Irribarrearen eta izuaren artean

Lanthimosen lan berria, “Bugonia”, “Save the Green Planet!” Hego Koreako filmaren egokitzapena da; satira distopikoa, paranoiaren eta desinformazioaren errealitatean kokatzen gaituena, jendarte modernoaren zaurgarritasunak agerian jarriz.
Istorioak Teddy (Jesse Plemons) erlezainaren obsesiozko bidaiari jarraitzen dio; honek uste du Michelle (Emma Stone), CEO farmazeutiko boteretsua, bere erleak desagertzearen eta ama hiltzearen erruduna dela eta, zorionez edo zoritxarrez, estralurtarra dela. Horrela, Lanthimosek irudimenezkoa denaren eta groteskoa denaren arteko kale estutik eramaten gaitu, non irribarreak eta dardarak elkarrekin dantza egiten duten. Emma Stoneren eta bereziki Jesse Plemonsen antzezpenak bikainak dira.
Kontakizun bitxi horren aitzakiaz, Lanthimosek tonu aztoragarri, zorrotz, gordin eta makabroa darabil, aro digitaleko deshumanizazioa, teoria konspiratzaileekiko obsesioa eta gizarte modernoko deskonexio emozionala modu zorrotzean agerian jartzeko. Izuaren eta barrearen artean dagoen esperientzia bat eskaintzen du.
Ohi bezala, Lanthimosek estetika bisual aberats, bizarro eta sarkorra darabil, baina oraingoan, aurreko bi filmetan ez bezala, narrazioaren zerbitzura jartzen du; aurreko lanetan erabiltzen zuen handinahikeriatik urrun dago. Giro kezkagarria indartzen duten irudi bortitzak sortu ditu, non koloreen konbinazioek eta eszenen konposizioek tentsio etengabearen sentsazioa pizten duten. Irudi bakoitza ikuslearen burmuinean sartzen da, eta harridura etengabea eragiten du. Jerskin Fendrixen musikak, berriz, intentsitate eta tentsio izugarria gehitzen dio kontakizun osoari.
Muturreko proposamen zinematografikoa da, umore oso beltza, zientzia fikzioa eta kritika soziala uztartzen dituena.

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa
