«Lazturak orbain», Neomak taldearen bigarren diskoa
Neomak taldeak kaleratutako bigarren diskoa da «Lazturak orbain», eta, taldekideen esanetan, «barrura begira egindako bidaia» da. Kontzertu berriak iragarri dituzte hurrengo hilabeteetarako.

Tradizioaren eta soinu berritzaileen arteko nahasketatik sortu zen Neomak 2021ean, eta handik urtebetera lehen diskoa atera zuten. Geroztik, Euskal Herriko hamaika txokotan abestu ez ezik, atzerrian ere ibili dira; besteak beste, Japonian, Hego Korean, Boisen eta Georgian. Atzo aurkeztu zuten taldearen bigarren diskoa, Bilboko La Sinsorga Kulturgune Feministan.
Abesti berriez, formatu aldaketaz eta sortze prozesuaz hitz egin zuten diskoaren aurkezpenean. Funtsean, lan berriaren xedea da «orbainak ezkutatu beharrean, horiek erakutsi nahi izatea, eta eraldaketa agerian uztea»; euren hitzetan, orbainak indargune izan daitezkeelako, «hausturak eta konponketak historiaren parte» baitira.
Euskal folklorea eta elektronika uztartuz egin dituzte abestiak, baina taldeak bilakaera nabarmena izan duela aitortu zuten, bai musikari, bai formatuari dagokionez.
ALDAKETAK
Egun, lau emakumek osatzen dute taldea: Alaitz Eskudero Unanuek, Garazi Otaegi Lasartek, Irati Gutierrez Artetxek eta Leire Etxezarreta Learretak. Halaber, berritasun gisa, zuzeneko emanaldietan beste bi musikari izango dituzte beraiekin oholtza gainean: Etxahun Urkizu, baterian, eta, bestetik, Eider Villalba, teklatu eta ahotsetan.
Hortaz, zuzeneko kontzertuak seikote formatuan prestatu dituzte, soinu tradizionalen eta elektronikaren nahasketa alboratu gabe, baina zuzeneko musika lehen lerrora ekarrita. Musikarion ustez, formatu berri horrek «indarra dakarkio taldeari» instrumentu eta ahots berriak batuko baitira.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
