Sei urteko kartzela zigorra ezarri diote Eric Olhatsi, sexu abusuengatik
Eric Olhats, Baionako Aviron futbol klubeko entrenatzaile izan zena, bere etxean atxilotu zuten 2022ko maiatzaren 11n. Horren ondotik, jujeak behin-behineko presondegiratzea agindu zuen Aviron Bayonnaiseko entrenatzaile eta Realeko jokalari bilatzailea izan zen gizonaren kontra.
Espetxetik heldu zen asteartean Baionako auzitegira. Adingabeei sexu ukituak egiteagatik bere aurka irekitako auzia goizean abiatu zen. Baionako futbol klubeko sei jokalari ohik aurkezturiko salaketan oinarritua zen auzia. Frantziar legearen arabera, hamar urte arteko kartzela zigorra jaso lezake kirol trebatzaile ohiak. Biktimen lekukotasunak entzun ondoren, fiskalak 8 urteko kartzela zigorra galdetu zuen. Finean, jujeak 6 urteko zigorra ezarri zion.
Jujearen aitzinean egotzi zizkioten kargu guziak ukatu zituen, ordea, Olhatsek. Hainbat jokamolde eta jarrerari buruz galdetuta, «interpretazio kontua» zela erantzun zuen Antoine Griezman jokalari ezagunaren gidari izan zen entrenatzaileak.
Akusazio zinez larriei erantzun behar izan zien 62 urte dituen entrenatzaile ohiak. Zehazki, «15 urteko adin txikikoei sexu ukituak» egin eta «adin txikikoen irudi pornografikoak ukaitea» leporatu zioten.
GUTUN BIDEZ
Marc Bride prokuradorearen axuantak idatzitako txostenak 2019an gutun anonimo baten bidez jasotako salaketa du abiapuntu. Idatzi horrek Eric Olhatsek jokalari gazteei «keinu desegokiak» egiten zizkiela jakinarazten zuen. 1998 eta 1999an gertatu izanen lirateke abusuak, salatzaileek 15 urte zituztenean.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
