Amaiera baten hasiera bat, urbizuren laukotik lehena
Ia bi urte pasatu dira Gorka Urbizuk GARAren Donostiako erredakzioan, egunkariaren 20. urteurreneko festan, «Hasiera bat» aurkeztu zigunetik. Inolako asmo handirik gabe abiatutako egitasmoa zela esan zigun lehen disko hartaz, eta bart hasi da aurkezpen bira luzeari agurra ematen Donostiako Victoria Eugenian. Beste hiru emanaldi geratzen dira.

19.34an agertu ziren oholtzan musikariak. Karlos Arancegui eta Felix Buff bateria banatan, Amaia Miranda gitarran eta Nando Neira baxuan. “Maitasun bat” joz hasi ziren, klasiko bat bira honen hasieretan. “Hasiera bat”-en hasiera bat izan da beti. Lehen hamasei konpasak pasatu ostean agertu zen, ohi bezala, Gorka Urbizu, gitarra lepora eta guztia martxan. Soinuan ahotsa berezi, patioan bazen bikoiztuta entzutearen halako sentsazio bat. Efektuaz harago, oholtzatik belarrira iritsiko balitz bezala.
Krema kolorea eta urdin hotza fokuetan. Sei albo bakoitzean, sei atzean, beste sei goian eta hiru parean. Goxotasuna eta hoztasuna tartekatuz. Harik eta atze-oihala igo eta beste jolas batzuetan hasi ziren arte. Argien dantza ikusi genuen goialdean eta atzean, Victoria Eugeniak eskaintzen duen argi bereizgarri horrekin. Publikoa ere argiztatu zuten tarteka, oholtzan ere bertaratuen beroa senti zezaten.
Arriagan bizi izandako sentsazioa aipatu zuen lehen etenean; «oso solemnea den tokia da», esan zuen, nolabait ere antzokian egonagatik ere Victoria Eugenian festa giroa nahi zuela esanez. «Hamalau urte nituen lehen taldea sortu nuenean eta oraindik ere flipatzen nau jendeak bere denbora guri eskaintzen digulako, halako komunitate sentsazio bat sortuz»; hori izan zen lehen hitzalditxoan, lehen hiru abestien ostean, gehitu zuen bigarren ideia. «Hartu baliagarri zaizuena eta goza dezagun zuzeneko musikak sortzen duen lilura arkaikoaz», bukatu zuen, “Lilura arkaikoa” abestia bera jotzeko. Erritmoa gora egina zen eta Leihotikan-entzat egindako “Etorkizuna ginenean” etorri zen atzetik, «aritmetika akats baten ondorioz zortzigarren abestia behar zutelako» sartu baitzen abestia izen bereko diskora.
Gaza eta Sahara gogoan izan zituen Urbizuk Berri Txarraken “Helduleku guztiak” abesterakoan. Kantuan ahotsa ere “Denbora da poligrafo bakarra” hartako bigarren diskoko efektu berarekin jarri zuten; izan ere, “Hasiera bat” eta disko hark badute gertutasun handi bat. Atzetik etorri zen diskurtso serioagoa, aipatuz «irudiaren diktadura horren aurrean musika plazaratzea» izan zela duela 21 hilabete hartutako erabakia.
BIGARREN ERDIAN SORPRESA
“Betazalak erauztean” bere garaian Gazteszenan entzun ahal izan genuen Katamaloren agur biran, ostegunarekin orduan ere. Maitemindu gintuen talde hark eta orbaina ere utzi zigun bihotzean, edo azalean, edo dena delakoan, zergatik ez. Peiremans+ eta El Mato A Un Policia Motorizado (talde argentinarra) taldeen bertsio bana izan ziren segidakoak; bigarrenak ezustean harrapatu gaitu.
“Herri txiki” kantuarekin hasi zuen bloke berria Urbizuk. “Bakan I” disko laburrerako sortutako kantua. Bada, handik abiatu eta hiri handi batera egin genuen salto, Anne Lukinekin batera egindako “Lisboa” abestira pasatu baikinen, moldaketa desberdina introan, baina melodia bera mantenduz. Urbizuren marka duen abestia, ezbairik gabe. «Gorantz doa» zioen une bakoitzean publikoak ere gora egin zuen kantuan, baita zutitu ere. “Diamantea” kanturako Nerea Urbizu batu da taldera, “Bakan II” laneko abestirako.
Bisa ere egon zen, baina horren berri NAIZen duzue.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
