Larraitz UGARTE ZUBIZARRETA
Abokatua
GAURKOA

Benetako ipuina

Duela egun batzuetako guardia batean tokatu zitzaidan. Beste abokatu askok bezala, genero indarkeriako txandak eta atxilotua artatzeko txandak egiten ditut. Egun horietako bat zen; telefonoa, beti eskura. Dei bat, Ertzaintzaren komisariatik. Gazteleraz, maiz, maizegi bezala. Neska pakistandar bat dutela bertan salaketa jartzeko laguntza behar duena, baina «arazotxo» bat dagoela: neska euskaraz konpontzen da, baina gazteleraz nahiko xelebre. Barruan halako poz batek hartu nau, ez egoeragatik beragatik, noski, neska honek euskaraz mintzatu nahi duelako baizik. Zortea izan du: txandan abokatu elebiduna tokatu zaio. Bestela, biktima bezala ez du euskaraz artatua izateko eskubiderik bermatuta.

Banoa eta ertzainak, euskaraz hitz egiteko joera falta duela nabari den arren, egiten du esfortzua; eskertua nago, ez baita maiz, maizegi, horrela. Neska entzutea marabilla bat da. Amak urdua eta ingelesa soilik egiten du, berak amarekin urdua, nik amarekin ingelesa eta gure artean euskara, bertakoa. Paperak bete behar, halere, eta horiek ele bitan badaude ere, gaztelerarako joera dute. Salaketa amaitzear dagoenean, galdera: ea hurrengo egunerako itzultzailerik behar duen, urdukoa. Berak ezetz, berak euskaraz egin nahi duela. Aiba dios, ertzainak, behin eta berriro galdetu ondoren, «bale», eta formularioan, euskara itzultzailearen hutsunean klik egin du. Izenaren eta hizkuntz eskakizunaren artean ez dago korrelaziorik eta harrituta begiratuko dute asuntoa Eusko Jaurlaritzako estatistikak egiten dituztenek. Ez da hautu politiko bat izan, erabaki natural bat izan da eta argi esplikatu du: hobeto esplikatzen naiz euskaraz. Kitto.

Biharamunean, goizeko bederatzietan instrukzio epaitegian dugu zita. Erasotzaileak urduko itzultzailea behar du eta itzultzaileak deitu behar dituzte, beraz. Euskarakoa eta urdukoa. Denbora aurrera doa, mantso. Neskak amarekin urduz, amak nirekin ingelesez eta neska eta ni jo eta su euskaraz, salaketaz eta bizitzaz. Gela berezi batean gaude, isolatuta, eta epaitegiko langileen arrastorik ez da. Ohituta gaude egunero epaitegietan gabiltzanok zain egotera, baina herritarrek ez dute hori merezi eta are gutxiago biktima direnek. Hamaikak emanak, galdezka hasi naiz. Urduko itzultzailea aspaldi lortu dute, azpikontratatutako enpresa batek mundu guztiko itzultzaileak ditu: georgiarrak, arabiarrak, arabiera dialekto ezberdinekoak, urdu, errusiar... menua ikaragarria da. Baina euskarazkorik ez dago. Eta administrazioak eskaintzen duena? Bat edo bi ei daude, jubilatuta, bajan edo beste nonbait... bila jarraitzen dute. Berriketan jarraitu dut. Zer pentsatuko ote du ingelesa hain ondo menperatzen duen amak «herrialde garatu eta modernoa zela suposatzen zuen lurralde honetaz»?

Ordu biak kuartzoan etzanak eta gose gara guztiok. Urduko itzultzailea asper-asper eginda, baina euskarako itzultzailea missing, esplikatzen diot amari. Atera naiz berriro gelaxkatik. Neskak euskaraz egitea derrigorrezkoa den galdetu didanari bota diodan begiradarekin otzanduta aldendu da. Benetan gerra batean sartzen ari naizen sentsazioak inbaditzen dit gorputza. Neska honek euskaraz deklaratuko du eta kitto. Hala nahi duelako eta eskubidea duelako eta ni bere interesak defendatzeko nagoelako. Eta, noski, bordea ni naiz, estremista, esango dute ahapeka urteak hemen eman arren euskaraz «kaixo» ere esaten ez dakiten funtzionario batzuek.

Alternatiba bila hasi gara. Bi aldeen abokatuak euskaldunak gara, biktima euskalduna da eta epaileak esan du berak ere badakiela. Fiskala ez da azalduko. Orduan atrebentzia bat izan dut eta galdetu ea zergatik ez dugun deklarazioa euskaraz egiten. Epaileak ezetz, gazteleraz grabatu behar dela (!!!) eta itzultzailea behar dela bai ala bai. Azkenean, epaitegiko langile batek, itzultzaile ofiziala izan ez arren, bere burua eskaini behar izan du deklarazioa itzultzeko.

Ia hirurak direnean pasa gara deklarazio gelara. Neskari galderak gazteleraz egitea eta berak euskaraz deklaratzea hobetsi du epaileak, «denbora aurrezteko». Nire txanda iritsi denean euskaraz hasi natzaio galdezka eta epaileak gazteleraz galdetzeko eskatu didanean esan diot izugarri nabari dela galderak gazteleraz egiten zaizkionean gazteleraz erantzuten saiatzen dela eta askoz okerrago espresatzen dela eta deklarazioetan matizak eta hitz egiteko moduak izugarrizko eragina duela, sinesgarritasunean, besteak beste. Ze gaztelerazko galderak ez ditu berdin ulertzen eta euskaraz itzultzen aritu behar izan natzaio. Epailea isildu egin zait; ez dakit nire ikuspegia konprenitzen duelako den edo xextrarik nahi ez duelako. Eskertu diot eta euskaraz mintzatzen gara nire bezeroa eta ni. Azal kolorea iluna du, jatorria atzerrian, baina bera euskalduna da, euskal herritarraz gain, eta alde izugarria dago euskaraz adierazten duen segurtasunean eta gazteleraz saiatzen denean. Ez dut uste bere hizkuntza hautuak atzetik dituen inplikazio guztiez kontziente denik, ezta hurrik ere. Baina amaitu duenean bera besarkatzeko izugarrizko gogoa sartu zait, bere kasuaz gain pasarazi dioten guztiagatik.

Buelta asko eman dizkiot harrezkero gertatutakoari. Ikaragarria da nola gauden administrazioan euskara bermatzeko bidean; onartezina, euskaldunon hizkuntza eskubideei dagokienez. Bakoitzak atera ditzala artikulu honetan kontatu dudanaz bere ondorioak, baina horrelakoa da munduko autonomia estatutu aurreratuenaren paisaia 50 urte beranduago, hizkuntz politikari dagokionez. Arazo potoloa dugu esku artean. Eta ez, arazoa ez dira, askok uste dutenaren kontra, etorkinak. Kontsentsuak bilatu eta jauzi politiko eta juridiko handi bat eman beharrean gaude, anbizio eta eskala handikoa, honela jarraitzea sinpleki onartezina baita.