminalizatu dituztela

Ernai gazte erakundea pozik agertu da isunen auzian epaitegiek arrazoia eman dietelako eta Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailari eskatu dio utz diezaiola euskal gazteria kriminalizatzeari «benetako arazoa estali» nahian. Atzo Bilbon egindako agerraldi horretan, azpimarratu zuten sententziak agerian utzi duela protestetan ez zela Ertzaintzak zioena gertatu.

Maddi Bilbao abokatua hizketan, Amaiur Egurrola Ernaiko eleduna begira duela.
Maddi Bilbao abokatua hizketan, Amaiur Egurrola Ernaiko eleduna begira duela. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Asteon jakitera eman dute, 2024ko abenduan bezala, Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako 1. Epaitegiak Lakuako Gobrnuko Segurtasun Sailaren aurkako erabakia hartu duela, Ertzaintzak Ernaiko kideei jarritako isunak murriztu edo bertan behera utzi baititu. Erabakiarekin pozik agertu zen Bilbon atzo eginiko agerraldian gazte antolakundea eta salatu zuen Segurtasun Sailak «benetako arazoa estaltzeko» euskal gazteria kriminalizatu nahi izan duela.

Maddi Bilbao abokatuak azaldu zuenez, arrazoia eman diete, «Ertzaintzak zioen guzti hori ez zelako gertatu». Halaber, adierazi zuen epai horrek «argi eta garbi» dioela jarri zizkieten zigorrak ez zirela proportzionatuak izan. Gainera, azpimarratu zuen hiru epailek ebatzi dutela gauza bera eta «ospatzeko moduko sententzia» dela berretsi zuen abokatuak.

Amaiur Egurrola Ernairen bozeramaileak gazte antolakundeak salatu izan duena gogora ekarri zuen atzo berriro ere. Hau da, «Ernai ekonomikoki itoz politikoki desagerrarazi» nahi izan dutela, baita aurrekari bat ezarri ere.

Alde horretatik, beste behin ere «Eusko Jaurlaritzaren jarrera arbitrario, desproportzionatu eta antidemokratikoa» salatu zuen Egurrolak, iritzita Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteen espetxeratzearen aurkako mobilizazioak era horretan jazartzea «eskubide sozial eta zibilen aurka egitea» dela.

Halaber, gazte antolakundeko eledunak esan zuen ez dela auzi isolatua: «Ernairen aurkako erasoan beste pauso bat eman badute, hori ahalbidetzen duen sistema bat dagoelako izan da».

ARAZOAK ESTALTZEKO AITZAKIA

Hori dela eta, gogoetarako gonbita luzatu zuen Egurrolak, «are gehiago, azken asteetan martxan jarri duten zirkua ikusita», esan zuen Gasteizen Falangeak Ertzaintzaren babespean egindako ekitaldiari aipamena eginez: «Benetako arazoa estaltzeko euskal gazteria kriminalizatzen dutenak dira epaitegietan agerian geratu direnak».

«Arazoa» ezin argiago seinalatu zuen Ernairen bozeramaileak: alegia, «faxistak babestu eta gazteria antifaxistari modu sistematikoan erasotzen dioten horiek» direla. Horrela, mezu zuzena bidali zion Lakuako Segurtasun Sailari: «Zupiria, euskal faxistak aurkitu nahi badituzu, bilatu ezazu Arkautin».

Ezarritako zigorren eta ebazpenen berri ere eman zuten agerraldian. Epaileak Bilboko ekimeneko 2.500 euroak «desproportzionatuak» zirela esan zuen, eta honako erabakia hartu duela jakinarazi zuen Egurrolak: «Gasteizko ekimenen indargabetzea eta Bilboko isunak minimora jaistea, 2.500etik 600 eurora, hain zuzen ere». Prozesu judizialaren kostua ere Lakuak bere gain hartu beharko duela ebatzi zuten epaitegiek.

Egurrolak gogora ekarri zuen hirugarren salako bi epaiketa eta laugarren salako behin betiko ebazpena irekita daudela, baina urrats berri hau ospatu eta borrokan jarraitzeko asmoa agertu zuen Ernairen izenean.