XOLE ARAMENDI
DONOSTIA
Elkarrizketa
Jon Plazaola
Aktorea eta umoregilea

«Momentua baliatu behar dugu euskarazko fikzioari eta komediari bultzada emateko»

«Aa aita» bakarrizketa ondu du Jon Plazaolak. Aitatasunak erabat irauli du umoregilearen bizitza eta umorearen betaurrekoez begiratutako hainbat eguneroko egoera aurkituko ditu publikoak eszenan, horietako asko ezagunak egingo zaizkienak guraso direnei. Etzi eskainiko du estreinakoz Donostian. Ondoren Gasteizen, Iruñean eta Bilbon arituko da.

(Mario LEZAUN)

Irailean Urretxun, jaioterrian, eskaini zuen lehen aldiz “Aa aita” bakarrizketa. «Oso sentsazio onekin atera nintzen. Herrian aurrestreinaldia egitea, edo lehenengo aldiz lan bat aurkeztea, bi ahoko labana bezala da. Herrian zaude, ezagutzen duzu ingurua eta badakizu jendearen babesa jasoko duzula. Herritarrek nahi dute niri gauzak ondo ateratzea. Baina, beste alde batetik, presioa ere sentitzen duzu. Nahi duzu zerbait berezia egin, egoten da beti barruan urduritasuna. Nire kontu pertsonal batzuez hitz egiten dut, nire gauza intimo batzuk-eta plazaratu ditut, eta, noski, herritarrek ezagutzen naute ni, nire familia, nire historia. Herritik kanpo egiten dudanean testuingurua zein den azaldu behar dut», dio.

Donostian (Lugaritz kultur etxean) ikusiko du argia etzi (azaroak 7). Gasteizen (Jimmy Jazz) azaroaren 27an, Iruñean (Antzerki Eskola) eta Bilbon abenduaren 4an (Campos Eliseos) dira hurrengo hitzorduak. «Lehenengo funtzio horiek oso garrantzitsuak izaten dira, gero bidean ikuskizunak bere bizitza propioa izaten du eta aldaketak izaten ditu».

Biraren lehen txanpan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan emanaldiak lotuta izatea ez da egunero gertatzen. Barreman ekoiztetxearen meritutzat du. «Gustatzen zait nola diseinatzen ari diren bira: hiriburuetatik hasi gero herrietara joateko. Lehenengo lau emanaldiak toki garrantzitsuetan izateak presioa gehitzen dio denari, hori egia da, baina, beste alde batetik, ondo dago, biraren diseinuari eta ikuskizunari berari taxua ematen dio. Gogo handiz nago». Lan berria deskribatu eta ikusle potentzialari “amua” jartzera gonbidatu dugu. «Barre egiteko da. Denok daukagu beharra, eta, gainera, uste dut publikoak bereziki behar duela horrelako gai batekin izatea. Lau pareten artean izaten ditugun bizipenak askotan etxean bertan gelditzen dira eta iruditzen zaigu guri bakarrik gertatzen zaizkigula. Parkean edo kanpoan beste guraso batzuekin irekitzen garenean, konturatzen gara beste etxeetan ere errealitate antzekoak bizitzen dituztela. Bakarrizketa bada denon artean talde terapia moduko bat egitea. Uste dut jende askok enpatizatuko duela nik kontatzen ditudan gauzekin», adierazi du.

Topikoez harago joaten saiatu da. «Komikotasunaren erreminta da, baina gehiegi erabiliz gero aspertu egin daiteke ikuslea. Ez zait iruditzen topikoetara hainbeste jo dudanik, toki komun batzuetara bai, jendea identifikatuta sentitu dadin. Bakarrizketari berezitasuna ematen dio nire ikuspuntu pertsonala izateak; nire bizipen pertsonalera jo dut».

Umoreak hausnarketarako bide ere eman dezake. Bada hori helburua? «Asmoa da momentu dibertigarri bat pasatzea. Baina egia da mezu bat helarazteko asmoa ere badagoela», argitu du.

Ikusi eta egunetara oraindik buruan bueltaka duzun funtzioak dira interesgarriak. «Bai, kalean zoazela baten batek errepikatzen dizunean zuk bakarrizketan botatako zerbait, transmisioa ematea, jendeari mezua iristea, hori da guri gerta dakigun gauzarik politenetako bat», azaldu du.

Garbi dago aita izateak erabat irauli duela. Esana du aitatasuna dela «bere zoriontasun handienen arrazoia eta baita zure drama handienena ere». «Bai, hori izango litzateke bakarrizketa honen log line-a [gidoiaren laburpen modukoa]. Egia da, aitatasunak bizitza guztiz aldatu dit, lehentasunak ere aldatu dizkit tokiz. Zeozer espero nuen, baina ez bizi dudan moduan bizitzea», kontatu du.

SEMETASUNA

«Egia esan, Teo jaio aurretik plan bat eratu nuen nire bizitza pertsonala, aitatasuna eta gurasotasuna kasu honetan, bideratzeko. Plana momentuz ondo ateratzen ari da; horrek esan nahi du nire umearekin denbora asko pasatzeko aukera izaten ari naizela. Aitatasuna bizitzeko aukera handia ematen dit eta egia esan horrek talka egiten du nik izan dudan aitaren erreferentziarekin. Nik ikusi nuen aita bat egunero zortzi orduz fabrikara joaten zena; goizez fabrikan baldin bazegoen, arratsaldean adibidez baserrian amamari laguntzen ziona. Ez nuen hainbeste denbora pasatzen nire aitarekin, Teok nirekin egiten duen bezala. Orduan, ostras! Horrek perspektiba bat ematen dizu eta hausnarketa sortzen dizu. ‘Teorekin denbora pasatzen saiatuko naiz’, pentsatu nuen, baina ez nuen uste hain intentsoa izango zenik», aitortu du.

«Askotan esaten dut nire semetasunarekin oso zoriontsu naizela, eta aitatasunari oraindik neurria hartzea kosta egiten zaidala», gaineratu du. Aurreko lana, “Tu, tum, platz!”, euskaraz sortu zuen etxetik gertu lan egiteko asmoz. Berdin “Aa aita”.

Umoregintzak Euskal Herrian bizi duen osasunaz galdetu diogu. «Umorea osasunez oso ondo ikusten dut, ze nik uste dut Euskal Herriak beti umorea izan duela eta eskerrak, ez? Zeren herri honetan gertatu direnak jasateko eta aurrera ateratzeko... Umorerik gabeko iraultza, gorringorik gabeko arrautza...», erantzun du.

«AUSARDIA ETA TALENTUA»

Baikorra da. «Oraintxe bertan umoregintzan esperantza handia daukat jarrita. Ikusten dut jende asko ari dela euskaraz umorea sortzen. Stand up formatuak [eszenatokian bakarrik dagoen umoregilearen bakarrizketa], konkretuki, bizi du nolabaiteko loraldi bat. Jende asko ari da ateratzen bakarrizketak egitera, oso ausarta eta talentuduna. Horrek harrobia sortzen du, ohitura sortzen du, ikusleak hezten ditu. Orain publikoak badaki zer ikustera datorren. Guri hasieran gertatzen zitzaigun ez zekiela zehatz-mehatz zer ikustera zihoan. ‘Pertsona bat, mikrofonoa eskuan, ez dakit, txisteak zuzenean ez, egoerak kontatuz... Hau zer da?’. Bageneukan erreferentziaren bat, garai hartan, ‘El Club de la Comedia’ eta horrelakoak, 2000. urte hasieran hasi zirenak, baina gaur egun nik uste jendea askoz ere ohituago dagoela. Eta horrek asko laguntzen dio jendeari ausartzeko orduan, oholtza gainera igo eta beraien materiala entzuleen aurrean aurkeztera».

«‘Barre librea’ ETBko saioan genbiltzanean Aitziber [Garmendia] eta biok Kepa [Errasti] eta Getarirekin [Etxegarai] casting bat antolatu genuen. Nahi genuena zen gogoa zeukan edozein guregana inguratzea bere materiala telebistan aurkezteko. Nahiz telebista ez den monologoak egiteko tokirik aproposena. Eta garai hartan etorri zirenak orain kartel askotan ikusteak kristoren ilusioa egiten dit, niretzako izugarria da», jarraitu du.

OLATUA

Gaur egun bizi dugun abagunea aprobetxatu beharra ikusten du. «Ikusita oraintxe bertan zinema karteldegietan badaudela euskaraz egindako pelikula asko, momentu hau baliatu beharra daukagu euskaraz sortutako fikzioari, komediari eta guztiari bultzada emateko. Momentua harrapatzen baldin badugu, etorkizuna ere gurea izango delako».

Barreman ekoiztetxea ari da bidea egiten. «Duela hiru urte inguru sortu zen Bidea musika promotoratik. Adar bat sortu da stand up-erako. Antton Telleria, Ana Goitia eta hirurok gaude momentuz ekoiztetxean. Mesede handia egiten dio stand up-aren joerari».