BERRIKUNTZAN INBERTITZEA, ESTRATEGIKOA FAGOR TALDEARENTZAT
Fagorren hiru berrikuntza unitateak -Koniker, Aotek eta Edertek- ezinbestekoak zaizkio kooperatiba taldeari soluzio teknologikoak garatzeko eta merkatuko erronkei aurrea hartu eta lehiakor izaten jarraitzeko. Azken finean, gaur-gaurkoz, berrikuntza da etorkizunerako bermerik handiena.

Berrikuntzan inbertitzea behar estrategikoa da gaur egungo industria-ingurunean, izan ere, balio erantsi handiko jarduera industrialerako, ezinbestekoa da teknologia propioak eta gaitasun bereizgarriak garatzea. Lanpostuak mantentzea, enpresak sendotzea, inguruneari ekarpena egiten jarraitzea… bermatzen du horrek. Horretaz guztiaz jakitun, esanahi handiko inbertsioak ari da egiten Fagor berrikuntzan, besteren artean, bezeroei puntako teknologiak eta soluzioak eskaintzeko xedez.
Zehatz esanda, Euskal Herriko industria talde kooperatibo handiena da Fagor. Askotariko sektoreetan diharduten zortzi kooperatibez dago osatua, eta merkatuko erronkei aurrea hartu eta lehiakor izaten jarraitzeko lagungarri zaizkion hiru berrikuntza unitate ditu: Koniker, Fagor Aotek eta Edertek. Berrikuntza unitate horiek hainbat kooperatibari daude lotuta.
Besteren artean, Taldeko Fagor Arrasate eta Mondragon Assembly kooperatibei lotutako I+G+B zentro partekatua da Koniker. Beraz, haien behar teknologiko eta estrategikoetara bideratzen du haren jarduera, haien garapenean eta lehiakortasunean laguntzeko. Helburu horiekin, bada, proiektu estrategiko ugari ditu esku artean, oro har, prozesuen digitalizazioari, automatizazio aurreratuari eta energia eraginkortasunari begirakoak.
Eta bide berean ari da Fagor Aotek. Kontrol eta neurketa sistemen garapenean espezializaturiko -batez ere, makina-erremintaren sektorean- Fagor Automationi dago lotuta, eta haren helburu nagusia da kontrol, sentsorika eta digitalizazio arloetan irtenbide berriak garatzea, produktuak gero eta zehatzagoak, adimentsuagoak eta konektatuagoak izan daitezen.
Fagor Aotekek ere proiektu interesgarriak ditu esku artean, tartean, Smart Encoder Systems negozio berriari begirakoak. Horri dagokionez, posizio-sentsore familia berri bat ari da garatzen, zehaztasun eta errepikakortasun handiagoak eskaintzen dituena, formatu askoz trinkoagoetan, gainera. «Fagor Automationentzat jauzi kualitatiboa ekarriko du, hobekuntza teknologikoagatik ez ezik, dibertsifikazio aukera berriak zabalduko dituelako», azaldu dute Fagor Aoteketik.
Bestetik, Fagor Ederlan kooperatibari lotutako Edertek zentro teknologikoak ere esangura handiko ekarpena egiten dio Taldearen lehiakortasunari. Gaur-gaurkoz, automozioaren sektorean dago espezializatuta, eta esangura handiko bereizgarri bat du: gaitasun handia du I+G-ko berrikuntzak lantegietara transferitzeko. Horrek, garatutako soluzioen industrializazioa bizkortzea ahalbidetzen dio.
Abantaila horrekin, automozioaren sektoreko erronka handiei erantzuten dieten hainbat proiektu estrategikorekin ari da Edertek, batez ere, jasangarritasuna eta digitalizazioa oinarri. Beste batzuren artean, galdaketa prozesuetan sortutako karbono aztarna murrizteko teknologia berriekin ari da; ekoitzitako balazta-diskoek frenatzean sortzen dituzten partikula kutsatzaileen emisioak murrizteko material berriak garatzen ditu; eta adimen artifiziala aplikatzen du, produktuaren diseinu eta fabrikazio prozesuak optimizatzeko.
INTEGRAZIOAREN ABANTAILAK
Kooperatibetan integraturiko berrikuntza unitateak dira hirurak, eta horrek baditu abantailak, batez ere, gertutasunari eta efizientziari dagokienean. «Berrikuntza-unitateak bazkideen eguneroko errealitatea ezagutzen du, eta horri esker garatutako soluzioak benetan praktikoak eta eraginkorrak dira», azaldu dute Konikerreko arduradunek.
Edertekek, ostera, berrikuntza merkatuaren benetako beharretara fase goiztiar batean lerrokatzeko aukera eskaintzen dio Fagor Ederlan bezalako kooperatiba batean integratuta egoteak. «Horrek esan nahi du garapen teknologikoak ez direla laborategian geratzen, hasieratik aplikazio industrial argia duten soluzioak direla», argitu du.
Euren aldetik, Fagor Aotekeko ordezkariek diote berrikuntza partekatuaren kultura ere indartzen dela, «garapen, produkzio eta kalitateko taldeekin zuzenean lan eginez». «Horrek guztiak Fagor Aoteken helburuak eta jarduera Fagor Automationen estrategiarekin eta helburuekin lerrokatuta egotea ziurtatzen du», gaineratu dute.
Bukatzeko, finantziazio-ereduari egin dio aipamen Konikerrek: «Abantaila nabarmena suposatzen du, finantzaketa iturri lehiakorren aprobetxamendu eraginkorra ahalbidetzen baitu. Horrek proiektu estrategikoen jasangarritasuna indartzen laguntzen du».
EZAGUTZA PARTEKATUA
Fagor Taldeko hiru zentro teknologikoek, bestalde, konpromiso irmoa dute ezagutza partekatua eta berrikuntza irekia bultzatzeko. Alegia, elkarlanean dihardute beste zentro teknologiko batzuekin eta unibertsitateekin. Finean, lehiakortasuna eta berrikuntzaz mintzo denean, lurralde eta ekosistema osoari begiratzen dio Fagorrek, eta ekarpena egiten du bide horretan.
Hor da Arrasaten (Gipuzkoa) dagoen 6.000 metro karratuko Hirekin ekintzailetza eta berrikuntza industrial jasangarrirako zentroaren adibidea. Sustatzaile nagusia Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa den arren, 2 milioi euroko ekarpena du hitzartua Fagorrek Debagoieneko berrikuntza ekosistemari bultzada berri bat eman nahian -9 milioi euroko inbertsioa eskatu du-. Hirekinek, hamar proiektu ekintzaile bultzatu ditu lehenengo urtean.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
