PUBLIERREPORTAJEA

EROSKIK ETA BASQUE CULINARY CENTERREK GAZTEEN TALENTU BERRITZAILEA SARITU DUTE

EROSKIK eta Basque Culinary Centerrek, bosgarren urtez jarraian, EROSKI-BCC Onenak sariak bultzatu dituzte, elikadura eta gastronomia ulertzeko modua eraldatzen ari diren BCC alumni komunitateko kideen proiektuak babesteko. Proiektu horiek tokiko produktuarekin, jasangarritasunarekin eta berrikuntzarekin duten konpromisoagatik nabarmentzen dira, bi erakundeek partekatzen dituzten balioak hain zuzen.

Joxe Mari Aizega, BCCko zuzendari nagusia, eta Rosa Carabel, EROSKIko CEOa, saritutako gazteen alboan.
Joxe Mari Aizega, BCCko zuzendari nagusia, eta Rosa Carabel, EROSKIko CEOa, saritutako gazteen alboan. (EROSKI)

Aurtengo edizioan, Esther Merino izan da aitortuetako bat; Gastronomia eta Sukaldaritza Arteetan graduduna Basque Culinary Centerren, aitzindaria izan da alkoholik gabeko NoLo edariak sortzen eta hartzidura artisauen teknikak garatzen. Bere lanaren ardatza freskagarri industrialen alternatiba osasungarriak sortzea da, tokiko eta sasoiko osagaiak erabiliz. Bigarrenik, Lola Palacio saritu dute; Sukaldaritzako Berrikuntza eta Kudeaketa Masterra egin zuen Basque Culinary Centerren eta, Iñaki Gomezekin batera, Asturiasko Villaviciosako Castiello de Selorion dagoen Alenda jatetxearen jabea da. Iraunkortasunean eta zero kilometro ereduan oinarritzen du bere proposamena, arreta pertsonalizatuaren eta giro atseginaren bidez bezeroak asturiarren ingurunearekin konektatuz. Horiekin batera, Jon Iñaki Yurrebaso, Bizkaiko Axpen dagoen Mendi Goikoa Bekoa jatetxe eta hotelaren jabea saritu dute. Sukaldaritza Zientzien eta Arteen arloan graduatua, Gastronomiaren 100 talentu gazteetako bat dago kontsideratua.

Aitorpenen banaketa ostiral honetan izan da Basque Culinary Centerren, Miramonen (Donostia), eta ekitaldian izan dira, ikastetxearen ordezkari, Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusia, eta Vicente Atxa, Patronatuko presidente eta Mondragon Unibertsitateko errektorea. Eroskiren aldetik, bertaratu dira Rosa Carabel, kooperatibako CEOa, eta Asun Bastida, Taldeko Harreman Instituzionaletarako eta Komunikazio Korporatiborako zuzendaria. Bertan izan dira, halaber, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak, baita Donostiako gaur egungo alkate Jon Insausti ere. Horietaz gainera, topaketan izan dira, era berean, nekazaritzako elikagaien industriako ehun profesionaletik gora eta erakundeak, elkarteak eta hedabideak. Bertaratuek esperientzia gastronomiko paregabea izan dute, hiru sarituen eskutik prestatutako platerak eta edariak dastatuta.

ABERASTASUN GASTRONOMIKOA

Hitza hartu duenean, Rosa Carabelek azpimarra jarri du berrikuntza eta tradizioa uztartzen egin duten lanean: «EROSKIn berrikuntzaren alde egiten dugu, gure sustraiak galdu gabe, eta bertako ekoizleekin elkarlanean aritzen gara, ikuspegi bat partekatuz: gure eskualdeen aberastasun gastronomikoa zaintzea, biodibertsitatea babestea eta gure nortasunaren parte diren langintza tradizionalei bizirik eustea. Gure ustez, etorkizuna eraikitzeko inspirazio-iturri da tradizioa; horregatik aitortzen ditugu gaur gure gastronomiaren onena zainduz etortzekoa dena irudikatzeko ausardia dutenak».

Joxe Mari Aizegak, berriz, hauxe azpimarratu du: «Bosgarren urtez jarraian emango ditugu EROSKI-BCC Onenak aitortza sariak. Ekimen hau sortu zenean, gure helburua zen gure ikasle ohietako askok duten espiritu ekintzailea ikusaraztea, lan bikaina egiten ari baitira tokiko produktuaren, iraunkortasunaren, osasunaren eta berrikuntzaren arloan. Aitortza hauen ibilbide sendoak erakusten du nolako talentua duten gure ikasgeletatik pasatu diren gazteek. Ekimen hau Eroskirekin batera garatzeak, berriz, adierazten du biok gaudela konprometituta belaunaldi berriekin, etorkizuneko gastronomia eta elikadura markatuko dituzten belaunaldiekin, hain zuzen».

ETORKIZUNEKO ELIKADURA

EROSKI-BCC Onenak aitortza ekitaldietan, aditu-batzorde baten bidez hautatu izan dira Basque Culinary Centerreko graduan edo master edo programa profesionalen batean trebatu diren profesionalak. Horiek proiektu propioak jarri dituzte martxan berrikuntzarekin, iraunkortasunarekin eta tokiko produktuekin konprometituta; hiru kontzeptu horiek dira gastronomia lokalaren oinarria eta etorkizuneko elikaduraren ardatza, eta bi erakundeek modu aktiboan sustatzen dituzte beren ekimen guztietan.