Lakuak Euskalteli buruz: «Herri proiektu baten kontrola galdu zen»
Lakuako Ogasun eta Finantza sailburuak, Nöel D’Anjouk, atzo Gasteizko Legebiltzarrean aitortu zuenez, «nazioarteko funtsen sarrerak eta sustraitze konpromiso baten faltak arriskuan jarri zuten Euskaltel, eta herriaren proiektu eta Euskadiko garapen teknologikoaren erreferente izan zen enpresaren benetako kontrola galdu egin zen».

Euskaltel enpresa publiko gisa jaio zen, baina «nazioarteko funtsen sarrerak eta sustraitze konpromiso baten faltak arriskuan jarri zuten». Ondorioz, «herriaren proiektua eta Euskadiko garapen teknologikoaren erreferentea izan zen enpresaren benetako kontrola galdu egin zen».
Hala onartu zuen atzo Noël D’Anjou Lakuako Ogasun eta Finantza sailburuak Gasteizko Legebiltzarrean, EH Bilduko Ander Goikoetxea parlamentariak Orangek Euskaltel erosi izanaz galdetu zionean.
Euskaltel MásMovil-en parte izatera pasatu zen 2021ean, enpresa horrek 2.000 milioi euroren truke erosi zuenean. 2022ko uztailean, MásMovil eta Orange MásOrange enpresan batu ziren, eta joan den astean multinazional frantses batek MásOrange osoa erosi zuen. KKR, Providence eta Cinven funtsek euskal inbertitzaile talde batekin batera beren esku zuten konpainiaren beste erdia erosi zuen multinazionalak, 4.300 milioi eurorengatik.
FINANTZA KRISIA
D’Anjouk 2008ko finantza krisian kokatu zuen gertatutakoaren jatorria. Europako Banku Zentralak «nahitaez bete beharreko» arau batzuk jarri zituen orduan. Horien arabera, finantza entitateek beren negozio nagusiari erreparatu behar zioten eta murriztu egin behar zuten enpresetan eta industrian zuten parte hartzea.
Azaldu zuenez, Kutxabanken irteerak atzerriko kapitalaren sarreraren aurrean arriskuan utzi zuen Euskaltel. Sailburuak baieztatu zuenez, Gobernuak ez zuen halako egoera batera iristerik nahi. Guztiz kontrakoa: «Enpresa estrategikoek herri honekin lotuta segitzea nahi du Gobernuak, baita bere egunean funtsen eskuetara pasatu zirenak berriro hemen sustraitzea ere», adierazi zuen.
Nöel D’Anjouk iragarri zuenez, Imanol Pradalesen Gobernuak MásOrange taldeko arduradunekin biltzeko asmoa du datozen egunetan, «konpainiak Euskadirekin duen konpromisoa eta lurraldearekin duen inplikazioa zein den lehen eskutik ezagutzeko».

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?

El TEDH falla que París conculcó los derechos de Ibon Fernández Iradi
